www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

NORI BURUZ EGIN ZEN
«MAITIA NUN ZIRA» KANTU XAHARRA?

 

        ESKUARAZKO kantu gehienak norbaiti buruz eta zerbaiti buruz egonak izan dira; bainan nahiz kantuak iraun dezaken biziki luzaz jendeen aho-mihitan, ez du maiz horrenbertze irauten bertsua sor-arazi zuen gerthakariaren orhoitzapenak.

        Luzaz egonak gira gogoeta, nundik jina zen «Maitia, nun zira» kantu pollita.

        Airea, hasteko, arras arrotza iduritzen zitzaidan, usaiaz kanpoko izaritan emaiten baitu bertsua: 6, 7, 7, 12, 7, 7, 6 hizkirekin.

        Eta bertzalde Limoges-ko kantu xahar bat entzun dugu radiotik arras aire berarekin.

        Baginauden ea hitzak ere nunbaiko, bertsu arrotz batzuetarik itzuli zituztenetz eskuaralat, oraino berrikitan «La paloma» eskuaraz hein bat polliki antolaturik aditu dugun bezala.

 

* * *

 

        Bainan Jaurgain zenaren lan batzu ikertzen ginituelarik, han hatxeman dugu argi poxi bat, eta pentsatu behar ginuela «Herrian» aiphatu.

        Beraz Jean Jaurgain ixtoriozale ziberotar famatua Atharratze ondoko herri batean bazabilan J.B. d'Etchandy bere adixkidiarekin: 1884 edo 1885 urthea zitaken. Kausitzen dute laborari eder azkar bat, hiruetan hogoi eta hamar urthez goitikoa. Elheketa basten dira gizon xaharrekin, eta solasa lerratzen zaiote kartiereko kantoretarat. Orratzetik hari, galde egin zioten bazakienetz noiz eta noren gatik onturik izan zen «Maitia, nun zira».

        Ihardetsi zioten: «Jauna, gazte nintzalarik, entzün dit erraiten, orai ni bezañ zahar zen emazte bati, khantore hori lehenago eginik izan zela Undürüñeko prima batentako!»                Ustez-eta Espese ondoko Undürüñe herriko primua batez mintzo zitzaiola, Jaurgainek markatu zuen argitasun hori, bainan ez zuen pentsatzen aurki zezakela deus xehetasunik.

        Bainan Mauleko notari-paper xaharretan, handik hogoi bat urtheren buruan horra nun kausitzen duen uste gabetarik Hauze-Undürüñeko prima baten ixtorioa.

        Itxuren arabera, ixtorio hortan da aipu dugun kantuaren ithurburua.

        Hauzeko jauregian Pierre d'Undurein ezkondu zen 1700eko agorrilaren 25ean Sibaseko Marierekin. Bi aldetarik aitoren seme-alabak ziren. Ezkontza hortarik ez zuten ukan haur bat baizik: Jeanne. Haur hori Hauzeko elizan bataiatua izan zen 1701eko azaroaren 9an: goxaita izan zen Jean de Sibas kalonjea, amaren anaia, eta goxama Jeanne d'Undurein, aitaren ama.

        Ziberuko aitoren alaba gehientsuak bezala Jeanne gaztea Oloroneko komentu batean altxatua izan zen. Orduan Oloronen bi komentu baziren, bainan pentsatzeko da Ursulinetan ezarri zutela, haren izeba Françoise de Sibas, hango superiora izana baitzen.

        Hain etxe oneko neskatxa ezkontzeko adinetarat heltzearekin hartaz asko gizon gazte agradatu zitazken. Ororen artetik hautatu zuen Lahüntze Barrecheko Michel de Reyau, aitoren seme eta parlemanteko abokat plantakoa.

        Bainan hautu hori ez zitzaion gustatu Hauze-Undürüñeko Jaunari. Bere baimena errefusatu zuen, eta, kantoreak dionaz, alaba berriz komentuan ezarri.

        Huna Michel-en auhenak, bertsulariaren arabera.

 

                Maitia, nun zira?

                Nik ez zütüt ikhusten,

                Ez berririk jakiten:

                Nurat galdü zira?

                Ala kanbiatü da zure deseiña?

                Hitz-eman zenereitan,

                Ez behin hai berritan,

                Enia zinela.

 

        Jeannek arrapostu:

 

                Ohikua nüzü;

                Ez nüzü kanbiatü

                Bihotzian beinin hartü:

                Eta zü maitatü.

                Aita jeloskor batek dizü kausatü:

                Zure ikhustetik

                Gehiago mintzatzetik

                Hark nizü pribatu.

 

        Michelek berriz:

 

                Aita jeloskorra!

                Zük alaba igorri,

                Arauz ene ihesi,

                Komentü hartara!

                Agian ez ahal da sartüren serora,

                Fede bedera dügü:

                Alkarri eman tügü,

                Gaiza segürra da.

 

        Jeanne deliberatua da: huna haren azken hitza:

 

                Zamariz iganik,

                Jin zazkit ikustera,

                Ene kontsolatzera,

                Aitaren ixilik.

                Hogei eta lau urthe batizit betherik:

                Urthe baten bürian,

                Nik ez diket ordian

                Aitaren axolik.

 

* * *

 

        Mauleko notaripaperen arabera, kantoreak erran bezala iragan ziren guziak oro.

        Jeanne d'Undureinek bere 25 urtheak konplitu zituen 1726eko azaroaren 5ean, eta berehala Ozazerat Jaurgain deitu kusi batzuen ganat joan zen. Handik notariz igorri ziozkan aitari hiru errespetuzko gutun: batto abendoan, bertzeak 1727ko urtarrilaren 13an eta otsailaren 7an.

        Otsailaren 3an, Ozazen, Méharon-Gourdo notariaren aintzinean, ezkontzako ageria sinatu zuten Michel de Reyauk eta biek. Handik zonbeit egunen buruan egin zuten elizako itzulia.

        Kantuak Unduruñeko jaunari erran-arazten diozka hitz hauk:

 

                Alaba diener,

                Erranen dit orori:

                So egidaziet eni,

                Beha en'erraner:

                Gaztetto direlarik untsa diziplina:

                Handitu direnian,

                Berant date ordian:

                Nik badakit untsa.

 

        Paperen arabera, aitak barkatu zion alabari: funtserat-eta Jeanne gaizoa ohorezki ezkondua zen.

        Orduan egin kantoreak baditu 240 urthe!

 

aurrekoa hurrengoa