www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

«ARANTZAZU»

 

        Hamahirur urthe huntan, mendiz bertzaldeko eskualdunek nekez sortu dituzte eskuarazko liburuak bere sort-herrian berean.

        Orai iduri du aisexago entsea ditezkela, ondar ilabethe hautan.

        Behinik behin liburu eder bat behar dugu, laburzki bada laburzki, aiphatu, aurthen Oñateko moldiztegi batean sortu dena! «Arantzazu».

        Bi aita frantsiskanok egina da: Aita Salbatore Michelenak eta Aita Jabier Eulatek. Komentuak sustatu ditu, eta baitezpadako gustu edo xahupenak bere gain hartu.

        Eskual-Herriak eskerrak diozkate.

        Liburu gotorra da: 248 horri-alde (16 x 28), beraz itxura handikoa. Axala kolorezkoa du, ditaken begikoena.

        Barnean neurthitz edo bertso hunkigarriak, Aita Michelenaren bihotz gogoetarik bero-bero atheraiak, Arantzazuko Ama Birjinaren goresmenetan. Beila-toki xahar horren hastapenak eta ondoko goiti-beheitiak zoin polliki emaiten dauzkun begien aintzinerat, ez ditake aise erran. Eskuara errexa du eta goxoa. Ez du jakintsunarena egin beharrez, mintzairea bihurdikatzen, are gutiago arrozten: egun guzietako hitz eta hizkuntzak barrastan baderamazkigu, grinatu batere gabe, ea erdarak heen ahaiderik baduken. Badaki harek eskuaraz mintzatzen girela, ez baitezpada hauzoek ez bezala mintzatzeko, bainan gutartean bezala mintzatzeko. Badira eskualzaleak bethi arrotzari beha daudenak, harek egin urhatsak bazterrerat utzi nahiz, hobeki egin bailezakete behartuz nola diren Eskualdun egiazkoak artzen, heien urhatseri jarraikitzeko. Aita Michelena ez da atzeen beldurrean bizi, bainan bai Eskualdunen ezagutza minean. Ez du auzoan axolarik, etxekoen baizik. Gure iduriko, horra eskuarak hartu eta atxiki behar duen errege bidea, ez badugu ondarra galdu nahi.

        Liburua aphaindura ederrez edertua da. Aita Eulateri esker. Dugun hemen aithor guk mendiz hunaindian ez dugula naski behar litaken indarra egiten liburuen aphaindurari buruz. Hitza, solasa, eskuara, bai, askitto artatzen ditugu: itxuraz, begien atseginaz, ez gisa hanbat kexu! Diru eskasak hortaratzen gaituela ez dut ukatzen; bainan ez othe noizean behin ere gostu eskasak? Zer nahi den, ez zaiku itsusi eskual-liburu bat hain aberaski emana! Burua goiti-arazten dauku, holako zilharkiaren eskuetan erabiltzea.!

        35 pezeta, horra obra eder horren prezioa. Iduri du kario dela; eros-azu Frantzian hein bereko liburu bat: ikusiko duzu zer gostako zaitzun.

        Berriz ere egileari eta agertzaileri gure eskerrak eta zorionak.

 

aurrekoa hurrengoa