www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

MISTRALEN «MIREIO» ESKUARAZ

 

        Jaz, bazter guzietan Mistral handiaren ehungarren urtheburua goretsi dute. Utzi dituen irakurgaiek alabainan gizonaren gogo-bihotzak bethi goiti deramazkite, irakurlea izan dadin Frantses, Espainol, Angles, Aleman ala Italiano, izan dadin jakintsun handi ala batere ez.

        Ordean Provence-tarrek diozkate egin jai eta aiphamenik hunkigarrienak.

        Hartze zituen segurki.

        Hemeretzigarren mendea hastean, heien sor-herriko mintzairea xokoan zagon oraino, ttontto-aire, eskas-aire, atheratzeko herabe. Eta horra nun buru gaitzeko gizon suhar bat jalgitzen zaioten ororen artetik: mintzaire xahar maiteari, sorgin ongiegilea bezala, lotzen zaio: odol berritzen du, zalhointzen, joritzen, eta, nehork uste gutienean, boz miresgarri, legun, bero bat emaiten dio: Mireien boza.

        Orduan ziren orduan halrotu, bazterrak! Harrotu eta harritu: begi guziak Provence eskualdeari zauden, hango mintzaireak bazukeela engoitik ixtant bateko bizi eta bertze edozoinen bethe bazela.

        Ai, gure eskuarak ere baluke Mistral baten, sustatzaile eta dirdistaile baten beharra! Bainan Mistral horri eman othe lezoke, deus onik egiteko baitezpadako den gai hura?

        Askok ezetz diote. Egiaz bertzalde mintzo dira, gure ustez. Huna frogarik hoberena: Ormaetxea jaun onak eskuaralat itzuli berria du Mireio, eta berak diona: etzaio «beste munduko lana izan».

        Aithor dugu, guhaur ez ginitzaizkola gogotik lotuko sail horri, hitz beharrenak, bereziki Provence-ko ohidura xaharreri doazkotenak eskas izan beldurrez. Eta Orixeren irakurgaia hartzearekin, baginauden ea atheka hortarik atherako zen eta nola.

        Athera? Bai eta aise!

        Ez da nehun murtzi-harririk, ez hats-bahi, ez nekherik ere ezagun!

        Ur xirripa bezala darian abiaturik, deusek ere geldiarazten ez duelarik, bidez-bide bere hel-burura badoa, argi eta garbi, erasirik goxoenean.

        Mistral baten asmu, olde eta gogoetak, diren bezain gora, sakon eta biguin izana gatik, eskuarak hain ontsa jaunzten ahal dituenaz geroz ez othe litake ordu, guri ere sor dakigun lehenbai-lehen Mireio bezalako irakurgai berri, maite, aiphagarri bat?

        Segurki baietz; eta, nehork egitekotz, iduri zaiku Ormaetxea jaunak berak egin lezakegula amesten dugun «poema nagusia». Ja, Provence-ko arranoaren lagun, ibili da gora-gora zeruetan gaindi: hegalak jarriak ditu hedoi-gainetako haize ukaldi guzieri; ea ez othe zaikun bakharrik abiatuko egun batez izar dohatsueri buruz?

 

aurrekoa hurrengoa