www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

MAÑEX ETCHAMENDY

(1873-1960)

 

 

AINTZIN SOLASA

 

        Aita Antonio Zabala euskalzainak, jakinki-eta Ezterenzubiko Mañex Etchamendy zenari arras atxikiak ginela, eta haren bertsu andana bat baginituela bilduak, eskaini zaukun, duela zonbait ilabete, heien ager-araztea, «Auspoa» bere liburu-sail famatuan.

        Berehala on-hartu ginuela, ez duda; segur eskerrik kartsuenak diozkagu eskaintza hortaz.

        Gure lanaren bururatzeko laguntza beharretan bait-ginen, Luis Ehuletche Ezterenzubiko Jaun ertorari dei egin ginion. Ez ginezaken nehor hoberik kausi. Alabainan, herri-etxeko segretario izaki, Mañex Etchamendy biziki hurbildik ezagutua, haren bertsu-kaier bat eskuratua, familia ere ez urrun, ahaidekin hortaz mintzatzeko, argitzaile baliosenetarik izan zaiku eta zor handitan gira haren alderat.

        Ezterenzubi Etxarteko Etchamendy jaunak ere bere osaba zenaren asko berri baliosez argitu gaitu nasaiki.

        Bertzalde nola ez aipa Michel Mouesca gure adixkide gaztea, makinan ezin polikiago jo bait-dauzku bertsu guziak, inprimeria edo irarkolako prest izaiteko gisa.

        Orori, bada, gure eskerrik hoberenak.

        Eta orai bi hitz, bai Mañex Etchamendy zenaz, bai haren bertsu-lanaz.

        Garazin, Eiheralarreko ibar zolan bada herri pollit bat: Ezterenzubi. «Xaldainia» erraiten zioten laborari-etxe bat bazen Errobi ibaiaren iturburuetarat deraman bidearen bazterrean. Orai ez da gelditzen etxe horren hatzik ere.

        Han sortu zen Mañex Etchamendy.

        Huna herriko etxean sortzetako liburuan zer irakur ditaken 1873eko zazpigarren aipamenean:

 

        L'an mil huit cent soixante treize, le vingt du mois de Mai à dix heures du matin, par devant nous, Maire, officier de l'Etat civil de la Commune d'Esterençuby, canton de Saint-Jean-Pied-de-Port, département des Basses-Pyrénnées, est comparu Etchamendy Jean, âgé de trente ans, laboureur, domicilié à Esterençuby, lequel nous a présenté un enfant du sexe masculin, né aujourd'hui à deux heures dans la maison Chaldainia de lui déclarant et de Marie Etchebarne, âgée de trente un ans, menagère son epouse et auquel il a déclaré vouloir donner le prénom de Jean, les dites déclaration et présentation ont été faites en présence de Jean Larrondurugaray, cordonnier âgé de quarante ans, et Bernard Arainty instituteur âgé de vingt quatre ans, les deux domiciliés à Esterencuby et ont, les témoins, signé avec nous le présent acte de naissance, après qu'il leur en a été fait lecture, ce que n'a fait le déclarant pour ne savoir écrire.

        Le Maire Etcharren.

 

        Lerro horien arabera, Jean Etchamendy sortu zen 1873ko maiatzeko hogoietan, goizeko bi orenetan. Haren aita, Jean Etchamendy, hogoita-hamar urteko laboraria zen; ama, Marie Etchebarne, hogoi-ta-hameka urteko etxekanderea. Aitak ez zakien izkiriatzen.

        Eta huna parropiako bataio-ageria:

 

        L'an mil huit cent soixante treize et le vingtième du mois de Mai, en l'église paroissiale de'Esterenjuby, je, soussigné, curé, ai baptisé Jean, né hier, à Zaldainenia, de l'union légitime de Jean Etchemendy et de Marie Etchebarne, jeunes sieur et dame de Zaldainenia.

        Le parrain a été Jean Etchebarne, oncle maternel, représenté par Jean Etchemendy, vieux sieur de Zaldainenia et la marraine Jeanne Etchemendy, vieille dame de Balentinenia lesquels n'ont pas signé pour ne le savoir. F.L. Bourbotte.

 

        Hemen ohar ditake bai deitura bai etxearen izena aldatuak direla (Etchemendy eta Zaldainenia), eta sortzeko eguna ere bai: maiatzaren hogoiean bataiatua izan zela, bezperan sorturik, beraz 19an.

        Itxuren arabera, Bourbotte jaunak 21ean egin zukeen bataioa, bainan bezperan izkiriatu sortzetako liburuan.

        Dena dela, jakiten dugu aitatxitzat hartu zutela Jean Etchebarne amaren anaia, bainan Jean Etchamendy Xaldaineko nausi xaharra agertu zela haren ordain, amatxi zelarik Balentineneko etxekande re xaharra, Jeanne Etchamendy. Ez zakiten izkiriatzen, ez batek ez bertzeak.

        Bai herriko bai elizako paperetan «Jean» deitua gatik, etxekoek eta bertze herritarrek ere Mañex erranen zioten. Funtsean, aspaldiko usaia da gure familietan, izen frantses ofizialaren orde, eskuarazkoa ekartzea.

        Mañex sor-etxean handitu zen, aita-ama eta haurriden artean. Zortzi haurride ziren: hiru neska eta bortz mutiko. Orroitzapen hoberenak atxiki zituen egun hetaz. Bertsutan ziona bere ahaidez:

 

                Ez dugu kausitzen guk heiekin

                Bizi egunez hoberik,

                Ez eta heien parerik,

                nahiz ez ginduen mainarik,

                Zeren garen pobretarik.

 

        Hiruzpalau urte ibil-arazi zuten herriko eskolan lehen kominionea egin arte, eta gero etxen lotu zitzaion laborantzari.

        Xortean, osasun hazkarrekoa ez izanez, ez zuten on-hartu: soldadogoaz egin zituen koplak, lagunek galdeginik moldatu bide zituen aire-buruka.

        Geroari buruz sos puxka bat bildu beharrez hogoi-ta-bat urtetan Ameriketarat joan zen, Wyoming eskualderat.

        Hango oihanetan lanean eman zen anaia batekin. Bertze lagun bat ere bazuen Ezterenzubiarra, geroxeago haren koinata beharra. Bi anaiek ezin elgar adituz edo lana bortitzegi kausituz, Mañexek Nevadarat jo zuen, han artzain jartzeko. Bere bertsuetan emanen du bizitze garratz horren berri; oihan-beltz, desertu, hartz-lehoinen orroa, ohoin basa,... ukanen du zer aipa!

        1899an itzuli zen Ezterenzubirat, aita-amen etxerat. Emazte-gaia, ez dakigu ea Ameriketarat joan gabe begiztatua zuenetz: kopletan ez du hartaz ere hitzik erran.

        Zer nahi den, ezkondu zen 1900ko apirilaren 26an Marie Campo deitu herritar batekin; andre horrek hogoi urte zituen; haren aita-amak ziren Munoineko Jean Campo eta Gratianne Biscaichipy.

        Marie ezagutu dutenek diote burudun eta bihotzduna zela, orori ohartua, langilea, haurrekin larderia zuena, fede handikoa. Berrogoi-ta bortz urtez behar zuten Mañex lagundu biziko gora-beheretan. Zendu zen 1945eko maiatzaren 6an, familia eder bat hazi-ta ahal bezain zuzenki.

        Mañex eta Marik ukan zituzten hamar haur:

        1) Jean, 190leko martxoaren 7an sortua, 1913ko agorrilaren 20ean hila.

        2) Jean, 1902ko maiatzaren 29an sortua, oraino Ameriketan bizi dena.

        3) Bernard, 1904eko otsailaren 7an sortua, aitaren segida hartu zuena eta 1963ko abendoaren 23an itzali zena.

        4) Jean-Baptiste, 1910eko hazaroaren 3an sortua, Ahatsarat ezkondu-eta han bizi dena.

        5) Marie, 1912eko uztailaren 23an sortua. Pauen hila 1968ko buruilaren 19an.

        6) Pierre, 1914eko uztailaren San sortua, 1940eko ekainaren 2an Ardenetako guduan hila.

        7) Marie, 1916eko urriaren 10ean sortua. Ortesen serora dena.

        8) Gratianne, 1919eko maiatzaren 27an sortua, Ortesen serora zelarik 1946eko urtarrilaren 6an hila.

        9) Jean-Pierre, 1921eko ekainaren 26an sortua, Ezterenzubin 1924eko martxoaren 16an hila.

        10) Arnaud, 1924eko abendoaren 28an sortua, Ahatsarat ezkondu-eta han bizi dena.

        Beraz, orotarat, zazpi seme eta iru alaba. Hamar haurretarik oraino bortz bizi dira, 1971n.

        Oixtion erran bezala, Ameriketako itzulitik landa, Mañex Etchamendy Xaldainian jarri zen eta ezkondu. Bainan etxe zahar hartan ez zuten hanbat laketzen. Bertze nunbait egin gogo zuen egoitza.

        Hain xuxen, Gilentoinian bazen etxekandere bat haurrik gabea eta, ziotenaz, goiz edo berant bere etxaldea saltzekotan zena. Mañex etxalde hortaz nahikatu zen, mintzatu zuen jabea eta, ikusirik ez zuela diru aski eroste horren egiteko, deliberatu zuen Ameriketarat berriz ere itzultzea.

        Ez zen sakrifizio ttipia!

        Marie hiru haur ttipirekin utzirik, Nevadarat joan zen bigarren aldikotz, han lau urte iragan baitzituen (1905-1909).

        Hantxet artzain-lanen artetik poxi bat eskolatu beharrez, irakurtzen eta izkiriatzen zuen. Eskualduna bururen buru iragaiten zuen heldu zitzaiolarik, eta horrela ikusten zituen sor-lekuko berri larrienak. Frantses liburu zonbait ere bazituen, eta guti edo aski entseatu zen anglesaren marruskatzerat.

        Haren seme gehien Mañex Beloken eskola-lagun bait-ginuen 1912an, orroit gira angles kanta batzu emaiten zauzkula, aitaren ahotik ikasiak.

        1909an gure artzaina etxeratu zen sos zerbaitekin.

        Gilentoiniaz nahiko zuen berehala tratua egin. Bainan —nunbaitik ere!— jabeak anaia bat Ameriketan izanki, eta haren baimenik gabe deusik ezin antola. Hura herrirat itzuli arte luzaz behartu zitzaioten haiduru egon.

        Azkenean, 1920ean Mañex jabe sartu zen Gilentoinian.

        Hor sortu zitzaizkion bi seme gaztenak, bertze zortziak Xaldainian jin zitzaizkiolarik.

        Gizona nolakoa zen? Azken denboretan metra eta hirur-hogoita-hamabortz zentrimetra gorako norbait zen, bilo xuria, begiak urdin, begitarte luzaran, larrua argi, sudurra ez handi ez ttipi. Ez zuen indar gaitzekoa iduri. Itxuren arabera buru-lanetako gisago izanen zen eskulanetako baino, biziak hautua eman balio.

        Ez zen halere xoko batean muxitzekoa: zinez laborantza eta hazkuntza gogokoak zituen, eta funtsez heieri emana zen, molde berriak estimatzen zituela.

        Ihiztari ernea zen, ala urtzoka, ala erbika, ala berdin basurden ondotik.

        Igerikari opa, urpeka bazabilan arraina bezala, arrain-keta. Nahiz pilota-jokoa eder zitzaion, ez zen behin ere bera pilotaria izan.

        Libertimendu gisa musean laket zuen eta, diotenaz, ez zen maleziarik gabe.

        Salatu daukute «gizon pollita» zela: gogo erne argia, oro zentzu; artetan irriño batekin zirtolaria, gaixtakeriarik gabe; baketiar deliberatua, edozoin nahigabe ixil-ixila jasaiteko prest, ez nahiz bera zinkurinaz ari izan eta are gutiago nehor ere deusetan bortxatu. Hots, errotik gizona!

        Fededun suharra, bertzalde: pentsamendua, elea, bertsua aise lerratzen zitzaizkion erlisione-gaietarat. Urratsak ere bai: bere azken hogoi urtetan segurik, erran daukutenez, ez zuena egun guziez kominiatzen bere animaren hazteko?

        Liburu huntan irakurleak ikusten ahalko du nola Mañexek Ameriketarik apezgaien alde bai sosak bai koplak igorri zituen eta zoin usu luma hartu zuen Elizaren fagore. Mgr. Gieure apezpikuak ordainez esker onezko presentak hel-arazi ziozkan Nevadarat, eta Larresoroko eskolier ohiek makila eder bat (1907).

        Horiek hola, nor estona haren familiatik bi serora jalgirik eta 1913an galdu semea apezgaia bait-zen?

        Mañex Etchamendy, 1920etik aintzina, bere nahitara «giltzain» jarri zen elizan. Toki batzuetan «Klaber» edo «operario» erran lezakete. Mgr. Terrier jaun apezpikuak hortako medailatu zuen 1955eko maiatzaren 30ean, Ezterenzubiko konfirmazione-egunean. Diosesako zerbitzari on eta jarraiki bezala.

        Gizon seriosaren fama egina bait-zioten, ez zuen segur ebatsia.

        Bainan «serios» hitz horrek ez du erran nahi ez hotz, ez idor, ez ilun, ez triste. Berak ziona bertsu batean:

 

                Ez naiz irrien etsai ez eta xauxuna,

                Nahiz egin dautaten seriosaren fama.

 

        Familian eta konpainietan alegera zen: ixtorio kondan ez zuen parerik.

        Ez zabilan jendetzeari ihesi: Donibaneko merkatua ez zuen deusetan huts eginen; jarraikia zen bilkuretarat: zindikat, biltzar ala bertze. Beha zagon bertzen erraneri; bainan, bere aldian, ez zen herabe mintzatzeko, sekulan oihurik egin gabe, beti bere buruaren jabe, hala beharrez doi bat arraileria ezpainetan.

        Maiz haren ganat bazoatzin jendeak argiketa, abisu onekoa zelakotz; eta denen zerbitzuko.

        Ezterenzubiarrek 1929an herriko kontseiluan sar-arazi zuten, eta kontseiluak gero auzapez izendatu.

        Ez zitzaioten dolutu nehori. Herriaz arta hartu zuen deplauki. Bertzeak bertze, adinekoak orroit dira egin edo berritu zituen bidez. Egia erran, gider onak ere bazituen: Giliard, Laplace, Bouret, Luis Inchauspe; eta bazakien nola balia heien adixkidantzaz.

        1934etik hasi eta hamar urtez, lagunek hautaturik, Garaziko zindikatean bere herriaren gizon ere izan zen.

        1944ean, 71 urtetan, pentsatu zuen kargu hoik behar zituela gazteagoeri utzi: ez zen gehiago presentatu deusetarat.

        Auzapez zeno, gauza pollita ikus zitaken Ezterenzubin: elizan Mañex jaun mera giltzain gisa jaun erretoraren mutil, eta herriko etxean jaun erretora jaun meraren meneko, segretario izanez!

        Etchamendy gaixoak bere azken hamabortz urteak alargun eta erixka iragan zituen.

        «Xaharren min-biziak» 87 urtetan eraman zuen Jainkoa ganat 1960eko apirilaren 28an. Bezperan oraino ezagutza osoan zen, giristinoki oren handiaren beha zagolarik.

 

 

BERTSU-ONTZAILEA

 

        Mañex Etchamendy ez da behin ere tipus-tapas ahotik hortzera bertsuka ari izan, gure plazetako bertsulariak bezala. Alde batetik boza ttipia zuen, eta bertzetik ez zen hortako bere buruari fida. Hernandorena jaunak nahiko zuen bildu molde hortarat, bainan ihardetsi omen zion:

        «Ez segurki, Espainia eta Frantzia guzia saritzat emaiten bazinauzkit ere!»                Ez zen hitz hoitan erdeinurik: bertsulariak miresten zituen eta bereziki Xalbador estimu handitan zaukan bere funtsezko ateraldien gatik.

        Mañexek bertsuak astiki eta izkiribuz ontzen ohi zituen: maiz gauaz, loa jin artean, asma, eta biharamunean paperean ezar. Zonbait aldiz, bazkal-ondo batzuez eman dituenak aintzinetik guti edo aski apailatuak ziren.

        Nun, noiz, norekin hasi ote zen bertsu ontzen?

        Parte, odolean zuenetz gaude: Luzaideko Juan Etchamendy «Borddel» famatuarekin (1792-1879) ahaide urrunekoa zela, salatu daukute; egungo egunetan ere Etxamendy-tarretan ez da bertsuegile eskasik, ez Europan, ez Ameriketan. Guhaurek ezagutu ditugu Lamarque kalonje olerkari baionesa, Mañex Etchamendy Buztintzekoa. Ezagutzen dugu Eñaut kantari miresgarria bere dizko berriarekin...

        Itxuren arabera, gure Mañexek ez du erakuslerik ukan. Eskualdun kantu andana bat ikasirik, bera ohartu zitakeen nola moldatuak ziren eta bera hasi, denbora pasa, molde bereko bertsu egiten.

        Diotenaz, Ameriketan, anaiak zonbait aldiz erasiatzen zuen, baizik eta luma aizkora baino hobeki zerabilala!

        Zer nahi den, guk eskuratu haren bertsurik zaharrenak 1895eko urte-berriz eginak ziren, hogoi-ta-bat urtetan, eta azkenak 1954ean, lauetan hogoi eta bi urtetan.

        Bere bizian ontu kopla gehienak igorri izan zituen aldizkarietarat. Eskualduna xaharra, Euskal-Erria, Eskualdun Ona, bigarren Eskualduna, Gure Herria eta Herria izan ziren argitaratzaileak. Zonbait bertsu bakar agertu dira han edo hemen: ikus Eskualdun kantaria, Gure Almanaka, Errepikan, Milla euskal olerki eder.

        Lanak bere izenaz sinatzen zituen: Mañex Etchamendy, bainan ez beti. Haren izen-ordetan aurki ditazke: M.E., Mañex Artzaina, Bortuko Aitatxi.

        Nahiz errotik garaztarra zen eta bere eskualdeko eskuara ezin pollikiago zerabilkan, bertsuetan aise lerratzen zitzaion luma Lapurdiko mintzairerat eta hizkuntzak nahasten zituen. Berdin baliatzen zituen: maitea eta maitia; jin eta etorri; igorri eta bidali; anderer eta andereri; zeie eta zaiote; gare, gira, girade eta gaituzu; eta holako zonbat! Zonbait aldiz kantak manatzen zion bertsua; bertze batzuetan ez dugu arrazoinik ikusten: beharbada uste zuen kostatarra ospatsuagoa zela, baxenabartarra baino? Nork daki?

        Gaiak ardurenean funtsezkoak zituen, prekidu-aireño batekin. Dugun aitor haren denboran jendek suiet gogoetagarriak hainitz estimatzen zituztela, hala nola Manamenduak, Nahi balinbagira hil-eta salbatu, edo Larramendiren azken bertsuak. Kantu serios hoik berdin eztaietan kantatzen zituzten bazkal-artean. Mañexen koplaz ez izanik ere hain idor eta ilunak, hari serios hortakoak dira, bainan usu iduripenez, parabola edo ixtorioz apainduak.

        Huna haren bertsuetan goraipaturik aurkitzen ditugun ekai handiak: Jainkoa, Sor-lekua, familia, bakea, batasuna, adixkidantza, artzaingoa, laborantza, leialtasuna, nor bere hartan segitzea, biziaren errespetua, urrikalmena, herriaren zerbitzua, ohiduren begiratzea, bertzeak bertze.

        Hortakotz haren koplak etxe askotan oraino ere artoski atxikitzen dituzte eskuz kopiaturik edo aixturrez pikatu gazeta-xerrenda batzuetan.

        Ez da erraiteko baizik, haren obrak izan duela laudatzaile. Bertzeak bertze, huna nola haren ilobaso Mañex Etchamendy Bustintzekoak bertsutan goretsi zuen 1956eko urtarilaren 26an:

 

 

                MAÑEX ETCHAMENDYRI

 

                        Airea: Aire xahar pollit batean hamalau pertsu berri.

 

                        1

                Suiet berri baten hasterat

                Oraintxe naiz abian:

                Begiztatua ere nuen

                iragan aspaldian.

                Huna zer kasu pasatzen den

                ene izpiritian:

                Bortuko Aitatxi gogo dut

                laudatu en'aldian.

 

                        2

                Alde batetik maitatua,

                ta bertzetik osaba,

                Laudorioen emaiteko

                zur'illoba gose da:

                Hauk baino hobiak merezi

                zintuzke baitezpada,

                Kontseiluz xuxendu baituzu

                anixko eztabada.

 

                        3

                Ez baititake uko egin

                sortzezko gustuari,

                Laurogoi urte iraganak,

                ta oraino koblari:

                Mandatu hau egiten diot

                eskualdun jendeari,

                Denek igor dietzatzugun

                agur minenak zuri.

 

                        4

                Baigaituzu pertsu zuhurrez

                beti zuzen argitu,

                Zer zitaken ongi ta gaizki

                aski untsa garbitu,

                Ez dugu erranen ahalko

                ez dugula aditu,

                Gaizki guzia geroxago

                behar dela patitu...

 

                        5

                Iragaiten ahal bagine

                mundu huntan sainduki!

                Bainan beti trixteak

                gira zorigaitzez egoki!

                Aitatxi, diozun bezala,

                entsegatuz hobeki,

                Ateak gintuzke zeruan

                behar zabal ideki!

 

                        6

                Urte berri hastapen huntan

                hauxe zait gogoratzen,

                Ez laike pollit hau ahantziz

                bazintut zu kitatzen:

                Oseba maitea, urte on

                derautzut desiratzen

                Ta graziak ere ardiets,

                zer ba-duzun galdatzen.

 

                        7

                Laster akabatzen baitzeraut

                koblakako kolpea,

                Nahiz ixilik egoiteaz

                dudan joko hobea,

                Bi desira kartsu banuzke:

                zu ontsa izaitea,

                Eta zonbait pertsu oraino,

                zureak, ikustea.

 

                        8

                Pertsulari xaharragorik

                ez baita hemen gaindi,

                Eta hobeagorik ere

                Ez da biziki sendi...

                Desir nuke buruzagiek

                banezate konprendi,

                Zerbait gisaz gorets dezaten

                oi Mañex Etchamendy.

 

        Gainera, 1958an, maiatz-igande batez, Donibane-Garazin, adixkide bertsuzale batzuek bestaño bat muntatu zioten. Bere burua ez ontsa sendituz, ez zen etorri ahal izan bazkarirat. Halere otoan Donibanerat lagundu zuen norbaitek kafeko. Bi hitz xarmantekin Luis Dassance Eskualzaleen Biltzarreko jaun buruzagiak urrezko medaila bat ezarri zion papoan. Medailak alde batean

        Ama Birjinaren aurpegia bazaukan eta bertzean hitz hauk: «Mañech Etchamendy Bertsularien Aitasori. 1958». Inguruan ziren bertsulariek ateratu ziozkaten aldizka gorespenik hunkigarrienak, bereziki Xalbatorrek. Damurik nehork ez bait-zituen mainetofonez bildu.

        Liburu huntan, irakurle maitea, zuhaurek jujatzen ahalko duzu zer bertsu sarkorrak ontu zituen Ezterezubiko Mañex Etchamendyk.

        Segur Garazi ohoratu du eta eskualdun guziek zor diogu agur handi bat.

 

aurrekoa hurrengoa