www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

NOR ZEN CAMOUSSARRY

 

        «Herrian» argitaratu ditugu zonbait bertsu zahar, Camoussarry batenak, eta bertze zonbaitño ere baditugu ager-araztekoak. Irakurle batzuek nahi lukete jakin menturaz nor zen poeta hori. Dugun erran sortzez Ziburuko zela.

        Mundurat ethorri zen 1815eko otsailaren l7an, eguerditan, «Pocalet» karrikako 117an. Aita zuen 33 urteko marinel bat, Martin Camoussarry; eta ama Marie Mourguy, 28 urte zituena. Jean eman zioten izena.

        Bizkitartean eskuen artean ditugun bertsu-paperetan J.P. Camoussarry ekarria da.

        Noiz ohartu zen aphezteko deiari, nun egin zituen eskolak? Orai arte ez dugu bildu argitasunik.

        Dakiguna da, apheztu aintzin, urthe bat iragan zuela Larresoroko Semenarioan, erakasle gisa (1838-1839).

        Apheztu bezain laster bikario izendatu zuten Donibane Garazirat: 1839-1842 ekartzen du Daranatzek: «L'Eglise de Bayonne» liburuan.

        Bainan Camoussarry gaizoak ez zuen osagarririk. Biriak eri zituela dio Francisque Michel-ek.

        Zibururat itzuli zen bere ama alargunaren ondorat eta han hil, «Pocalet» Gantato baitan, 1842ko agorrilaren 21ean, goizeko bietan.

        Utzi zituen bertsu batzu haren lagunek hainitz estimatzen zituztenak.

        Camoussarry, egia erran, ez zen bertsularia, bainan, bai poeta edo zonbaitek dioten bezala «olerkaria». Erromantiko aroan handitua, ez da mirakulu haren gaietan ageri baita auhenetarako ixurki bat. Bertzalde bere burua eri-handi ikusiz aise zitzaion bihotza ilhuntzen eta kobla samintzen.

        Nork edo nork emaiten hala balauku argi gehiago Camoussarry zenaz eta haren bertsuez, gogotik ager-araz ginitzazke... bildu guziak ala kazetan ala bertze nunbait.

        P.S.— Joan den astean, kaier bati fidaturik, ezarri ginuen 1842ko urtarrilean hil zela aphez gaztea: meriako paperek frogatu daukute ez dela aise fidatu behar edozoin paperi. Esker mila Louis Dassance jaunari, lagundu baigitu huts horren xuxentzen.

 

 

                ANAIAK BEZALA

 

                Liburu Sainduak dio: «Anaiak anaiekin

                Zein goxo den bizitzea!»

                Bainan anaia bat zer den nola dezaket jakin?

                Hortan da ezinbertzea.

 

                Mundua hasi zeneko, Adam-Ebaren seme,

                Horra Kain eta Abel.

                Lehen odol ixuria ez othe dugu berme,

                Anaia zein daiken Krudel?

 

                Geroxago Jakobekin Esauren aldia,

                Dilista-merkatu txarrez!

                Gehienari primantza zein eder ebastea

                Aitari eman gezurrez!

 

                Gaixtoen umeak gaixto, zure haurrak, Jakobe,

                Etziren zu baino hobe.

                Desertuan saldu zuten, herraz hekiek ere,

                Beren anaia Josepe.

 

                Ondoko urthe khiretsak Dabiden jauregian,

                Absalonek hilik Ammon!

                Eta Adonias zure anaia nola zen gan

                Mundu huntarik, Salomon?

 

                Horra anaiak zein faltso izan ahal ditaizken:

                Odol bera ezta aski.

                Bihotzeko fede berak detzake, lehen azken,

                Zinez haurride atxiki.

 

                Jaungoikoaren baithan da finkatzen fede hura,

                Nonbait xutik egotekotz;

                Bihotza ez bada heltzen amodio hartara,

                Badagoke huts eta hotz.

 

                Zeruko Aitaren seme xintxo leial gaudeno,

                Oi etsi ez dezagula!

                Bizitzen ahalko gare alegre eta sano,

                Bethi anaiak bezala.

 

                Gutartean arrotzik ez, junta gaiten elgarri,

                Joloskeriak utzirik.

                Anaia lagun, anaiak gaztelua iduri:

                Ez du nehoren beldurrik.

 

aurrekoa hurrengoa