www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

«ATHEKA GAITZEKO OIHARZUNAK»

edo «GANICH DE MACAYE» egiazkoaren ixtorioa

 

        G.— Eskuarazko literaturan «roman» edo irakurgaiak badirela badakit, hala nola Domingo Aguirren Garoa eta Kresala, Barbieren Piarres, Aita Lhanden Yolanda, Elissambururen Piarres Adame, Azkueren Ardi galdua, Echaideren Joanak joan eta bertze asko. Nahi nuke jakin zoin den zaharrena?

        E.R.R.— Zaharrena: Atheka gaitzeko oiharzunak.

        G.— Hau izen bitxia! «Atheka gaitzeko oiharzunak»! Nungoa da «Atheka gaitz» hori?

        E.R.R.— Ez baitakizu nun den Atheka gaitza? Alo! Itsasun ba ahal dakizu badela «Le pas de Roland» arrokatarte famatu bat? Erraiten dute Roland gerlariak, hortik pasatzeko, zilatu zuela pausu hori. Eskuaraz pausu horrek «Atheka gaitza» du izana. Ez dakit Roland behinere iragan denetz Itsasun gaindi. Bainan xoko hortan kontrabandixtek izan zituzten beren balentriak karlisten gerla-denboran, eta hetaz da hain xuxen mintzo aipu dugun liburua.

        G.— Nork egin zuen liburu hori?

        E.R.R.— Bazen Baionan, duela ehun urte, notari kostatar bat, Doniandarra: Jean Baptiste Dasconaguerre. Egun batez, heldu zaio bulegorat Makeako gizon zahar bat, lehen aberats izana, eta orai zorrez ithoa: hartzedunen ixil-arazteko, bere lurren saltzerat doa eta kontseilu galdez jina da notariaren ganat. Izena du Ganix Antxordoki eta kondatzen diozka bere biziko gora-beherak: nola zuen gaztean fortuna zerbait egin, bainan ere nola zitzaizkon irabaziak urtu, jende askori diru presta-emanez, hainitzek ez baitzioten pilik ere turnatu. Alta, batzuentzat, muga hortan, etzuen bakarrik dirua irriskatu, bainan berdin libertatea eta bizia. Antxordoki ari da xehe-xehea bere ixtorio xaharren kondatzen, eta Dasconaguerrek hain ederrak, hain hunkigarriak atxemaiten ditu, non asmu bat heldu baitzaio gogorat: ixtorio hoitaz liburua bat eginen du, eta Ganixentzat izanen da, liburuak emanen duen irabazi guzia: gisa hortan, ez da beharbada bortxatua izanen bere ontasun guzien saltzerat...

        G.— Bihotz oneko gizona zitaken Dasconaguerre hori. Bainan nola egin zuen bere liburua? Eta ongi saldu zena?

        E.R.R.— Frantsesez izkiriatu zuen zarra-zarra hamalau kapitulu zauzkan lan bat. Bainan, lege-paperetan usatuagoa baitzen literatura hutsean baino, hiruzpalau adixkideri galde egin zioten laguntza: hemen labur, han emenda, lerro batzu azkart, bertze batzu legunt, ororen artean obra panpinatu zioten frango polliki.

        Titulua eman zioten «Les échos du Pas de Roland» eta irakurleen tirriatzeko, ezarri zituzten hitz hauk tituluaren ondotik: «traduit du basque», hots, liburua eskuaratik izen zela frantseserat itzulia.

        Eta huna liburuaren funtsa.

        Mila zortzi ehun ta hoita hamairuan gira. Espainiako karlisten lehen gerla da. Mugan bada mogimendu. Diru, arma, jende, zer ez da pasatzeko? Segur, kontrabandixtak ez dira lanik gabe, fidatzen ahal zaioten ber. Heien buruzagietan bada batto, orok laudatzen dutena: Makeako Ganix Antxordoki.

        Fama gaitza du eskualde guzian, abila delakotz, bainan denbora berean bere buruaren jabe, dena bihotz eta dena zuhurtzia. Guardekilako gataska baten ondotik, berrikitan Asisetarat (Auzitegi Nausirat) jaukitu dute, armak eskuan atxemanik. Bainan tribunalean Saint-Blancard guarden aintzindariak kondatzen du Atheka gaitzeko errekan zer gertatu den: «Jaunak, kontrabandixtak menditik jaustean, nahi izan ditugu arrestatu. «Halte» oihu guk egina gatik, hek ez ziren gelditzen. Nik Ganixi tiro egin diot eta itsuski kolpaturik erori da. Orduan, haren lagunek, errabiatuak, nahi izan nute garbitu. Beharrik kolpatua xutitu da, bere gerizan hartu nu, erranez: «hau ez hunki», eta harritzeko larderia batekin salbatu nu heien ukaldietarik. Uste dut denek orhoitu behar dugula gizontasun hortaz!» Eta jujek Ganix osoki xuritu zuten.

        Holako eskualdun leialari nor nahi fida zitakeen: haren etxea jauregi bilakatu zen, espainol aitoren semez eta kargudunez noiz nahi bethea. Zonbait aldiz galde egiten zioten ez othe zuenez diruketa zerbait mugaz bertze alderat pasatzen ahal. Ez zuen ezetzik, eta berdin biziaren irriskuan eginen zuen zerbitzua. Liburuko bigarren kapituluan kondatua da, nola, oraiko ez dakit zonbat miliun pasatu behar zituelarik, buhamiek Arruntzan jauzi egin zioten sosaz jabetzeko, eta nola garhaitu zituen.

        Ondoko kapituluak salatzen dauku Ganixek bere fede kartsuan landaturik zaukala bere zuzentasuna.

        Gero hasten da Beira-ko printzesaren ixtorioa Saltzbourg-etik ethorria da Belzunzeko jauregirat: horko jaun bizkondeak eman dio ostatu; bainan Espainian sartu behar du andere gaixoak, han don Karlos bere senharra aurkitu beharrez, urrundik eta arartekotz berriki ezkondu baitira. Bainan manua hedatua da, ez dezatela pasatzerat utz, eta berrogoi-ta-hamar mila libera hitzemanak dira printzesa arrestatuko duenarentzat. Orduan Ganixi hel egiten diote, eta Manuel adixkidea lagun, Makearrak bere gain hartzen du printzesaren iragan-araztea. Zaldiz, Heletan barna, kasu eginez, ethortzen dira Ganixen etxerat. Eliza-besta da herrian, eta usaiako libertimenduak egiten dituzte alegeraki, nahiz bazterrak soldadoz beteak diren. Bet-betan, herriko-mutilak abisu bat publikatzen du plazaren erdian, baizik-eta don Karlosen emaztea ingurumenetan kausitzen dela, eta sari ederra ukanen duela haren arrestatzaileak. Hoinbertze soldado eta guarda atzarriren artetik ihes egiteko, beharko da jeinu!

        Konduaren gaineko, altxatzen da ikaragarriko galerna bat: ximista, ihurtzuri, aize-zirimola, euri eta uholde, aro horrekin ez ditake asma ere ibai eta mendien gaindi eskapatzerik.

        Anartean soldadoek preparatzen dute Ganixen etxearen setioa. Bainan printzesa airatu da etxe hortarik eta, emazte bat hil baita han nunbait, haren ahukuaz baliatuko dira anderearen laguntzeko, doluzko kopa batek gorderik.

        Gero, Luhosotik harat, ur-handiaren iragaiteak emanen ditu lanak, den zubi bakarra ongi zaindua ditakelakotz.

        Bainan penak ez dira fini. Segur Makean soldadoek setiatu dute Ganixen etxea, eta miatu ere barne guziak gelaz-gela, deusik, ez nehor atxeman gabe: eta ez dira guti irringarri aintzindari gaizoak. Alde hortarik ihes-egilek ez dute zeren kexa.

        Bainan, Atheka gaitzetik mendian goiti, printzesak zer ez du sofritzeko: patarrak xut dira eta lerrakor. Mementoka ez du gehiago kalipurik. Ganixek eta Manuelek behar dute bizkarrean karreatu paketa bezala. Gaixo anderea erdi etsitua da, eta mugari hurbil-hurbila, horra berriz uste gabeko lanjerra: bi guarda haren bilha ibilki. Hatsa atxikiz, hiru ihes-egilek uzten dituzte arrasetik pasatzen, eta horra, azkenean, mugako errekañoa iragana. Printzesa mugaz bertzaldean da eta, handik frango laster, Amayureko tropa ederren erdian, alegrantziarik handienean aurkitzen ahalko du don Karlos bere senhar famatua.

        Finitzean, Dasconaguerrek othoizten ditu irakurleak, ez dezaten miserian utz Antxordoki zaharra.

        Horra bada laburzki liburuaren funtsa.

        G.— Ongi saldu zena «Les échos du Pas de Roland» delako liburua?

        E.R.R.— Ezin hobeki! Bixkotxa bezala. Izan zituen bortz edizione gutienetik. Dasconaguerrek goresmenak izan zituen ehunka. Hemezortzi apezpikuk onetsi zuten haren obra bertsuak igorri ziozkaten Oxaldek eta bertze askok... Haatik irakurle hainitzek izkiriatzen zioten: «Diozu, Jauna, eskuaratik itzulia dela liburu eder hori. Zertako ez daukuzu bada eskuarazko liburua ere agerarazten?»                Dasconaguerre gaizoak ez zuen aitortu nahi, ez zela eskuarazko libururik, eta hitzeman zuen lehen bai lehen atherako zela.

        Berak eskuara bazakien egun guzietako zurruburuen aipatzeko aski. Bainan ez zuen eskuaraz izkiriatzeko usaiarik are gutiago mintzaire hortan liburu baten egiteko jeinurik. Xerka ibili zen nork itzuliko zion frantsesa eskuaralat. Lehenik othoiztu zuen Larreguy Senpereko jaun erretor jakintsuna. Sortzez ziburutarra baitzen, haren eskuarak bazukeen Dasconaguerrenaren eite. Lotu zen lanari, bainan laster nekatu eta biderditan utzi. Orduan Larresoron mutiko gazte bat, Guibert deitzen zena, atxemanik, proposatu zion lan bera. Guibertek berritik hasi zuen itzulpena, eta frango urrun ereman. Zorigaitzez, haren mintzaira ez zen kostatarra adixkidek erran zioten notariari itzulpen hori ez zezan argitarat eman. Itsas-hegiko sankristau batek onhartu zuen entsegu berri baten egitea. Bainan ez zuen kausitu. Azkenean Vinson eskualzale famatuari hel egin zion eta hunek lagun hartu zuen Bardozeko erretor zen Martin Hiribarren apeza. Notaria eta bertze biak bederatzi egunez ari izanen ziren elgarrekin, eta xutik ezarri itzulpena.

        «Atheka gaitzeko oiharzunak» eman zioten titulua, eta gisa hortan Dasconaguerrek atxiki zuen bere hitza.

        G.— Zure iduriko liburu berri horrek zer balio du?

        E.R.R.— Aitortuko dautzut biziki laket zaitala eta, Hiribarreni esker, eskual usain berezi bat baduela, nahiz frantsesari jarraikitzen den frango urbildik.

        G.— Ongi saldu zena?

        E.R.R.— Lehenik jalgi zituzten bi mila eta ehun liburu. Geroxago, Ameriketako kazeta batek bigarren aldikotz ager-arazi zuen, bai eta hirugarren aldikotz mugaz haindiko aldizkari eskualdun batek.

        Ganix Antxordokiren fama hainbertzetaraino hedatu zen non «Makeako Ganix» edo erdaraz «Ganix de Macaye» eskualdun garbiaren eredutzat eta modelatzat hartua izan baitzen.

        Geroxago, trufaz, teatrolariek «Ganix de Macaye» irri-egingarri bat pentsatu zuten, frantses bitxi bat zerabilana.

        Bainan orok atxiki behar dugu gogoan, egiazkoak ez zuela zanpantzar-aire izpirik eta ezin ederkiago presentatu daukutela Atheka gaitzeko oiharzunetan.

 

aurrekoa hurrengoa