www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMODIOZKO KANTUAK
LAPURDIN BAXENABARREN ETA ZIBEROAN

 

        Aditzale adixkideak, agur!

        Bilintx handiaren goresterat deitu gaituzuelakotz, hemen gauden bi lapurtar hauiek benetan atsegin dugu, eta eskerrak diozkagu Donosti-Aurrezki-kutxari.

        Erran gabea: Miguel Pelay Orozco jaunaren hitz goxoek barna hunkitu gaituzte, baitakigu idazle bikain horren liburuek dakarkioten omen zabala.

        Bilintx, ororen iritziz, euskal maite-kantari famatuena izan da, aipatu baititu ez bertzeen bihozkadak, bainan ber-berenak, bere amodio gose-egarriak saminki oihukatuz, lotsarik gabe, halere urguri, bigun eta samurbera zegolarik.

        Nahi ukan digute eskatu gure ipar-bazterretako amodiozko kantuen berri eman diezazuegun, haren ohoretan, nahiz ez diren naski Bilintxen hein berekoak, batzu herabetsuagoak izanez, bertzeak bipertsuagoak. Gure aldetako bertsulariek ez zuten, Elizanburuk salbu, ez Aguilera-ren, ez Heine-ren, ez Becker-en ezagutza mikorik. Ez ziren alabainan hiritarrak, baserritarrak baizik: eskola guti zuten, eta Cafe Orientaleko lagun ikasiak ez ziren heien ostatu arruntetarat jausten.

        Laster ohartuko zarete bi gogo-moldeen arteko makurraz. Kantua musikarik gabe, motz eta hotz legoke, bereziki hitza eta doinua elgarrekilako asmatuak izan direlarik. Poetek batu ekeiak ez litazke behin ere berexi behar. Nihaurek, neure boz kakolarekin, ez bainezaken deus ere kanta, galde egin diot Roger Idiart jaun adixkideari laguntza poxi bat. Ugaria ardietsi digu. Hari eskerrak pentsatzen dut ene hitzaldia ez dela motelegi izanen; alderantziz ukanen dituela berenaz eskas lituzken bizia eta alaitasuna.

 

 

GOGOETA LARRI ZENBAIT GAINGIROKI

 

        Aspaldiko errana da, berenaz kantua bihotzetik jalgitzen dela eta bihotzetara hedatzen. Izan ere, kantu gehienak amodiozkoak dira, maitagunez gorets dezaten Jaungoikoa, aberria, itsasoa, lurra, etxea, ala jendeen arteko atxikimendua.

        Baina egun, hemen, jendeen artekoa baizik ez dugu aipatuko, gizon-emazten artekoa bakarrik, ezkontzarako bidetakoa; ezen, gure euskal kantu herrikoietan ezin aurki ditake Meleagro edo Sapphoren oiharzunik.

        Oixtion erran duguna: gaia mugatu digute Zibero, Baxenabarre eta Lapurdiko abestietan. Badugu nahikoa: alabainan, gure ipar-alde hortan, amodiozko kantuak gaindizka baditugu. Asko bildumetan aurki ditazke. Biltzale nasaienak izan dira Francisque Michel, Sallaberry Maulekoa, Charles Bordes, Azkue, Donostia, Barbier, Dufau, L. Dassance, Onaindia. Nihaur ere ari izan naiz bilatzen eta publikatzen. Bainan erran dezaket badela oraino multxo bat agertu gaberik.

        Abesti horiek molde hainitzetakoak dituen. Ezen heien musika biziki desberdina da:

        — doinu zenbaitek erdi-aroko usaina badakarkete; - bertze batzuek hamazazpigarren mendekoarena;

        — parasta batek salatzen digute lehen eta bigarren erromantismo giroetako jendeen bihotz eria;

        — eta azkenean nola ez aitor, han-hemenka zenbait aire arrotz berrien kutsua?

        Hainbertze melodi desberdinekin, ez bertsuen eta ez neurtitzen egiturak ez ditazke elkarren iduriak izan. Kondatu ditut 24 bertsu mota eta 16 neurtitz mota; baditake ez nitzaien deneri ohartu.

        Literatura-moduez gauza bera erranen dugu:

        — zenbait kantu ipuin itxuran emanak dira;

        — bertze asko bakar-hizketa moduan, alegia norbait bere buruaz bere buruari mintzo:

        — batzuetan maitalea bere maiteari mintzatzen zaio, hunen erantzunik gabe;

        — gehienetan elgar-hizketak dira gizon gaztearen eta neskatxaren artean, bakotxa bertzearen zinezko amodioaz segurtatu beharrez.

        Bixtan da maitaleen egoerak, sendimenduak eta erranak noiz nolakoak direla eta kantu batetik bertzetara arras alda ditazkela. Argitasun larri hoik eman ondoan, xeheki ikertuko dugu gure kantuen arabera zer den amodioa, nun pizten den, zerk hazten, nola mintzatzen, zerk trabatzen, zerk hausten, nola ezkontzarat heltzen.

 

 

1. ZER DA AMODIOA?

 

        Gure kantuetan ez du fama onik bana-bertze. Batek dio:

 

                Amodioa zoin den zoroa mundu guziak badaki.

 

        Bertze batek deitzen du «sukar malina»:

 

                Eri nuzu bihotzetik, erraiten dautzut bi hitzez:

                Sukar malinak hartua nago, zu ez izan beldurrez

                Otoi, otoi, zuk senda nazazu hil ez nadin xangrinez.

 

        Asko maitale auhenka ari dira, zozotuak bezala dabiltzala, amodioa dela kausa, loa eta lana galdurik beren maitea beti gogoan:

 

                Egun oroz, goizetan, arratsetan.

                Beti nago pena doloretan.

                Ezin dezaket jan, ez eta ere edan.

                Ez dakit zer dudan:

                Gaitz handi bat da ni baithan

                Amarratu nau bet-betan

                Ez naiteke ni bizi gisa hunetan.

 

        Eta huna bertze mutiko baten deiadar samina:

 

                Plañu niz bihotzetik:

                Gaitza zer düdan ez dakit,

                Trixtezia batek hartürik!

                Enüke axolarik,

                Balitz erremediorik

                Ene gaitza senda ahal lironik;

                Ezta mündian barberik, bat beizik

                Ene gaitza zertarik den ezagützen dianik:

                Eta hura berantetsirik

                Baniagozü, gaixoa, trixterik!

 

 

2. MAITALEK NUN EGITEN DITUZTE EZAGUTZAK?

 

        Mutiko batek aitortzen du elizan ohartu zaiola neskatxa bati: musika «Si j'étais roi» opera-puska batetik hartua zuen Elissamburuk:

 

                Igande bat zen ikustean

                Nik aingerua lehen aldikotz:

                Haren itxura bihotzean

                Geroztik hor dut eta betikotz!

                Meza zen ari aldarean,

                Belauniko zen otoitzean.

                Gero behatuz zeruari

                Agur ezti bat egin zuen

                Aingeru bere lagunari

                Ordutik maitatu nuen...

 

        Badira, ehorzketa batzuetan edo berdin hil-harrietan elgar aurkitu baitute:

 

                Bere aitaren hobi ondoan lore aldatzen ari zen;

                Errespetuki alde hartarat ixilka hurbildu nintzen;

                — Agur, Katixa, huna non noizbait bakarrik zaren aurkitzen:

                Aspaldi danik ene bihotzak zaitu kartsuki bilatzen.

 

        Maizago, lehen eleak merkatu, feiria, dantza edo ezkontza batzuetan gertatzen dira:

 

                Ortziraletan duzu Garruzen merkatu

                Ene maite pollita han nuen kausitu.

 

        Bertze kantu batek dio:

 

                Mariluxen ezteietan, biak mahain berean,

                Jan-artetik elgarri so plantatu ginenean,

                Sentimendu bat piztu zen kolpez gure artean.

 

        Hirugarren batean hauxe aurki ditake:

 

                Azken bestetan egin nituen izarraren ezagutzak.

 

        Askotan iturri inguruetan mutiko gaztek atxemaiten zituzten emazte gaiak. Orai ura etxerat heldu zaie. Huna neska batek kondatzen duen ixtorioaren hastapena

 

                Goizean goiz jeikirik argia gaberik

                Urera joan ninduzun pegarra harturik

                Jaun xapeldun gazte bat jin zautandotik

                Heia nahi nuenetz urera lagunik...

 

        Erran behar dugu bertze buruz-bururik gerta zitakela. Ohartuko zirezte gure amodiozko kantuetan gauak bere ilargi-izarrekin leku handia badaukala.

        Alabainan hainitz gizon gazte maiz gauak gauari amoros dabiltza, neska batzuen leihoetarat harrixka botatzen, heien iratzartzeko eta heiekin amultsuki mintzatzeko. Askotan heien aitamen ixilik, bertze batzuetan nehoren beldurrik gabe.

        Noiz behinka neska etxetik ateratzen da mutikoaren bidera, neskak edaria ekartzen duela, mutikoak kokil edo bixkotxa. Mutikoa nunbait zain dagolarik eta neskak opor egiten, erraiten ohi da mutikoaren gatik «lastoa jan» duela, hots, janari idorra. Behar da ohidura hori ezagutu, kobla hunen ulertzeko:

 

                Ene bihotz gaixoa etentzera doa:

                Ezin jasan dezaket bardako laidoa,

                Maiteak jan-arazi baitzautan lastoa.

                Bera dut deitoratzen, ez haren amoa!

 

 

3. ZERK DITU NESKA-MUTIKOAK ELGAR GANATZEN?

 

        A) Itxurak

 

        Huna mutiko baten ustea alaiki kantatua:

 

                Gizon gazteak ezkontzeko behar ditik lau gauza:

                Lehen-lehenik iduria, alegera bihotza,

                Dirua frango sakelan eta bizitzea ez lotsa.

                Horietatik hiru baditut, laugarrena dut falta.

                Bai iduria badut eta alegera bihotza:

                Dirurik ez dut, bainan ordainez bizitzeaz ez lotsa!

 

        Bitxi bada ere, euskal kantuetan ez dute neskek aipatzen mutikoaren itxurarik, hiru kantoretan xoilki haren «ile horia»!

        Gizon gaztek aldiz maiz aipu dute maitearen kanpoko kanorea: goresten haren begiak, begitartea, ezpainak, esku xuriak, boza, eztitasuna. Bertzerik ez.

        «Maria» deitu kantuan Elissanburuk xehetasun gehiago badakarzki. Nahiz ez duen Bilintxek bezalako emazte-pintura edo marraski luzerik.

 

                Aztal biribil eta zangar hertsia,

                Eskuaren beteko zango bihia,

                Ttiki-ttikia

                Golgo bat aberatsa, lerden gerria,

                Erne begia:

                Nolako panpina den, horra Maria!

 

                Mariak baratzean badu berea,

                udan eta neguan lorez betea

                Errek'artea

                Bere loren artean erdi-gordea,

                Gaixo maitea,

                Bera da pollitena, hango lorea!

 

        Euskaldun bertsolariek nahiago izan dute erran bakarrik anderez pollitak, ederrak, xarmagarriak, maitagarriak, xuri-gorriak direla, sinbolo zenbait eratxikiz: hegaztin, argizari eta lore.

        Hegaztinetan aipatuenak dira: usoa, urzapala, arroketa, eperra, ainara, errexinoleta;

        Loretan: lilia, arrosa, julufria;

        Zeruko argizarietan: izarra, iguzkia, ilargia.

        Sinbolo horiek Chahok, Peillenek eta berezikiago Haritschelharrek ikertu dituzte, xuxen berexi nahiz bakotxa zeri dagon.

        Haritschelharrek berak bere dotorgorako liburu nausian hamabi horrialde handi bete ditu gai hortaz. Ez nitzaio hemen tiletez tilet jarraikitzen ahal, hitzaldia luzegi bailoakegu.

        Haritschelharren zuhaitz aberats hortarik huna bizpahiru aldaxka bakar.

        Izarra zer da? Segur argi distirant lilluragarri bat da, gauilunbeen erdian; bainan han nunbait zeruzolan itzatua, urrun eta hotz. Izarizena badoako beraz neskatxa eder xoragarriari, maite duen gizon matearen aintzinean burgoi eta handius dagolarik, gibelkor eta etsigarri, hots, ezin hurbildua, bere baitan hetsia.

        Lorea, berriz, landare atsegina, lurrean erroak egina, kolorez begien xarmatzale, usainez bururat emaile, berenaz bil-errexa, nun hesi batek inguratzen ez duen, edo arrosa bezala elorriek gerizatzen. Lorea beraz ongi erraiten zaio maite pollit eztiari, ez duen ber mutikoarekilako heraberik erakusten, nahiz kasu zenbaitetan aitamek hurbildik zaintzen duten.

        Hegaztin edo xoria, aldiz, eskuaren beteko izaite bizi, bigun, beroa, kantari alai eta hegaldari xarmanta, hala beharrez belatxari edo ihiztariari ihes egiten dakiena. Itxura dezake ezin hobeki maite boz ezti, jite gurbil, bihotz beratza, maitalearen saretarat bil dadin ala ez.

        Hegaztinetan, oilandak itxuratzen du gaizki ibili den neskatxa:

 

                Oilanda gazte moko fier bat gure herrian badugu:

                Hegalpetik lumaño bat gaixoak galdu ez balu,

                Mundu hunetan ez zen izanen harentzat aski estimu.

 

        Uso apal edo uso-tortoila aldiz erraiten zaio neskatxari, gizon gazteak bere gisa uzten duenean bakar-bakarrik bihotz-minez etsiturik:

 

                Urtxapalaren malürra

                Galdüz geroztik laguna,

                Trixte da beti ere bere bihotzetik:

                Ezpeitü egündano maitatü bat beizik

                Maitatü bat beizik.

 

        Errexiñoletak edo urretxindorrak, alderantziz, adi-arazten du ongi bururatzen den amodio osoa, maitasun zorionez betea.

 

                Xori errexiñoletak ederki kantatzen.

                Bazter guziak ditu xoratzen

                Bard' arratsian

                Sasi batian

                Biga baziren:

                Eder ziren,

                Xarmant ziren

                Manera oroz

                Eta elgarren hainitz agrados.

                Bat arra zuzun eta bertzia emia.

                Ez mirakulu parekatzea!

                Han lehen ere

                Dudarik gabe

                Ikusi ez balu,

                Arra hura

                Ez zer joanen

                Sasi hartara,

                Emia ez balitz jin bid'erdira!

                Eta orduan berean, nuntsu zer emia

                Sasi handian barra sartuia?

                Hor apaindurik

                Ta lumaturik

                Bere papoa,

                Kukurusta

                Harroturik

                Jarri zenean,

                Umez orroitu zen, ber'ohantzean!

 

 

        B) Arrazoinak

 

        Gizon gazteak maitearen biltzeko zer arrazoin ateratzen dion.

        Batek etxea du gogoan, eta etxekandere baten beharra, barneko lanen kudeatzeko eta familiari alaitasun berri baten ekartzeko:

 

                Aitarik ez dut eta ama ere zahartu:

                Norbaiten beharra ere etxian badugu;

                Zuk hala plazer bazindu, nahi zinduzket zu;

                Ene desira zer den orai badakizu!

 

        Bertze batek bere ontasunez egiten du espantu, hetan truk neska erosi nahi balu bezala: aipatuko diozka Ameriketarik ekarri omen dituen urre, zilar, diamant saskitarak; bere lurretan dauzkan zazpi eiherak; nunbait eraiki dituelako jauregi ederrak, eta abar.

        Adibidez:

 

                Nik baditut mortuetan ardiak artzainarekin,

                Itxasoan hamar untzi beren mariñelekin,

                Kataluñan hamar mando zilar monedarekin.

 

        Askotan gizon gazteak deitoratzen du amodioak emaiten dion osasun gaixtoa, eta maitea otoizten du sendatzale bezala, urrikal dakion bere ezin-bertze hortan. Jadanik entzun ditugu auhen eta barber-galde horiek.

        Zenbaitek itzul-mitzulirik gabe aitortzen dituzte beren gorputz-grinak:

 

                Landan eder iratze:

                Behi ederrak aratxe:

                Zu bezalako politetarik desir nuke bi seme.

 

        Gutiz barka!

 

 

4. AMODIOARI GERTATZEN ZAIZKON TRABAK

 

        Maitasuna nolazpait sorturik ere, aurki dezake bere bidean eragozpen eta oztopo.

        Frangotan burasoek beren haurra nahi dute norbaiten ganik urrundu, odola edo arraza dela kausa. Hori entzuten dugu Agotaren kantuan:

 

                Atzo norbeit izan düzü ene ait'ametara,

                Gük elkar maite dügüla haien abertitzera.

                Urrunt-araztez elkar ganik fite ditin lehia.

 

        Osagarria ere zenbaitetan estakuru ederra dute, gustukoa ez dutenaren baztertzeko:

 

                Aitak dio semeari:

                «Utzak, utzak, neska hori:

                Zendako duk etxen hori beti delarik hain eri

                Utzak, utzak neska hori, gostarik ere zer nahi».

 

        Maizago fortunaz dute axola:

 

                Alaba, ago ixilik:

                Ez dun Jakesen beharrik:

                Sakelan ez din dirurik, ez irabazteko lanik.

                Nahi duna bizi barurik, pilda txarrez beztiturik?

 

        Aitamek, kantuen arabera, zer nahi pentsatzen dute beren alaba maite duenaren ganik berexteko.

        Konparazione, herritik hastantzen dute. Huna Arbonako neska baten bertsua:

 

                Ez dut nere baitarik nik Arbona utzi:

                Donibane huntarat aitak nau erautzi;

                gutarteko lehia ez du hotz-arazi.

                Nere griñak, maitea, zurekin dagotzi.

 

        Lehenago komentuetan ere neskak gakotzen omen zituzten, xede beretara: adibidez, huna amoros batek bere maitearen aitari hertsatzen dion kobla:

 

                Aita jeloskorra,

                Zuk alaba igorri

                arauz ene ihesi

                komentü hartara!

                Ar'eta ez ahal da sartüren serora:

                Fede bedera dügü,

                Alkarri eman tügü:

                Gaiza següra da!

 

        Halere ez dira burraso guziak beren haurren hain trabatzale agertzen.

        Entzun ditzagun bi ama alaba elkar-hizketan:

 

                Ama, begira-zazu leihotik plazara:

                Ni bezalakorikan plazan ha ote da?

                Lai, lai, lai, tra la ra la ra lai!

                Begiak erne ditut, bi zangoak arin

                Hainbertze dohainekin ez nauke mutxurdin!

                Mutikoen artean itzul-inguruka,

                Gizon-geitzat baduzket dotzenan hameka.

                Heldu den primaderan arropa xuritan

                Ederra izanen naiz mahain sainduetan.

                — Haurra, ahal badaite, hala izan bedi:

                Lehen gure aldi zen, orai zuen aldi.

 

        Gure euskal kantuetan, amorosek elgarren artean maiz badituzte gora-beherak: hotz-aldiak eta bero-aldiak aldizkatzen zaizte; sendimentu goxoenen artetik, gazteak aise agertzen dira idurikortsu; ez fida maitearen ele ederreri; ez sinetsi nahi, bainan halere kasu egiten haren kontra entzun erran-merraneri; hortik hasarreak eta gero berriz baketzeak: jos eta una, urra eta jos.

        Ez da harritzekorik: gure kantu xaharrak sortu tiren denboretan, gizon-gaiak eta emazte-gaiak luzaz egoiten tiren ezkontzaren haiduru.

        Kantu batek dio:

 

                Juramentu eginik duela bortz urte,

                Holakorik ez nuen zure ganik uste...

 

        Bertze batek:

 

                Zazpi urtez beti jarraiki zait ondotik,

                Erraiten zautala: ez dut bertze maiterik.

 

        Hirugarren batek:

 

                Nik hitza atxiki dut zazpi urtez geroz

                Erreztun huni beha egun ta gau oroz...

 

        Bortz-zazpi urte hanixko da. Anartean gauza frango pasa zitaken, eta elgar erasiatzeko parada hainitz. Huna aharra ttipi bat:

 

                — Prima eijerra,

                Zütan fidatürik,

                Hanix bagira

                Oro tronpatürik!

                Enia zirenez erradazü bai al'ez;

                Bestela

                banoa

                Desertiala nigarrez urtzera!

 

                —Desertiala

                jun nahi bazira,

                Arren zoaza,

                Oi, bena berhala!

                Etzitiala jin harzara ni gana,

                Bestela

                gogoa

                Dolütüren zaizü, amoros gaixua!

 

                — Nitan etsenplü

                nahi dianak hartü

                Ene malürrak

                parerik ezpaitü

                Xarmagarri bat nik beinian maitatü

                Fidatü,

                Trunpatü...

                Seküla jagoiti ikusi ezpanü!

 

                — Mintzo zirade

                arrazu gabetarik

                Eztüdala nik

                zur'amodiorik;

                Zür beno lehenik banian besterik

                Maiterik,

                Fidelik,

                Horrez eztereitzüt egiten ogenik.

 

        Entzun dugun kantu hortan, bertze askotan bezala, leialtasuna, fideltasuna da bereziki aipu.

        Fideltasuna ez dute frantsesek gure euskaldunek bezala ulertzen. Frantsesek emazte ezkonduari galdegiten diote fidel egoitea, eta heien arrangura handia da ezkondu ondoan adarrik ez ukaitea.

        Gure herritarrek aldiz eman hitzari, amodio hitzari fidel egoitea neskatxa bati galdatzen diote.

        Oharpen hori lehentze aipatu duena da Peillen jauna, mila arrazoinekin.

        Zonbait aldiz entzuten da neskatxa bere buruarekin ezbaian ari, bi gizonen artean batto hautatu beharrean:

 

                Ai, ei, ai, ei, ai, eta

                hau da dolorea!

                Bi maite üken-eta

                etxakin zuiñ hauta:

                Batek dizü txapela,

                bestiak boneta.

                Txapeldün hori düzü

                oi ene bihotza!

 

        Bertze batzuetan mutikoak lehia gehiegi erakusten du, bere maitearen ganik fagore kutun batzu ardietsi nahiz, eta aditzen du erantzun:

 

                Hire ahalkiak badik bere malezia.

                Uste düka nizala herenegün sortia?

                Gaixki enplegatü dük hik hire mihia

                Eta izpiritia:

                Ni nahi naianak

                Elizatik landa ükenen dik eskia.

 

        Bertze batek berdintsu dio:

 

                Diozun bezala maite banuzu,

                elizaz feda nezazu;

                elizaz feda nezazu eta gero zurea nukezu.

 

        Kantuetan mutikoaren ganik jalgi ditazke maitearen bortxatzeko mehatxu gogorrak ere, nahiz neskatxak badakien nola deplauki ihardok.

        Zer nahi den, eztabada amoros horietaz bertzerik gertatzen zitzaien noiz behinka bibita edo buruz-buruen karietarat, kantore zahar batek salatuko digun bezala:

 

                — Mendiak bete belarrez, begitarteak nigarrez:

                Lan eginaz urriki dut, bainan probetxurikan ez!

                Orai hemen nagozu sabeletik minez.

 

                — Ene maitia, zer duzu? Zerk holakatzen zaitu zu?

                Ez da denbora luzia zirela penetan sartu:

                Plazeraren ondotik, desplazera duzu.

 

                — Ogiak dira burutu, artoak ere jorratu.

                Primaderan egin lana udazkenerat agertu:

                Ene maiteñoari... gerria loditu.

 

        Oraino gizon gazteak bere aitasuna aitortzen duelarik, paso... Bainan ez bide da beti hala gertatzen Arrosa buketaren kantuak salatzen digunaz:

 

                Arrosa buketa bat uztailean sorturik,

                Igorri izan nion jaun hari goraintzi.

                Landarea nuela haren baratzetik;

                Otoi begira zezen nitaz orroiturik.

 

                Uste izan bainuen atsegin zukela

                Bere landaretikan ukanik buketa,

                Gibelat itzuli du, nahi ez zurea,

                Landarerik emanik orroitzen ez dela.

 

                Lili ederra, ongi etorri zarela!

                Nik ez zaitut utziko jaun harek bezala,

                Freskorik bai haziko nere bularrean

                Deitzen zaitudalarik haren izenean.

 

 

5. AUSARKERIAK

 

        Ohartu zirezte zoin polliki adi-arazten diren gauza horiek oro, urrundik bezala, hitz-erdika. Maitalen arteko linburkeriak ez dira ardurenean xeheki aipatzen, salbu-eta laidozko edo trufazko kanta batzuetan, tobera-munstra eta holako nausa-bideen karietara. Etxahun Barkoxeren obretan kausi ditazke zenbaitzu: orduan ere sinbolo batzuez erdi-estaliak daude ahalgekizunak, arrain, aingira, hegazterren-isatsa, hegalpeko luma aipatzen direlarik. Gehienetan zirtoen jeinu jostagarriak haizatzen bezala ditu esondatu zarpailkeriak, hego xuriak hedoi beltza ohiltzen duen bezala.

        Nork ez du ezagutzen Etxahun zaharraren lumatik ateraia den Maria Solt eta Kasteroren ipuina?

 

                Maria Solt eta Kastero,

                Bi amoros zahar bero,

                Hirur-hogoi-hamarna urtetan hartu die amorio

                Kastero jelostu gero, Maria Solt ezari kanpo.

 

                Maria Solt dua nigarrez

                Izorra dela beldurrez

                Barnets-Bordako anderiak kontsolatü dü elez:

                Emazte zaharrik üküpü agitzen eztela ez.

 

                Maria Soltek arrapostü:

                — Santa Elisabet badüzü:

                Saintü zahar bateganik üküpü agitti düzü;

                Kastero ere bada saintü, hala nizan beldür nüzü.

 

                — Kastero ez düzü saintü,

                Sobera burhauti düzü:

                Elizalat juan eta taharnan egoiten düzü.

                Kastero dena gatik saintü, Maria Solt, antzü zira zü.

 

        Horrek ez du erran nahi ez dela euskaraz aurkitzen ahal, kantu gizen gordinagorik. Egun egunean ahantzixeak dira. Lehen, bakar batzu baziren Frantziako kazernetan usatu kantore zikinetarik guti edo aski aldatuak. Ez dut uste behin ere publikatuak izan diren. Funtsean, ez zuten merezi ere, ene gustuko.

        Ezagutuena zen Baxenabarreko xoko batzuetan hitz hauiekin hasten zena: «Zer ari zira, amaso, hola beti guri so?». Kondatzen zuen nola atso baten baratzean eta haren leiho-pean bi neska-mutiko parekatzen ziren: bertsuetan ez zen poesia izpirik. Ez dut haren kopiarik atxiki. Halere, ez baita hemen umerik, etxenplu gisa, Ogiegile andere baten kontrako bertsu batzu irakurriko dauzkitzuet, barkamendu galdeginez heien ozarkeria gatik.

 

                Bolanjera edo andere okina

 

                Guti gostarik bildurik, sosak baditu okinak:

                Baditu, aitortu daizkit, ez du lotsarik kokinak.

 

                — Diru hoik nundik ditutzu, anderetan xarmantena?

                — Meraren moltsa joritik, usu heldu baita hunat.

 

                Soldado ergelak ere jin dira labe huntara

                Bainan gerlariak baino nahiago dut jaun mera.

 

                Jaunxkilek ele pollitez nahi ninduten xoratu;

                Ele pollitek ez dautet bihotza nehoiz hunkitu.

 

                Fraile bat ere jin zautan lili buketa eskuan,

                Bainan lorez asetzeko ez nintzan sortu munduan.

 

                — Ni, anderea, ez nuzu ez jaun mera, ez soldado,

                Ez jauntto, ez eta fraile, bainan xoilki okin bero.

 

                — Erran duzu «okin bero»: zer diozu hitz horrekin?

                — Anderea, jitez nuzu jende amorosen okin...

 

                — Ez dut nehoiz egun arte hitz bitxi hori entzuna:

                Nola ofizio hortan daramazu zuen lana?

 

                — Lagun har banindezazu, artoski orra nezake

                Zure labore maitea, segur kontent baitzintazke.

 

                Gauaz ere hor nindaike beti zure zerbitzuko,

                Labe haga esku-pean behar orduz labatzeko.

 

                — Zuk bederen badakizu ozarki adi-arazten

                Ene bertute flakotik zer duzun igurikatzen.

 

                Halere nahiago dut ene betiko jaun mera,

                Ixil-ixila baitaki nola ni diruz ohora.

 

                Horra nola bolanjertsa asetzen zaikun ohorez

                Okastaturik nitzaio kolpez itzuli bizkarrez!

 

        Ihizi onak biak ere!

 

 

6. DESPEGIDAK

 

        Horiek hola, kantu hainitzetan ikusten dira maiteak, elgar ezin adituz, elgarretarik berexten, nigarra begian edo hasarrez. Huna nola Milafrangako neska batek despegitzen duen bere ohiko gizon gaia:

 

                Arrosak eder botia, ederrago du lorea:

                Lehen bertzetan ibili-eta, orai niri gortea?

                Zoazkit begien bixtatik, parabolez betia!

 

        Holakoetan, neska balinbada baztertua, herraz eta gorrotoz urruntzen da, mendekatzeko xedearekin, mutikoari lore pozoindatuak igorri behar badiozka ere. Gizona bidalia izan bada, zenbait aldiz lehen egunetan mindurik dago, hiltzerat ari dela iduri.

        Bainan gizon gehienek ez dute burua galtzen, ez eta maite izanaren alderako malezia handirik atxikitzen.

        Arrunztarrak kantatzen zuen:

 

                Amodioa zoin den zoroa mundu guziak badaki;

                Nik maiteño bat izaki-eta, bertze batek eramaki

                Jainko maiteak gerta dezala enekin baino hobeki!

 

        Hori da hori, karitatea!

 

 

7. EZKONTZA

 

        Beharrik, ez dira amodio guziak hausten, ez itzaltzen. Gehienak ezkontzarat heltzen dira, lege den bezala.

        Bainan gazteak ezkonduz geroztik, gure euskal kantuak ez dute gehiago heien amodioa guti baizik aipatzen.

        Izaitekotz, eztaietan errespetu handirekin kantari on batek jaun-andere esposak goresten ditu, Ohitz, Ligueix edo Etxahun Irurikoaren bertsu famatu batzuez.

        Huna Ziberon maizenik emaiten diren kobletarik zenbait:

 

                Oihan beltxian zuiñen eder den osto berdia jeikiten:

                Han entzün dütüt egün goizian txoriak kantüz erraiten,

                Bi bihotz gazte amodiuak egün dütila jüntatzen:

                Boztariotan sartü niz eta orai hasten niz kantatzen.

 

                Espus-espuser, ororen partez, uhure eta goraintzi:

                Egün düzien amodiua bizi zideno ez ützi!

                Nahigabetan parte har eta plazerak ez berantetsi:

                Irus izate ederrenian nahi dügü ziten bizi.

 

                Espus jaunari ele bat bera, bürian dezan edüki:

                Laguntto horri amodiuaz beti bihotza eraiki;

                Zaharraguer uhure eta haien abiser jarraiki,

                Familiako bake hun baten gozatzeko alkarreki.

 

                Espusa gazte baten erhian zuiñ eijer den erraztüna!

                Harek beitio mutil gaztier: «Etzitaiela ingana:

                «Senar hun baten edireiteko egün üken düt fortüna,

                «Hari emanik bihotza oso, bai eta gaztetarzüna».

 

        Euskal-herrian, orotan bezala, badira ezkontza hautak, bertze batzu onak edo bederen jasangarriak. Bertsulariek bakean uzten ohi dituzte.

        Hargatik, familietan zerbait eskandala gertatzen zelarik, lehenago koblak ateratzen zituzten.

        Adibidez, itsusi zaukaten gure arbasoek, etxeko nausia, etxeko andereak gaizki erabiltzea.

        Berrondon holako zerbait pasatu zateken duela ehun bat urte, ezen bertsu hau gelditu da orduz geroztik:

 

                Berrondoko anderia emazteki zilarra:

                Kraxturutik baderama beldur gabe senarra.

                Jats-ukaldika berotzen dio, hotz ez dadin bizkarra!

                Etxe hortan gurtzen zaio oiloari oilarra.

 

        Ez nuke deusetan hitzaldi hau bukatu nahi familia dohakabe baten orroitzapenarekin. Hobe dugu Garaziko senar dohatsu baten bozkarioa elgarrekin entzutea, opatuz Euskal-herriko bihotz guzietan, maitasunari esker, bizi dadin bakezko alegrantzia oso bat:

 

                Ene andrea, andre ttipia

                Bainan emazte garbia:

                Xoriak sasian

                Eme kantatzian

                Bozkariotan da

                Ai ene andre ttipi-ttipia

                Gu guzien iguzkia!

 

        Jaun andere aditzaleak, erranak erran, eta gaizki erranak barkatu. Gau on!

 

aurrekoa hurrengoa