www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERRI ON BAT ESKUAL-LITERATURA
MAITE DUTENENTZAT

OIHENART HANDIAREN
LETRA BALIOS BAT

 

        Allande Oihenart (1592-1667) abokat jakintsun Mauletarra fama handiko gizona da bere dretxo eta ixtorio lanen gatik, bainan halaber hitz-zahar biltzale eta eskuarazko bertsu edo neurthitz ontzale gisa.

        Haren koblatzeko moldea ez zela bertze koblariena, aise ohart ditake edozoin irakurtzale, Ot-en gaztaroa deitu liburuari lotu orduko. Bainan ez ditake errexki xila zoin diren jarraikitzen zaioten lege bereziak.

        1665ean aphez lapurtar batek izkiriatu zion jakin beharrez nola eginak ziren haren neurthitzak. Eta maiatzean egin zion ihardespena, 28 plama handi bethez.

        Letra horren lehen idaz-aldea Donaphaleun zagon Oihenarten ondoreen eskuetan, eta Michel Barbaste jaun medikuari iduritu zaio ez zela letra hori ehortzirik utzi behar. Atsegin dugu, eskualzain batzuek ager-araziko baitute.

        Oraitik erran dezakegu Oihenartek baztertu zituela koblakari frantsesen legeak, eta ibili zela italiano, espainol eta latinen ondotik: metaka emaiten ditu heien liburuetan kausitu kobla-mota guzien etsenplu desberdinenak.

        Gero aipatzen ditu eskualdun poetak, eta hemen ere bada nun zer ikas.

        Segur Mossen Bernard d'Etchepare Eiharalarrekoa irakurria du. Bainan salatzen dauku bi ager-aldi ukan zituela Etcheparen liburuak: behin jalgi zela Bordelen, Francois Morpain baithan, Lehet abokat «saratarrari» eskaintza batekin, hori denek ginakiena, bainan geroxago Rouen-en atera zutela Adrian Morront-en lantegian, huts hainitzekin: holakorik ez ginuen haatik nehun irakurtu, orainokoan.

        Gero Oihenartek goresten du Aita Haramburu «cordelier»etakoa.

        Ondoan salatzen du Donibane Garazin bazela hamaseigarren mende erditsutan (1565) Jean d'Etchegaray deitu koblari bat: «Artzain gorria» izendatu pastorala bat izkiriatu zuen, hiruzpalau aldiz hiri hortan eman zutena, eta bertzalde liburu baten bethe bertsu.

        Berdin jakiten dugu bertsu ontzale arthosa zela Arnaud de Logras Utziateko «prior» eta Amikuze-Oztibarreko Bikario Jenerala.

        Etcheberri Ziburukoaren bertsuak ez zituen biziki maite; bainan emaiten dauku haren lanen berri. Eskutan erabili ginituen aphez horren Manuala, Noelak, Elizara erabiltzekoa; bainan Oihenartek aipatzen dauku behin ere bazela entzun ez ginuena. Egunoroscoa. Eta goresten ditu haren eskutikako guthun, hiztegi eta «conjugaison» eskuararen erakaspide bat.

        Hortik beretik ageri da zoin den premiatsua eskualzaleendako letra zahar horren agertzea.

        Eskerrak bihotz-bihotzetik Barbaste jaun medikuari.

 

aurrekoa hurrengoa