www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

JEAN ETCHEPARE JAUN MIRIKUA

(1877-1935)

 

        Buruchka hauien egile miresgarria hainitzek ezagutu eta maitatu dute. Bainan urtheak badoatzi, eta badut beldurra, galdu berria dugun gerla hunek ezin handiagoko zilho bat idekiko duen lehengo eskualtzaleen eta sortu-beharren artean. Bakea jitearekin, eskuarari lotuko direnek gogotik hartuko duten liburu balios eta zoragarri hau, eta jakin nahiko dukete nor zen Jean Etchepare mirikua.

        Heientzat laburzki erran dezagun bada dakigun poxitik zerbait.

        Huna hasteko haren sortze eta bathaioaren berri:

 

        Don Joaquin Balaña desservant de la Succursale de Ajo Tugu et Monsalvo, province et évêché de Buenos-Ayres, certifie que le quatorze Mars de l'année du Seigneur mil huit cent soixante-dix- huit, le soussigné desservant a solennellement baptisé et a oint de l'huile et du Saint Chréme un enfant du sexe masculin auquel on a donné le prénom de Jean; il est né le trente un Octobre de l'année mil huit cent soixante-dix-sept, a onze heures du matin, enfant légitime de Jean Etchepare né en France, âgée de vingt-trois ans, domiciliés à Marchiquita. Parrain: D. Juan Dambouriana, né en Espagne, âgé de vingt-un ans, demeurant à Marchiquita; Marraine Doña Jeanne Etchepare née en France, âgée de vingt-sept ans, demeurant à Marchiquita. Je leur ai donné connaissance de leur parenté spirituelle avec leur filleul, ainsi qu'avec son père et sa mère et de leur obligation de l'élever dans les principes de la doctrine chrétienne...

 

        Horra zer irakur ditakeen, espainoletik frantseserat legez itzulirik, Lekorneko herri-etxean.

        Aitaren etxe-ondoa Dona-Isti-Etchegaray zen; egoitza xaharren izena behar zuen Oztibarretik urrun ereman eta barreatu. Sor-lekuari ez zion behin ere Joanesek uko egin: hango eskuara zuen bethi mintzatzen: «mihia etzakon bestetara lerratzen». Bertzalde, ezin ahantz Michel Garicoits Ibarreko saindua haurrean ikhusirik; ez bazion ere meza lagundu aldi bat edo bertze, bere herritar famatuari.

        Zer nahi den, Etchepareko semea Ameriketara joan zen zonbait auzo-ahaidekin, eta Argentinan lanak ontsatu zuen: han berean ezkondu zen andere eskualdun gazte batekin: lehenbiziko haurra, hemen aiphamen dugun Jean delakoa izan zuten: bertze sei jin behar zaizkoten geroxago: Pierre, Gracianne, Marie, Joséphine, Emile eta Julie; bi azken hauk anei-arreba biritxiak.

        1883an, Marchiquita utzirik, itsasoa iragan zuten; eta Lekorne-Erlandenean kokatu ziren. Orduan sei urthe zituen muttiko gehienak. Bainan Ameriketako lur-zeru bereziak begietarik ezin barnago sartu zitzaizkon jadanik eta hango airea berea beretua zaukan. Erraiten ere zuen: «Ez da deus garbiagorik ene buruan. Askotan banago ere kokatzen duenetz bertzerik. Gogoa bethea daukat orduko zerez. O haurreko egun berriz jinen etzaretenak, zuetarik dut bihotzean nere bizi aphurrak eman daukedan gogorik hoberena!».

        Halere laster laketu zen bere herri berrian: haurra ernea zen, deneri ohartua, oro jakin-nahia. Lehenbiziko errienta Pierre Detchessarry izan zuen, bainan J.-L. Dibar-ek utzi ziozkan irakaspenik eta orhoitzapenik sarkhorrenak Lekorneko eskolan: «Les leçons que vous m'avez données étant enfant sont les plus présentes à ma mémoire...» zion aithortzen ixtudiant gazteak hogoi-ta lau urthetan.

        Errientarekin batean jaun bikarioa ere ari zen egin-ahala, gizonttoa zerbaiterat hel-arazi nahiz: damurik bedera alde ari baitziren fedezko gauzetan, eta haurra, bereak golkoan, ixil ixila ohartzen. Halere hastapen hartan biziki atxikia zitzaion Etchegaray aphezari; eta hunek ere atxikitzen zion, frango atzarria, langilea eta prestua baitzaukan: lehenbiziko komunionea bederatzi urthetan egin-arazi zion, orhoitzapen gisa emaiten ziolarik «saindua» bat hitz hauiekin: «Précieux souvenir pour celui qui reste toujours fidèle à la loi divine». 1887ko maiatzaren 15ean egin zuen Jeanek urhats handi hori eta geroztik «orhoitzapen baliosa» bethi begiratu zuen arthoski, bere biziko ordu goxoenak gogoratzen ziozkala.

        Handik aintzina bi urthe ereman zituen jaun bikarioarekin latin ikhasten. Bainan begi-beharriak ez zituen bethi latinean. Geroxago kondatu behar zituen urthe hetako orhoitzapen maitagarrienak: kabalak zonbatetaraino agradatzen zitzaizkon; nola miretsia zagoen Arrokiko Kattin; «pobren ama» deitzen zuten etxetiarsa onari; zoin polliki kantatzen zuen aitak supazter-xokoan; zer afal-ondo alegera bezain goxoak zeramatzaten elgarrekin josteta anei-arrebek. Liburu huntan aurkituko ditutzue xehetasun horiek oro. Ez dauku ere gorde ttipian Aguerreko nausiaren ikhusteak itze-egile jartzeko gogoa eman ziola, eta hala-hala Etchegaray aphezaren ikhusteak apheztekoa. Maiz gerthatzen dena ez zuen ofizio bata ez bertzea hartu, bainan hirugarren bat: mirikuntza.

        Larresohoko Semenarioan 1889ko urrian sartu zen eta laugarrenetik hasi, jaun bikarioari esker. Lehen urthean bi sari ukan zituen: lanekoa eta anglesekoa; bigarren urthean, lanekoa eta hiru aiphamen; hirugarren urthean, bi sari et lau aiphamen; laugarren urthean, bortz sari eta sei aiphamen.. xehetasun horiek erakusterat emaiten dute zer langile zaila zitaken eta aztaparkaria; bethi ari eta bethi goiti, arno ona bezala bethi ontuz... Jakitate guzietarat aise jarri zen, bainan oroz gainetik mintzaire arrotzetarat, izan zadien latina ala anglesa. Hori bethikoa izanen du, eta bere bi onaar urthetan ez ditake erran zoin ontsa ikhasi zuen alemana, lehenxago, hogoita-hamar urthetan espainola hartu zuen bezala.

        Haren eskola-emailek eta lagunek gauza bera diote, hiru amodio baizik ez zituela Larresohon: lana, pilota eta othoitza. Hirueri osoki emana zen eta jarraikia, eta ez «norat haize, harat aise» ibiltzale hetarik. Bere buruaren jabe egon nahi zen eta bere aburuen nausi. Halako jite batek badu alde onik, gizona ez baitu «bethi bertzen meneko» ezartzen. Baduke txarrik ez, bertzen laguntza ez baitio aski preza-razten.

        Zer nahi den, biziki ontsa ikhusia zen eta nehor ez zen harritu 1893an «bakalorea»ko lehen haitada gainez-gain iragan zuelarik, gazte-gaztea, hamasei urthetarat gabe, hiru hilabetheren barkamenduarekin. Berak ere gora zauzkan Larresohoko irakasleak, bereziki Lilie, Abbadie, Adema, Hiriart-Urruty, Carricart eta Larralde. Geroxago denak betan goretsiko ditu, «eskualde guziko jaunik argituenak» zirela «jainkotiar kartsuak, bainan deus hertsitasunik gabekoak». Bederazka ere nola ez ditu laudatu?

        «Aphez bat, osoki apeza zena; gizon bat, lurrak gutisko hazten duen bezalakoetarik; eskualdun laborari-seme bat Eskual-herria bere itzalaz hartu duena, laborantza jakintsuen argiez bezanbat bere esku-lanaz goratuz eta maitaraziz; idazle bat eskuara zaharraren mami gozoa hamabortz bat urthez Eskualdunean amultsuki ezagutarazi daukuna; haurren, aitamen, apez lagunen buruzagi zuzen, zuhur bat; aita on bat jende beharrentzat; horra nor eta nolakoa zen Arnaud Abbadie!»                Horra, bertzeak bertze, zonbait hitz Abbadie zenaz. Eskualdunean ez zen athertzen hartaz hasiz geroz: 1929ko udan lerroalde ederrik ager-arazi du haren ohoretan.

        Hiriart-Urruty hurbilago zitzaion, mintza-errexago, eta ondoko urthetan hunek bildu zuen eskuarazko lanetarat, adixkide eta lankide hartzen zuelarik. Miretsia zagoen mirikua aphez onaren gogo zalhoin eta punttako erneari.

        Bainan, nahiz ez duen behin ere bere liburu eta irakurgaietan aiphatu, Larralde zenaz egona da, azken egunetaraino, orhoituenik: aphez aditu eta bihotzduna zen, errotik bere eginbideari emana, gazteen arimez aise grinatua. Goizik ohartu zitzaion Etchepare biphilari eta seme bat bezala maitatu zuen, harekin bater ikhusketa noizean behin ibiltzerainokoan, lan-arte edo bakantza-egun batzuez.

        Beraz atseginekin sartu zen berriz ere Larresohon 1893ko urrian, filosofiaren ikasteko.

        Bizkitartean eskola-urthe bizi guzikotz behar zion arima zaurtu. Otso gazte baten gosearekin ausikian lotu zitzaion filosofiari: ilhunbe guziak argituren zituelako lillurarekin. Xoko batzu ba frango polliki argitu ziozkan, hala nola zer gisaz gauzak heltzen zaizkun gogorat, bakhar zonbait xuxen-xuxena sentsuek bildurik, bertzeak lekukoak erranik. Eremu handiak aldiz orain goibel gelditzen zaizkon, bereziki erlisioneko irakaspenak: mixterio horiek xilatu nahiko zituen, adimenduaren gozagarri, eta ezin! Orduan burutik iragan zitzaion gau batez, behar bada haren fedea buru-berokeriaz bertze deus ez zela: menturaz aitetametarik has eta eskola-emailetaraino, (haur-demborako errient batek salbu), denek hantu ziotela gogoa sineste huts bezain alferrez; onez-onean segurki, bainan halere... Iduripen etsigarri horrek durduzatua, ez zakien norat itzul. Alde batetik othoitza maite, erlisionea maite, heieri uko ez egin nahi, ez ahal zirelakoan oro amets; eta bertzalde arima-zoJan holako ilhun ixil bat, bethi zirikan ari zitzaiona: «Ez haurkeriarik, Joanes, othoitz eginez hihaurk enganatzen duk heure burua!» Gaixo muthikoa. Ama Birjinari hel-ka ari zen ixtant bat eta berriz ere dudak ahoa hesten zion.

        Asaldu hoien ondotik filosofo gaztek bakea, loa eta jana galdurik ere, ez da harritzeko: herratua bezala zen, egunetik egunerat hitsago eta mehatsago. Lagun eta eskola-emane gehienak ez zitzaizkon hanbat ohartu: ohartu zirenek ere lanaren gain emaiten bide zuten haren akhidura; bainan Larralde jaun aphezak, (bihotz kartsu baten begia bezalakorik ez baita), laster asmatu zuen bazela nunbait bertze zerbait...

        Buruz-buru hartu zuen bada, arrangurak erran zitzon: muthikoak kondatu zion bere ezinbertzea, eta eskolemaile onak arthamendatu zion ez kasurik egiteko holako tentamendueri: saindu handienek ere bazituztela; bertzalde liburueri sobera emana zela, jakitatean ez zela barnegi sartu behar; hobe zuela Eliza Ama sainduari bi begiak hetsirik jarraikitzea, nahi bazuen segurik bere lehenagoko bake gozo hura berriz bildu. Gutiz gehieneri aski zaizkoten aholku edo kontseilu horiek, ez zioten Etchepare beratzari bihotza sumindu baizik: «Zer!» aphezak berak jakitatearen beldur Jira bada? Argi galdez doakotenari begiak hetskik eta kito?» Larralde adixkideari ez zion hitzik erran holakorik, bainan bereak golkoan urrundu zitzaion asko denborarentzat.

        Egungo egunean duda batzuk setiatzen duten girixtinoari, ez diogu erraiten itsu dadin: galdegiten diogu poxolu duen koropiloa ager diezagun, ahalaz desegiteko; ez badu ager dezakenik deus, ez badu itxurapenik ere halako edo hulako egia baten kontra, ez dakioke argirik eman; iduripen huts edo sentimendu hutsetik heldu den duda, ihes eginez baizik ez ditake suntsi, edo sentimenduak zerbait gisaz berrituz. Erraiten daukutenean: «Jauna, zure arrazoinak biziki ontsa emanak zaizkit, ez diote nere adimenduak fitsik ihardesten ahal, bainan zer nahuzu, nihaurk ere ez dakitalarik zertako bameak ez dauzkit onhartzen», «ez dut uste adimenduari laido egiten diogun», «kasurik ez emaiteko» ihardokitzen dugularik. Larralde aphezari ez bide zitzaion iduritu sentimenduaz bertzerik bazitakela hunkiturik bere adixkide gaztea baithan.

        Etcheparek lanean ereman zuen halere bere Larresohoko ondar urthea pilotari ere begiratzen ziolarik bere atxikimendua. Baxelier iragan zen, eta etxerat joaiteko ponduan Larraldek bere azken kontseiluak eman ziozkan luzeki, Jesu-Kristoren imitazionea bertzalde, eta adiorik hunkigarrienak izan zituzten.

        1894ko hazaroan Bordalerat joan zen mirikuntzaren ikhasterat: bainan mirikuntza ez zitzaion aski: orotarat nahi zuen hedatu, gogo-bihotzak aberastu beharrez, denetarik (jasta bederen) baitezpadako zitzaiola; Alemaniako zeretarat bereziki ekharria zen: Haeckel eta Nietzsche bezalako batzuen liburu khiretseri lotu zen, bero-beroa, ez baitzuen beharragorik!

        Anartean, noizetik noizerat hitz bat igortzen zion Larralde aphezari; Conférence de Saint-Vincent-de-Paul delakoan sarturik, bazabilan behardunen laguntzerat, girixtino gisa; othoitzari jarraikitzen zitzaion; bainan, emeki-emeki, zer nahi bihotzminen artetik, etsimendua gogoan, fedearen haria ari zitzaion mehatzen eta mehatzen, azkenean osoki pikatua zela iduritzerainokoan. Ordutik Larraldekilako haria ere pikatu zuen berak, salbu Jesu-Kristoren imitazionea ezin utziko liburu baten pare begiratzen eta irakurtzen zuela. Ordutik sortu zitzaion denek ezagutzen ginion barneko ilhundura hits eta eztia.

        Gudu izigarri hoien artetik mirikutzen ari zen aintzina; eta doktor izaiteko liburu bat behar baitzuen egin, Eskual-Herriari eskatu zion gaia: Quelques remarques sur le Joueur de Pelote. Horra lanaren izena: pilotariaren gorphutz-aldarteaz eta eritasun bereziez xehetasun ederrik emaiten du.

        Lehenik bi hitz erraiten ditu pilotaren on-gaitzez eta hartan artzeko moldez.

        Gero joko horrek dituen hamahiru ondorio ikhertzen ditu:

        1. nola besoaren harat-hunatek eskuineko sorbalda bertzelakatzen duten eta zer gibelondo heldu zaion bulhar-kaiola edo sahetshezurreria guziari; 2. nundik errebeslariek besoa galtzen duten, aitzinerat eta airetik ezin joa baitukete; 3. zergatik pilotariari usu bizkar-hezurra doi-doi bat ezker zeihartzen zaion kanpo-alderat eskuineko sorbalda aphalduz eta xutik dagolarik gorphutza eskuineko zangoaren gainerat bermaraziz; 4. nola pilotak bulhar-gain eta beso-ginharrak hazten dituen larrupetik lodigune batzu agertzerainokoan; 5. nola luzara sorbalda-ginharrak azkarki makurtzen diren eta pozoinak akhitzetik sortzen. 6. zer aldakuntza ederrak gerthatzen zaizkon besoari, hala edo hula, laster ala emeki higi-arau; 7. pilotarien esku-mamiko katxo bereziak; 8. erhi ttipiaren makhurdura; 9. esku eskuinaren loditzea; 10. esku-bizkarrean erhi handiaren erho-buruñoa kanpo-alderat poxi bat atheratzea; 11. itzea; 12. partida denboran eskua nola den hantzen eta kasik sorhaiotzen; 13. nola pilotak hotzaren lagun esku-mandoak eta odol-gaixtoak sortzen dituen.

        Hots, lan ederra egin zuen hor Etchepare jaun mirikuak. Han-hemenka axalegi zitzaiola aitor zuen ela zathi bat edo bertze nahiko zuen, astia ukan balu, bamagotik hartu eta argitu. Damurik ezin baitzuen egin. Agian miriku-gai zonbaitek nahiko dute anai gehienaren urhatseri jarraiki. Lahontan gazteak «Pathologie normale du Pilotari» ager-arazi zuen, bainan bada oraino nun iker eta zer erran pilotariaren gorphutzaz. Zer nahi gisaz Etchepare jauna geldituko da denen hots-emaile eta buruzagi.

        Liburuaren aitzin-solasean ezin ederkiago goresten ditu ez bakharrik Eskual-Herriko ohidura eta mintzaire zaharrak, bainan hala-hala erlisionea. Zergatik othe? Batere aiphatu gabe uzten ahal zuen nehori laidorik egin gabe, geiak ez zionaz geroz galdegiten alde ala kontra agertzea. Ene gostuko, fedea ahuldu zitzaion, goibeldu, ikharatu, bainan ez behinere suntsitu: erlisioneari ez zion bihotzak nehundik uko egiten ahal.

        1901 ean lau miriku-nausien aitzinean agertu zuen bere lana. Hek ziren: Piéchaud, buruzagia, Morache, Hobbs eta Regis. Liburua onhartu zioten eta gain-gainetik laudatu. Geroztik mirikua zen. Hogoi-ta lau urthe zituen.

        Lekornen iragan zituen lau urthe eta Elosu mirikuak Alduderat joan-arazi zuen. Hogoi bat urthe han egoitekoa zen. Laster hangotu zen. Konseiluan hartu zuen eta lau urthez axuantgoa ere ibili zuen (1921-1925).

        Ez dakigu ea Bordaleko bere lanen artetik eskuarari ohartu zenetz; bainan, bethi, Lekornen amodioz maithatu zuen, eta 1902tik aitzina Eskualdunean hasi zen bere lerro-alde goresgarrien agerarazten. Hiriart-Urruty apheza zuen, haste hartan, buruzagi eta gidari. Ez zen jaun hau punttalakuilo hetarik; zetabe larria bazerabilkan, eta berak segur erranen ez zuen atheraldi bat baino gehiago badu bere gazetan jasanik. Baitezpadako zitzaizkon gauzetan, jo azkarki: gainerateko gauzetan, odol gaixtorik egin gabe, onhar batzuen nola bertzen aburuak. Haatik frango kilika zen eskuarari buruz. Eskualdunen eskuara nahi zuen, ez erdi-kaskoin erdi-eskuara, zonbaiti biziki eder zaioten mintzaira hartarik. Eskual-hitzak, eskual-itzuliak, eskual-usaina: hiruak nahi zituen elgarrekin, ala deus-ez. Lankide gazte bat heldu zitzaiolarik, laguntzen zuen lehen urhatsetan: lerro-aldia gazte horrek igorri bezain sarri, eskerrak ziozkan bero-beroa; bainan hemendik labur, handik luza, hantxet berriz hitz-ordain bat ezar, lar guzia bertzelakatzen zion, erakusten ziola emeki emeki noiz zer hola erran.

        Etchepare jauna laster jarri zen eskuara garbiari; hainitzak ere badaude ez othe zuenetz azkenean garbiegi. Gure gostuko. 1914eko gerla arte, eskuara tink eta garbi bazerabilan, ez batere garbiegi. Askori zail iduriturik ere, ez gira harritzen. Alabainan eskualdun irakurle gehien-gehienak ez dugu eskuaraz erraiten egun guzietako zurruburru arruntez bertzerik deus; eta gai hoitaz goragoko zerbait aurkitzen dugun ber, eskuaraz aphaindurik, berehala arrotz-aire ez balinbazaiku ere, gutiz gehienetan nekhos eta bortxa-kara zaiku. Arropa berriak jasan-gaitz ditugun bezala, hots! Etchepare jaunaren gaiak ez ziren nola nahikoak. Nehor gutik edo nehork ez aipatu gauzetarat biziki lerrakorra zer.

        Abbadie zenak ez zuen lur-lana bakharrik berritu Eskualduna-ren bidez: eskuara ere norapeit hedatu eta sortarazi zuen, gauza berrieri uztar zadin zaharreri bezain ontsa.

        Hala-hala gure mirikuak bertze jakitate guzietarat nahiko zuen eskuara hel-arazi. Hortara bermatu da oldez eta moldez. Erresumen arteko gora-behera, Frantzia-barneko politika, diruaren gobernatze, jakintsunen asmu berri, etxeko osasun eta ontsa izanaren aldeko konseilu. Eskual-Herriko mintzaire-ohidurez zer-nahi oharpen, noizbait norbait izan direnen berri, haren punttakoak zer ez dauku hainbertze urthez begien aintzinerat eman?

        Laster ohartu ziren bazterretan, bazela sorturik izkiriatzaile edo idazlari bat gaitza, hedadura handiko bezain hizkuntza gurbil, xuxen eta aberatsekoa. Nun nor zitakeen ez zuten aise xilatu; bainan, azkenean jakiten ez denik ez baita, aho-mihitan kurritu zuen Aldudako Jaun mirikuaren famak. Adixkideak ari zitzaizkon: segur ederki zela, nehork ez bezalako gaiak ezin hobeki argitu zituela; bainan Eskualduna iragankorra izaki-eta, zerbait bazagonik egitekotz, liburutan ezarri behar zituela bere lerro-aldi hautuenak: liburuak hau ere bazukeen onik, kazetak ezin onhartuak jasanen zituzkela.

        Miriku gazteak sinetsi zituen aholku horiek oro eta 1910ean ager-arazi zuen liburu bat, Buruchkak.

        Egia erran, nor harritu? Adixkide eta ahaide gehienak harritu! Liburua hor zuten, bapho eta eder, bainan ezin onhetsizko bi kapitulu hitsekin: batean, aphezen eskoleri ezin aiherrago zagon, baizik-eta erlisione dena ilhunbe dela eta egiaren gordatzale bertzean, ausartzia guziak bilduak zauzkan, itsusienak barre, amodio garbia eta bertze edozoin, berdin haizu emaiteraikoan.

        Ahaide-adixkidek, bixtan da, beltzuri egin zioten. Ez zituela bada arima ahul edo minberak nahasi edo zaurtu behar, miriku gazteak etxen bahitu zuen bere liburu ozarra, nehori bakhar bat saldu gabe. Haatik adin batetako eskualtzale batek doi aiphatzen bazion, hitz-pollit batekin zaxl! emanen zion present.

        Liburu hori, ditaken eskuararik garbienean egina delakotz, nahi izan dugu salbatu: bi kapitulu dohakabeez arindurik eta hitz dorphexko bakhar batez, zen bezala-bezala agertzen dugu.

        Anartean Eskualduna ez zuen utzia: ixil-ixila bere lanari zagon. Pierre Etchepare bere anai ahhezarekin ager-arazten ere zuen urthe guziez Eskualdun laborariaren almanaka; hamar urthez jarraiki zaizko biak sail horri, 1914eko gerla phiztu artio. Almanaka hori, Etcheverry Uztaritzeko serora beltxen omonier xahar zenak abiatua zuen 1848an. Eskualduna sortu zelarik, almanaka bat atheratu zuen harek ere. Bi almanaka xuri baziren bada denbora batez, ezkertiarrek noizean behin hirugarren bat —hau gorrasta— argitaratzen zutelarik; 1914etik aitzina bi xuriek bat egin zuten Eskualdunaren itzalpean, eta gure mirikuak bururaino lagundu zuen bere argiez eta bere luma xoragarriaz.

        Gerla jin zenean, soldado joan zen, eta bere eginbidea ontsa baino hobeki bethe zuen. Ez dugu bere harat-hunatetan segituko. Bainan ez dugu nehondik ere agertu gabe uzten ahal, irabazi zuen aiphamen ederra:

 

        6- CORPS D'ARMÉE                Au Q.G., le l6 juillet 1916.

        Etat-Major                Extrait de l'Ordre du Corps d'Amée

        1er Bureau                        N° 175

        n°- 1218 - R                Le Général Commandant le 6° Corps d'Amée

                        cite à l'ordre du Corps d'Armée

        1581

 

 

        Médecin-Aide-Major de 1ere classe ETCHEPARE Jean, du 172 Régiment d'lnfanterie,:

        «Du 27 juin au 4 juillet 1916, a fait preuve du plus entier dévouement en prodiguant ses soins aux blessés, sous de violents bombardements.— Désigné, quelques jours avant, pour passer dans une ambulance de l'arrière, a demandé l'annulation de cette mutation, en faisant valoir qu'il ne voulait pas quitter son Régiment à la veille du danger».

 

        Pour Ampliation                 le Chef d'Etat-Major.

        Signé: Général PAULINIER.

        Extrait conforme notifié au Colonel

        Signé: Colin.

        Commandant le 171` R.I.

        253 BRIGADE

        Etat-Major                                                Le 19 Juillet 1916.

        Nº 5302

        Le Colonel commandant la 253167° Brigade

        P.O. L'Officier d'Etat-Major.

        (Sceau de la Brigade)

 

        Lagun batzuek nahiko zuten «medaila» ere eman zezoten, eta harrituak zauden zertako bada ez zuen berak galde egiten behar zen tokirat. Begien aitzinean badut letra bat, miriku adixkide batek igortzen ziona Trouville-etik: «Dans la vie militaire les modestes deviennent aisément des sacrifiés. A votre place je ferais valoir... etc.». Bainan aiphamena aski zitzaion: gerla bethean eginbideaz haratxago joanik ere, ez zuen uste espantuarenik bazitakeela.

        Gerla horrek jats-aldi bat ona eman zioten lehenagoko duda gehieneri. Erlisione-gizoneri zaukan aiherkunde xaharra urtu ez zen bakharrik nahikunde harrigarri baten seinalea, bainan adimendu azkar baino azkarragoko batena; argirik gabeko karrik ez zuen amesten ahal, eta erdaraz finkatzen zuen erranez: «Le génie de la charité ne va pas sans le génie de l'intelligence». Errex zitzaitan gero erakustea gure sainduak zoin lainoki zauden Jainkoari, gogoz eta bihotzez, fedeari eta graziari esker: «et ce double génie ne s'explique pas sans le mystère de la grâce!». Orduan Pascal ginuen aiphu edo Newman. Hots, ez zuen den-mendren etsaigorik erlisioneari buruz eta berak erraiten zuen: «Egun guziez ohoratzen dut Jesu-kristo». Nola zuen bada ohoratzen, ez dauku salhatu behinere: bainan ohore horren sari, Jainkoak azkenean bereganatu beharra zuen ondarra.

        Gerlatik landa, Etchepare Jauna nehoiz ez bezalako kar batekin lotu zen berriz ere eskuarari. Broussain Hazpameko eskualzale suharrak sustaturik, itzuli handi bat egin zuen mendiz haraindiko Eskualherrian barna: gogo-bihotzak bethe zitzaizkon hango argiez, hango lurrez, hango anaiez, eta Eskualdunak ager-arazi zituen haren oharpen pollitak. Ordutik bethi hango berri jakin-nahi egon zen, izan zadin politika-berri, ala liburu-berri. Adixkide minak ere egin zituen, hiri hetako jaun eskualdun zintzo eta argituen artean.

        Eskuara maite duten guziek bethitik amets handi bat ukan dute: gure mintzaire xaharraren zaintzerat eta joritzerat ar litaken biltzar erne bat: hots, «Akademia» delako bat. Zalduby zenak, Inchauspe zenak eta bertze hainitzek horren galde zuten XIX garren mendean, eta ordutik hunat ere, entzun dira asko dei eta agertu asko xede. Xedeaz bertzerik ukan dute zonbaitek: Revue Internationale des Etudes Basques delakoan ikus ditake nola 1914eko gerla-aintzinttoan «Cercles d'études» batzu egin zituzten Baionan, eskuararen barnago-danik ikhertzeko. Erran gabe doa Etchepare jauna ere barne zela. Bilkura horiek Akademia baten abiadura bazuten. Bainan abiadura horrek ez zuen segidarik ukan; ez segurik uste zuten bezalakoa. Bidasoz haraindian, Azkue Jaun apheza buru, Eskualzaindia sortu zen halere, hamabi lagunekilakoa: bederatzi hango, hiru hemengo. Etchepare jauna laguntzaile hartu zuten bakharrik, gure ustez gehixago egin zukeelarik, segur eta halere.

        Bainan tira!... Orobat hor egin zukeen lanak ez zion aizinik edo astirik utziko bertzalde egin duen lanarentzat. Eskualzalen biltzarra aspaldiko elgartasun bat da. Badauzka bildurik norbait diren jaun eskualdun gutiz gehienak. Urthekal hoinbertzeko bat emaiten dute diruzainaren moltsarat eskuararen alde baliatzeko, eta, elgarren sustagarri, bazkari bat ere egiten dute uda oroz. Bazkari horrek errar-arazi du asko gaxtakeria. Mihi poxoin batzuek ez dutea biltzarra izengoititu: «bazkaltzaleen biltzarra»? Nork nahi zer nahi erranik ere, badakigu zer ongia egiten duen batasun horrek, dela haurren, dela aphez-gaien bihotzetan. Ez balitz hain itsusi bere buruaz mintzatzéa, erran nezake gogotik zer diotan zor nihaurrek, nola jaun hoiek berotu nuten eta phiztu gure mintzaire ederraren arthatzerat, eta zer eskerrak diozkatedan orori. Bainan bego bertze aldi batentzat! Dugun altxa bakharrik Etchepare jauna buru eman zutelarik, ez zela lo egon, bazterrak harrotu zituela, jende hainitz bildu zuela, eta Elissalde apheza lagun, abiadura berri bat eman ziola biltzarraren lanari. Geroztik Dassance jaunak ere aintzin-arazi du puskaz; bainan badakit ez dela den gutienik bekaiztuko, erraiten badut, behin baino gehiagotan Etchepare adixkidiari bermatu dela, haren argiez, lumaz eta laguntzaz baliatuz.

        O zoin lakhet zuen Baionako edo Donoztihiriko buruzagien bilkura ttipietan! Denboraren buruan... iduri zait ikusten dudala oraino, zigarreta erhien punttan, begiak erdi-hetsirik, erran guzieri beba, ixil-ixila egoki: Elissaldek bere ditxoez Oxobiri ximiko; hunek mendia bezalako ihardespena, bumb!; Jaureguiberrik Afrikako ixtorio xahar ikharagarri bat konda; M. Souberbielle zenak, serios-seriosa, alegia deus-ez, kitzika pollit bat bota; Dufauk bere xokotik nasai-nasaia botaren errefera; Mendizabal liburu berri erakusten ari; Eizaguirrek kantu, Mattinek edo Ligueixek kobla, Dassance ororen hotsemaile, eta gure Etchepare, xoratu iduri, deneri irriz, irri goxo ezti batez arraitua! Bainan bera hasten zena bada mintzatzen, argitzen zaizkon begiak, kasik biribiltzen, eta arrazoinak atheratzen zauzkitzun, bildu-bilduak, lerro-lerro, xuxen eta garbi, mintzaire gurbil eta aphaindu batean. Ahopaldiak bata bertzearen ondotik metatzen zituen; oso, eder, harri pikatua bezala lanturik, harri pikatua bezain azkar eta xorrotx. Berak bazauden, pisuak elgarri ahotuak eta juntatuak zauzkala, bertze lokharririk gabe. Handi emaiten zuten, Erromanoen jauregiek ere handi emaiten duten bezala; bainan bazaukaten halako arin-eskas eta lagun-eskas aire bat: hitz batez erraiteko, bere mintzairea biziki jauna zuen, bethi xut-xuta, bethi munttoa, arthoski orraztatua, eta ezpaina lore.

        Atsegin berezia zen harentzat gazteen zoin-gehiagoan preparatzea eta gero heien lanen ikhertzea. Loriatua zagon hizkuntza pollit bat edo itzulika aberats bat aurkhitzen bazioten; are loriatuago, aphez-gai bat edo bertze agertzen zenean, eskuara errotik zakiena. Alabainan geroaren grina ezin barnago zuen, eta guk bezala uste zuen gazteen jakitatea dela ethorkizunaren gakhorik segurena.

        1921ean, Eskualdun biphil batzu elgarretaratu ziren «revue» edo agerkari delako bat behar zutela egin, sort-herriari doazkon jakitate gehienen ikhertzeko eta hedatzeko. Lagunketa gaitza bildu ziren, eta ez nor-nahi. Hilen artean izenda ditazke: Blazy, agerkariaren abiatzaile suharra: Barbier, Apesteguy, C. Dufau, Ithurbide, Colas, Hérelle, Vinson; eta oraino bizi direnetan: Mgr. Saint-Pierre, Daranatz, P. Lhande, E. Souberbielle, Dassance, Mayi Elissague, Elissalde, Moulier, Gavel, eta nik dakita?...

        Geroztik hunat bertzerik ere sartu da erronka horren emendagarri. Etchepare jauna hetarik da. Lehenbiziko deia egon ziotenean eza eman zuen: iduri zitzaion Eskualduna aski zela Eskualdunen argitzeko; ez zituen herriko indarrak berduratu nahi: handi zezatela kazeta, jori zezatela, bainan ez othoi bertze agerkaririk athera, orobat... astekariari kalte egiteko ere! Gure Herria ez onesten-eta nola sartuko zen?

        Bizkitartean oharturik halere, jende eskolatu hainitzek ez zutela Eskualduna irakurtzen arruntegi hertsiegi, haurregi zaukatelakoan; eta bertzalde berak ikhusirik kazeta batek ez zuela eremu handirik uzten ahal jakintsunen lan berezientzat, aithortu zuen geroxago, bien tokia bazitakeela Eskual-herrian eta Gure Herria nehork bezain ontsa edo nehork baino hobeki ere lagundu zuen.

        Oxobyk erraiten zuen agerkari hortan, Etcheparen hil-berria emaitearekin: «Hemen zaunzkigun Etcheparek, hilabethetik hilabetherat, emaiten Pyrenéez hunaindiko berriak Arotik hasi eta, gerthakari handienak barne, laborantzako gora-beherak ahantzi gabe, pilota partidetaraino, solasa bazerabilan orotaz hain xuxen, hain xeheki, eta zer eskuara paregabean! Iritzi eta kitzika tituluaren azpian ere, zer ez dauku erakutsi eskuarari eta eskuarazko liburueri zoakotenik? Orhoit gira nola axalkatu zaukun jakituz bezala Aguirreren Garoa, nola bixtarat eman Axularren Geroa eta Duvoisin kapitainaren lan gaitza. Ez ditugu ahanztekoak Eskualtzaleen biltzarreko hitzaldi zonbait, ez eta Pierre Etchepare bere anai aphezari egin ziozkan lerroak. Liburu huntako ondar-solasean ager-arazten ditugu lerro hoik: erakutsiko dute nolako bihotzaren jabe zen, eta bogoi urtheren buruan zer bidea eginik zagon, sendimenduz ala mintzairez.

        Gure Herrian ager-arazi zuen ere lehenik Beribilez, liburu gozo bezain ederra. Eskual-herrian egin itzuliño bat aiphatzen dauku xehe-xehea: Kanbotik abia, Garazin eta Iruñen gaindi iragan, Loiola ikus, Donostia eta Donibane-Lohizunen barna itzul berriz ere Kanborat. Bide-nabar kausitu herri, hiri, jende, gauzek sendimendu eta irakaspen hainitzen gaia emaiten diote. Zonbait orhoitzapen lan hortan! Zer begi ernea! Eta, denbora berean, zer bihotz mardo eta zabala!

        Aintzin hortan haren mintzaireaz giniona hemen errepikatzen ahal ginuke haren izkiribuzko lanez. Nahi-eta-ez zelaian hazi gizonak traka dorpea du mendiz-mendi atrebitzen denean. Berdin gertha dakioke hizkuntzari: sukalde-ezkaratzetan hazia, baditake josi-aire emaiten duen salunetako dirdira lilluragarrien artean. Bainan Etchepare mirikuaren eskuara segurik, burua gora badagoke nun nahi; ez dio frantsesari berari deus zorrik ez soinez, ez soinuz; jaun emaiten du; usaian baino jaunago menturaz; ez ordean behin ere jaunegi, aberastu-berri ergelaren pare.

        Izaitekotz gerla-ondoan, mendiz haraindiko liburuen irakurtzen hasi zenean gogoratu zitzaion hitz berri batzu sar-arazi behar zirela eta eskuara hetaz hazi. Orduan «garbizale» edo puriste baten fama bildu zuen. Bizkitartean, han-hemenka urrunxko joanik ere hitz-berri-keta, uste dugu ez duela banabertze gure mintzaire xaharra axaletik ere histu. Errana dugu lehenago, eskualdun izkiriatzaileen nausitzat baginaukala. Hitz hortan gaude.

        Orai erran gogo ginuke, zer ahaide eta adixkide atxikia zen: zoin ona, lainoa eta maithagarria, zoin eginbidetsua! Bainan haren urhatsen aiphatzeko, behar ginituzke bertze askorenak ere aiphatu, orozbat bihotz minbera batzu sobera barnatik hunkitu: nahiago dugu bada ixilik egon, lagunen, anai-arreben eta gain-gainetik haren andrearen herabea guphidetsiz. Berdin liburu hau irakurriko dutenek aise asmatuko dute zer gizon beratza eta, fina zitakeen. Halahala Beribilez haren liburuak eman dezake argi, hemengo xehetasunez bertzalde.

        Miriku bezala ez dugu guhaurek Etchepare Jauna hanbat ezagutu: erien erranetik badakigu ongi-egile handi bat zela. Mirikuntza apheztasun bat zitzaion. Nihoiz ez zaukun bere burua aski jakintsun bere ofizioari buruz: eta oixtion baiginion alemanaren ikhasten ari zela! lan herri ez zen jostatzeko hasi; bai ordean mugaz haraindiko senda-bide eta sendagailuen berri jakin nahiz, denak entseatu behar zirela gaitzari ihardokitzeko. Bainan jakitatea bezain gora emaiten zuen karitatea: ohartzen zenean eri bat dirubeharretan zela, bazakien nola alha, alegia deus-ez, osagarriarekin, haren moltsa! Aldudan bezala Kanbon ere hainitzek frogatu dute miriku gixako horren arrabots gabeko urrikalmendua.

        Soldado batentzat ez da hain heriotze ederrik nola harma eskuan etsaiari buruz hiltzea. Miriku batentzat ederragorik baditakeia, eri baten ohe-aldean bizia galtzea baino! Hala egin du bada Etchepare jaun mirikuak. 1935ko urtharrilaren 9a zen. Arratsean eri baten ganat izan zuen galdea. Doi-doia sartua zen bertze eri baten ganik eta biziki nekhatua! Ahaide batek nahi izan zuen lagundu; bainan ezetz erranik, bakharrik joan zen ahal bezain laster. Eriaren etxerat-eta, bere xapela dilindan ezartzerat egiten du, eta huna non bet-betan erortzen den: alditxar delakoan bere baitharazi nahi dute. Zorigaitzez, ez da probetxurik: bihotza gelditua du, hila da.

        Ez dugu erraitearen beharrik zer ukaldia izan zen haren ahaide adixkidentzat. Mututuak ginen denak, harrituarekin sorhaiotuak bezala. Ondoko egunetan senditu ginuen haren hutsa, eta oraiko ustez segurik, ez du iduri nehork behin ere betheko duen. Eskualherriak ehorzketa gaitzak egin ziozkan. Bazakien bere seme handienetarik bat itzuli zitzaiola.

        Eta huna nere azken hitza, Etchepare jaunaren arimari berari: «Adixkide maitea, onets-azu nere agur xume hau Jainkoaren argien erditik. Mundu huntan zineno, egiaren eta zuzenaren ondotik ibili zira, egarritua, thematua, erdi-etsitua, ilhunbeka eta haztaka. Azkenean zure fede herabetsua berriz piztu zitzaizun, sendo eta saindu; berriz itzuli zinen, abendoan, girixtino urhats guzietarat lainoki bezain gizonki. Bai, herroak bet-betan hartu zinduen, bainan ez uste gabean, haren menturan baitzinauden aspaldi-danik. Ah! orai badakizu hemen erdizka baizik edo batere ez zinakiena! Orai gogo-bihotzak alegrantzietan ditutzu! Ez bide duzu atsegin ttipia, gutartean bethi zintzo, zuzen eta leial agerturik, oren gaixtoenetan ere, eta bereziki azken eguneraino zure aldeko lagun gaixoez hain ontsa, hain handizki urrikaldurik...! Zaude bada dohatsu, guri eta gure beha, bethiereko zorionean. Gu ere, zure Eskualdun lagunak heldu gira bederezka herbail bainan fededun. Emaguzu eskua!».

 

aurrekoa hurrengoa