www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

PASTORALEZ

 

        Pastorala hitzak latinean du bere erroa; artzain edo abeltzainari eratxiki gauzez erraiten ohi zen Erromanoen egunetan; geroxago eliza-gixonen erran eta urratseri ere izen hori eman izan zaie.

        Literaturan, olerki batzuk menditarren eta baserritarren bizia goraipatzen baitzuten, horiek ere pastoral deitu zituzten. Gisa berean, hamaseigarren mendean, Montemayor, Torquato Tasso, Guarini eta heien jarraileen antzerkiak.

        Hemen Ziberotarren pastoralez mintzatuko gana, eta berehala dugun erran, ez dutela ahaidetasun izpirik doi doia seinalatu dugun teatroarekin, izena baizik.

 

 

A. Aintzinekoak

 

        Egia erran, ez dakigu, lekukotasunik ez izanez, ea Euskaldunek antzerki modu zerbait ukan duten Ziberoko pastoralak sortu baino lehen. Baina itxura guzien arabera, hauk Frantziako teatro xaharretik jalgi dira. Hasteko titulu gehienak frantsesez ezarri dituzte eta asko, «moralité» edo «mystére» bezala aurkeztu.

        Bi hitz, aintzineko arrotz horietaz, hobeki erakusteko nola ziberotarrek beretu dituzten eta hein batean berritu.

        Frantzian, bertze toki hainitzetan bezala, teatroa paraliturgiatik hasi zen, Ebanjelio pasarte batzu boz bakar batek irakurtzeko orde, bizpahirulau erraile galde-ihardespenka ari baitzuren, erakuspenari bizi gehixeago eman nahiz.

        Baina, handik laster, elgar-hizketa horiek hedatu ziren, luzatu, ihakinez emendatu, hitz eta jestu arruntez itsustu, halatan non ez baitzitazken gehiago elizan jalgi: «miracles» eta «moralités» direlakoen ordua izan zen, XII, XIII eta XIVgarren mendetan.

        «Mystére» deitu antzerki mota XV ganen mendean agertu zen. Izen horrek ez du batere «mixterio» erran nahi. Ministerium hitzetik heldu da, emankizun eta omenaldi adiarazten duela.

        Emankizun horietan, gertakari bat oroit-arazten zen elgar-hizketaz: gaia bi Testamentuetarik edo Sainduen bizitzatik hartua zen, gutiz gehienetan.

        Antzerkia zortzi silabako neurtitzetan idazten zuten, bertsuek bi puntu baizik ez zituztelarik: pasarte lirikoak kantatzen ziren. Hitzaurre atean ateangaia aipatzen zuten eta aditzaileri ixil zedin eskatzen. Lana bera egunka zatikatua zen, egunak zaukalarik emankizun baten erran ahal zitaken bertsu saldoa. Zenbait «mystère»k egun parrasta bat bazirauten. Noizik behin hamarretaraino.

        Aipa ditzagun teatro hortako berezitasun handienak. Dena miragarri da: Jainkoa, Ama Birjina eta Sainduak orotan dabiltza; batzutan nortzen ere dituzte Zuzentasuna, Bakea, Egia, Urrikalmena.

        Nahas-mahas jalgitzen dira pasarte hunkigarri eta irrigarriak: irri egin-arazteko, arrunkeria guziak on zaizkie: ikusleen alegeratzeko agertzen dira mandatari bitxi, tirano, itsu, morroin ausart, eta Satan ber-bera, maltzur, trufari eta orotarik ikaragarriena.

        Antzokia herriko plazan eraikitzen zuten taulaz, emankizunak iraunen zuen denborako. Zenbaitek erran du antzokiak bazauzkala hiruzpalau estaia edo etxe-mail. Ez, joka-lekua hein berean zegon, bainan frango luzea. Baziren ezker eta eskuin egoitza andana bat, eta haien artean ibiltoki zabal bat. Jakin behar da memento berean zerbait gertatzen ahal zela egoitza batean, eta bertze zerbait bertzean. Jokalariak iragan zitazken, behar arau, leku batetik bertzerat.

        Nor ziren antzerkilariak? Nehor ere ez zen teatrotik bizi ordu hetan. Antzerki muntatzaleak karrikaz karrika oihukatzen zuen zer xede zaukan eta, edozein izan ziten, parte hartu nahi zuten guziak biltzen zituen: ehunka ateratzen omen ziren borondate onekoak, bai trapan urrurik agertzeko, bai eta eralgieri buruz puntxatzeko. Zaldun ala bilaun, langile ala arlote, deneri ohore zitzaien josteta hortan baltsatzea. Alta bada bertsu-alde luzeak bazituen gogoz ikasteko antzerkilari bakotxak; jauntziak bere gostuz behar zituen zuzkitu: eta batzuetan segurik zer nahi oinaze pairatu, teatroan martirarena edo berdin gaixtagin zigortuarena egiten zuelarik: ezen ez ziren alegiazkoak, emaiten zizkioten lantza-sistak, makiladak eta ukabil-kaldiak.

        Aditzale eta ikusleak ere arduratuak ziren, apailatzen ari zen jai handiaz: apezek, herri-gizonek, anaitasunez diruz laguntzen zituzten arizaleak. Ikuskizuna zerabilaten arte guzian, hiria hutsa zen, saldegiak hetsiak eta auzapezak debekatzen zituen indar-landk oro.

        Jendeari laket bazitzaion ere antzerki-mota hori, nekez erran daiteke, irakurlearentzat badela bertsu horietan miresteko edertasun hainitz: luzekeria eta nabarkeria aspergarri dira frango laster, are gehiago pasarte oies eta morrokoz emokatuak direlarik. Aitortu behar dugu, mende hetan jendeak ez zirela biziki minberak, ez ofentsaerrexak. Baina XVI garren mendean, literatura berria sortzearekin, hein batean gizartea legundu eta xukundu baitzen, buru zenbait bederen jazarri ziren Frantzian, «mystère»ren aurka, jasangaitz zitzaizkiela. 1548ko hazilaren 17an Pariseko Parlamentak debekatu zituen gai sakratuzko antzerki horiek oro, profanoak haizu uzten zituelarik, garbiak eta onestak izanen ziren ber.

        Parisen betikotz itzali ziren «mystère» direlakoak; bainan probintzietan aintzina jalgi zituzten, behar orduan bertze izenik emanez. Tragediak eta pastoralak modan baitziren eta on-hartuak, Euskal Herrian eta Biarnon bederen izen horietaz jauntzi zituzten, nahiz antzerki mota horietarik biziki urrun izaki.

 

 

B. Ziberotarren Pastoralak

 

        Ziberon, noiz sartu ziren «mystère» deitu antzerkiak? Iduriz, Lepantoko itsas-gudua baino lehenago. Gudu hortan (1571) Turkoak garaituak izan ziren, Europako bidea zerratzen zaielarik. Ordu arte Turkoen beldurrez ikaran zauden bazterrak, eta girixtinoek ez zuten kasik etsai handiagorik amesten. Mendebal huntan liburu eta kantuek basa huts, sordeis eta higuingarritzat zauzkaten.

        Aldiz, Lepantoko garaitzatik landa, Frantziako eta Italiako literaturetan Turkoen alderako izialdura ez zen bakarrik eztitu, bainan arras itsabasi. Turko gaizoak irringarri bilakatu ziren, eta komedietan «turkeriak» 1578a baino lehen agertu ziren, orduko Jean de Léry idazlea lekuko.

        Ziberoko pastoraletan Turkak arrunt gaitzetsiak dira, etsai gaixtoenen lerroan ekarriak, aspaldiko denboretan bezala. Horrek, gure ustez, erakusten du Euskaldunek beren lehenbiziko maileguak berantenaz egin zituztela XVIgarren mende erditsutan, non ez ziren geroxeago «mystére» xaharrez baliatu.

        Dena den, Ziberotarrek ez zituzten frantsesak hertsiki kopiatu. Antzerki arrotzak beren gisala antolatu, bakundu eta errextu zituzten.

        Hasteko eta bat, nahiz Pastoral gehienen gaia gaizkiaren eta ongiaren arteko gudua den, funtsean Jainkoaren eta Deabruaren artekoa, «mystère» zaharretan bezala, ez da Ziberon sekulan ikusten taulen gainean ez Jainkorik, ez Jesusik, ez Ama Birjinarik. Izaitekotz, zenbait aingeru eta zenbait satan. Artetik erran dezagun, agertzen zaizkun satanak ez dira mamu itsusi ikaragarri batzu, bainan mutiko lerden, jantzari xotil, soineko ederrez jauntziak: elea dute bakarrik ausart eta bihurri; jende onen tentatzeko eta gaizkiegileen sustatzeko. Bake, Zuzena, Egia eta holako izaite astratoak ez dabiltza behin ere gure teatroan.

        Aldiz, ikusten ohi diren mundu huntako personaiak ihaurri dira eta mota guzietakoak: errege, erregina, jaun eta andere handi, aintzindari, aita-saindu, apezpiku, mezulari, nagusi eta sehi, langile, laboran, artzain, jakintsun, azti, ohoin, jende hiltzale, preso-zain, zigorkari, eskale, eta nik dakita bertze nor!

        Bana bertze, pastoral batek berrogei-ta-hamar bat personaia eskatzen ditu: urrun gaude «mystère»ek behar zituzten ehun, berrehun, bortzehunetarik, nahiz hainitz den gure herri ttipientzat.

        Alabainan, orain berriki arte, herrika egiten ziren Pastoralak. Herri batek bere gain hartzen bazuen pastorala, herrikoz herriko muntatzen zuen, bertze nehungo laguntzarik gabe. Eta arizaleek oro gizonki ala oro emazteki izan behar baitzuten, asma daiteke ez zela errez, herrian mutil edo neskato ziren arrotzak, parada hortarako herritartzat balin bazauzkaten ere, andanaren biltzea.

        Kanpotar bakarra zen errienta, pastorala fornitzen eta erakusten zuen gizon ikasia: errienta ez da bekan baizik eskolemaile, zenbait aldiz gertatu izan den arren.

        Antzokia taulaz eraikitzen dute gune xabal batean, okasione hortarako, jar-leku andana bat eratxikiz aditzaleentzat. Lau kantoinetako trapa hiru aldetarik idekia da, osoki hutsa, aintzin-aintzinean eskaler ttipi batekin: zola oihalez zerratu da, hiru ate dauzkala, erdian erregena, eskuin onena, ezker gaixtoena. Hiru ate horiek ordaintzen dituzte «mystère»etako egoitzak, eskema huts gisa. Onen ate-gainean heien ikurrina, koroa xuri batekin; gaixtoen ategainean mogiaraz ditaken kartonezko «idola», bandera gorri batekin.

        Oihal hortaz gorago, soinularien ohantzea. Hortik txürülak lagunduko ditu Satanen dantzak, eta bertze musika-tresnek gaineratiko aireak oro, bereziki «aux champs» girixtinoen sar eta atera-aldientzat, «Marie, trempe ton pain» turkoentzeat, eta «batalla»ri dagokona.

        Girixtinoen atean ez eta heien jauntzietan ez da gorria haizu; ez eta urdina turkoenetan.

        Erran dugun bezala, antzokia berenaz hutsa da: ez du neholako lekurik itxuratzen: orotakoa da. Behin izan ditake Enperadorearen jauregi, gero Turko buruzagien egoitza, ondoan aita-sainduaren sala-handi, handik laster oihan, ixtant baten buruan gerla toki edo presondegi edo errege-bide edo ohoin-zilo, eta berriz ere turkoen edo girixtinoen gaztelu, edo eliza, edo sorgindegi: hots, nor ere baitira arizaleak eta zertan ere ari baitira, heien leku bilakatzen da antzokia. Funtsean aditzaleek arizaleen eletarik asmatu behar dute gauzak non gertatzen diren, eta noiz.

        Bainan nola iragaiten da pastorala?

        Jendearen biltzeko, arizaleek munstra egiten ohi dute, hots: ibilketa bat bidez bide, soinua lagun, hiru konpanietan: handimandiak karrosan, girixtinoak oinez edo zaldiz, turkoak berdin, satanekin.

        Herrian gaindi itzulia egin-eta, teatro aintzinerat heldu dira, eta eskaleretik igaiten agur-magur hainitzekin: urdinak pausuki, gorriak abreki; luzegi litake xehetasun guzietan sartzea.

        Aintzin-peredikü batean kantari batek emaiten du pastoralaren laburpena, erditik eskuinerat, eskuinetik erdira, erditik ezkerrera ibiliz, gibeletik entseinariak eta bi ezpatadunek segitzen dutela.

        Arizale guziak oihalaren gibelean egonen dira, eta zoin bere aldian agertuko, soinuak deiturik.

        Errienta, bere paperak eskuan, antzoki zolan izanen da, beltxez bezti, xingola bat seinale, eginkizunen kudeatzeko, soinularien gidari eta behar orduan arizalean orroitarazle.

        Lehen bi aldetarik triatezain bat bazagon xutik arma eskuan, jendeen ixilarazteko xo eta xo-ka, bai eta tiro bat airean adiarazteko «batallan» norbait hiltzeko mementoan.

        Pastorala gertaldi hainitzez egina da.

        Gertaldi bat hasterakoan, teatroko mixkandisek ekartzen dituzte antzokirat hartako behar izanen diren kadira, mahain eta bertze zerak: mixkandisak dira neskatxa batzu xerbützari direnak, baina ez arizale.

        Orduan soinuak deitzen ditu gertaldiko arizaleak: aterako dira zoin bere atetik, urhatsean, musikari jarraikiz, eta lerroan emanen bazterrean, bakotxa haiduru dagolarik mintzatzeko aldia etorri arte, mintzatzeko beharko baitu teatro erdirat agertu.

        Egia erran, ez da nehor mintzatzen pastoralan; denak berset-ka kantatzen dira, eta beti ibiliz: aingeruak dira bakarrik mugitu gabe aritzen eta otoitz bat emaiten dutenak.

        Bainan ibiltze horiek ez dira nola nahikoak, bersetaren neurkadaren edo erritmoaren arabera egiten dira, eta neurriaren markatzeko arizale bakotxak kana edo makila bat badu eskuan eta hartaz lurra joz aldi bakotx adi-arazten du pondua.

        Bertzalde jartze eta ibil-inguruak arras desberdinak dira erregetarik eta jende xeheagoetara, hai eta girixtinoetarik turkoetarat, are gehiago satanetarat, hauk xingilika ari baitira, dantzatzen ez direnean. Balitake hartaz hainitz erraiteko. Kasik, pastoralaren legeak lekizkeen batek, arizalearen egon eta ibil-moldetik, ezagut lezake, zein alderdiko eta zein gradoko den.

        Arizalea, bere erraitekoak erran-eta, bere bazterreko lerro hartarat itzultzen da eta han dago gertaldiak dirauno; bere lagunekin baten sartuko da bere atetik, soinuak joitean.

        Orduan mixkandisek husten dute taulada eta satanek beren dantza emaiten dute «Bon voyage, cher Du Mollet» kantuak duen airean. (On da jakitea Pierre Du Mollet hori XVI garren mendean bizi izan dela).

        Azken denbora hauetan Sataneri ez deiete kasik dantza baizik uzten: lehen, parte gehiago hartzen zuten, gaixtoak lagunduz, onez trufatuz. Uste dugu, zenbait aldiz, askoren gustuko, ozarkiegi ari zirelakotz, errientek mututu dituztela. Ez zitzaie gelditzen türk hilen ehorzteko kargua baizik. Ez dea gutixko?

        Pastoraletako gertakarietan ikusleak biziki laket dituzte guduak eta arras-biltzeak.

        Guduari batalla erraiten zaio. Bi moduz egin ditake. Gehienetan etsaiak bi lerrotan emaiten dira bisian-bis tauladan, bizkarrez sahets-bazterreri. Lerro urdineko aintzindari bat jalgitzen da gorrieri buruz ahapaldi gaixto bat botatzen deiela joan jin batean, ezpata keinatuz. Gorri batek emaiten dio errefera jestu basa batzuekin eta «hu!» eginez zerrien uxatzeko bezala. Hiruzpalauetan elgar laidostatu-ta, soinuak jotzen du «batalla»ren aire berezia, eta dantza iduriko urrats batzuekin, musika segituz, ezpatak kurutzatzen dituzte neurriz dirrindatuz. Norbaitek hil behar badu, mixkandisek mihise bat hedatzen dute, hila haren gainerat eror dadin soinekoak funditu gabe, eta triatezain batek tiro bat igortzen du airean, heriotzearen seinale. Eta abar...

        Bertze batzuetan, handizkiago iragaiten da «batalla». Alderdi batek beretzat dauka antzoki guzia. Bertzea zaldiz heldu da tauladaren setiatzerat. Ahapaldiak oraikoan kanpotik barnera eta barnetik kanpora aldizkatuz doatzi, ez baita batere itsusiago. Gero zaldun batzu, zalditik jautsi-ta, eskaleretik igaiten dira oxtian bezalako guduari lotzeko.

        Pastorala-egilek, jendeari kausitzeko, gertaldi bat pasarazten dute, alegia mendiko bazkaleku batean: hor aurkitzen dire arresak beren artzainekin. Ardiak abilki iganarazten dituzte antzokirat, beren joare pullitekin. Artzainek bisitatzaileak ongi hartzen dituzte, behar orduan argitzen, eta beti ahalaz alegeratzen kantuz eta xahako ukaldiz.

        Zenbaitek uste izan dute arres-biltze hortarik heldu dela «pastoral» izena: bainan ez zaiku batere iduri.

        Antzerkia beti kantu eder batek bururatzen du. Lehen Te Deum kantatzen zuten. Aspaldiskoan üskarazko kantore bat emaiten da bi bozetan segurik.

        Ondarrean azken peredikia jaliko dute, aintzin-peredikia egin zen bezala, ixtorioa laburtuz, hutsez barkamendu eskatuz, kontseilu on bat emanez eta orori afari on bat opatuz.

 

 

Santa Grazi

 

        Pastorala zaharretan gaiak atera dituzte Bibletik, Sainduen bizitzetarik, literatura grekotik, erdi-aroko kantore eta nobeletarik, eta erdi-asmatu ixturietik.

        Arras berriki sort-herriko gaieri lotu zaizkie: Duvoisin kapitainak eta Hiribarren apezak egin zituzten lapurtarrez Marie de Navarre eta La guerre basque, bainan ez ziren egiazko pastoralak; Clement d'Andurainek, Justin de Menditte apeza lagun, izkiriatu zuen Uskaldünak Ibañetan, bainan ohiko legeri jarraiki gabe (1906).

        Pierre Bordaçarre (Etxahun-Iruri) hasi da zinez herritar gaiez pastoralaren hazten: Etxahun (1952), Matalaz (1955), Berterreix (1956), Santxo Azkarra (1963), Le comte de Tréville (1966), Chiquito de Cambo (1973), Pette Bereter (1973).

        Zazpi pastorala horietan norbait zen aipu bururen buru.

        Orai Aita Juhañe Casenavek ontu duen antzerkian herri batez izanen da solasa. Hain zuzen, Santa Grazi, Basabürü Ibar-exkerrekoaz. Urdaix zuen leku horrek lehengo izena, eta elizara ekarri ziotelarik Grazi sainduaren erlika, hunena hartu zuen.

        Toki zabal patartsua, dena hosin, arroka eta erreka, hiru muga joiten dituena: Biarno, Arragoia eta Nafarroa. Gaineratiko Xiberotik arras desgune delarik, ez da harritzeko horko jende ere poxi bat apartekoa baita, bai askaziz, bai jitez, bai euskalkiz.

        Duela hamalau mende sartu zen Euskal Herriko edesti edo ixtorioan herri berezi hori. Erronkarirako bide hertsi bat iragaiten baita horko harkaitz latz batzuen artetik, Nafar-alde pasatzen ziren asko jende leku hortan barna.

        Hain xuxen badakigu, 635ean Arimbert, Dagoberten jenerala ateka horietan garaitu zutela Euskaldunek, eta berdin geroxago Aba-El-Rahman, 732ean, Poitiers-tik ihesi heldu zelarik.

        Bederatzigarren mendean, Santiagorako beilak bultatu zirenean, Ziberon gaindi ere pelegrin zer nahi hasi ziren pasatzen. Urrundik jiten baitziren, usu nekaturik eta eriturik aurkitzen-eta, frailek heientzat bide bazterretan eraiki zituzten aterbe batzu: gisa hortan sortu ziren Ospitale-pia, Urdiñarbeko ospitalia eta Urdaixekoa, hau deitu baitzuten Ospitale gañia. Etxe huni zatxizkola eliza bat eman zuten eta frailetegi bat. Han Abadia bilakatu zen eta abade baten manupean baziren kalonje andana bat, otoitz egiten eta pelegrin artatzen ari zirenak.

        Abadia horren inguruan eta kasik itzalpean bildu zen egiazko herri bat.

        Abadia horren ixtorioa 1085etik harat aipa ditake gora-behera hainitzekin 1725eraino.

        Oraiko eliza hamaikagarren mendekoa da, eta segur ikustekoa. Hartaz ere balitake hainitz erraiteko, eta jadanik asko liburutan aipatua da.

        Parropian izan dira zenbait apez ezin ahanztekoak: hala nola Harrixabalet, Arrambide, Etxekopar, Etcheverry, zoin bere dohainekin.

        Kondatzekoak litazke Jeanne d'Albreten denborako erlisione-gudukak, Landatarren eta Barnabiten kontrako auziak.

        Eta zertako ez Erronkariko jendekin hain luzaz Santagraztarrek ukan dituzten har-emanak, ala kontrabandan, ala artzaingoan, ala gasnagintzan?

        Alta Santa Grazi herriko patroinaren erlika bera ez dea gai jakingarria? Ezen hexur saindu hori, Zakozatik ukana, galdu zen eliza erretzean, berriz eskuratu, Atarratzen norbaitek ebatsi Madalenako prosesionetik etxerakoan, ohoinak itzuli, erreboluzioneko gaixtaginek suntsitu, eta Zakozatik bertze bat Baionako apezpikuak ardietsi.

        Berdin gorestekoak litazke tokiko ohidura, jai eta jostetak, orroituz Hardoy pastoral-errient famatuaz.

 

* * *

 

        Egia erran, Juhañe Casenavek egin daukun pastoralak ez du Santa-Grazi herriaren ixtorioa bururen buru erakutsi nahi ukan. Haren xedea izan da oraiko Santa-Graziren aipatzea, zertan den eta nolako etorkizunari doaken.

        Berrogei-ta-zerbait antzezlari elgar-hizketan ari dira. Adi-arazi beharrez herrian non zer den onik, edo hobetu beharrik; bazter ederrak goresten dira, ba eta gune lanjerosak aitortzen; erraiten zaizkigu uhaitzen, ihiziaren, kontrabandaren abantail eta atseginak; ez haatik ixiltzen makurrak eta atsegabeak.

        Aditzaleak beti zerbaiten haiduru egon ditezen, Satanek elgarrekin apailatzen dute nahaskeria zerbait, herritarren arteko bakea galdu beharrez. Horrela Juhañe Casenavek itzultzen deie debrueri pastorala zaharretan zuten tentatzaile kargua eta ez daude dantzari huts. Aspaldion beba ginauden noiz mintzaraziko zituzten tusuri horiek. Horra beraz, gure iduriko, urrats bat ona.

        Bada haatik zerbait berririk pastorala huntan. Eta hori deitzen dute gibel-soa.

        Zineman usu baliatzen dena da: norbaitek gogoan duen aspaldiko orroitzapen baten erakusteko, agerpena hausten dute, eta lehen pasatu zen gertakaria orai agitzen balitz bezala emaiten dute ikusliarren bixtarat.

        Gisa ber-berean Santa-Grazi antzerki huntan gibel-soak egiten zaizkigu, eremaiten gaituztenak, konparazione, Jeanne d'Albreten edo berdin Dagoberten denboretarat.

        Galde egin dugu bertzalde nor onen atetik jaliko den eta nor gaixtoenetik. Erantzuna hauxe izan da: Santagraztarrak onenetik, bertze guziak bertzetik!

        Manera oroz, gauza berria izanen da: Santa Grazin Santagraztarrek berek beren xokoko euskaraz Santa Grazi goretsiko dute, eta ukanen dute merezi duten ikusliaralde haundia.

 

aurrekoa hurrengoa