www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERESIAK HAMABORTZGARREN MENDEAN

 

        BERRIKITAN aipatu ditugu emazte-mindurien bertsu edo dolamen bitziak.

        Eskual-literatura zaharrak andere handi batzuen eresiak badakarzkigu. Latinez elegia zitaken kobla molde hori.

        Andere horiek ez ziren dirutan artzen, ez eta bertzen kondu. Bainan orduko usaia baitzen, beren etxetako gertakariak kantuz goresten edo gaitzesten zituzten, okasione handietan.

        Kantu berezi hoik gehienak galdu dira, salbu orhoitzekoak ziren kobla batzu.

 

* * *

 

        Segur naiz irakurtzale zonbait bederen jakin nahiak direla nolatsu iragaiten ziren eresia-emaite horiek. Ez dakit Alos-torrea bezalakorik baditaken, gauza horren konpreni-arazteko.

        Beltran Perez de Alos, izen hortako dorre edo jauregiaren jabe zen. Bietan ezkondu zen. Lehen ezkontzatik ez zuen izan alaba bat baizik, Usua, dena ama, hots, prestua eta saindua. Bigarren emaztea ez zen arras berdina. Senharrra, Espainian gaindi Moroen kontra ari zelarik, Belea erraiten zioten jaun batekin ez zen ongi ibili: bastart bat sortu zaioten; eta Beltranen hobeki enganatzeko sinetsarazi nahi izan zion haurra Usuarena zela.

        Beltran ohartu zen bazela ixtorio-mixterio zerbait etxekoen artean, eta arats batez erori zen, alegia supituki hila.

        Kutxan etzan zuten jauregiko sala haundian eta zaldiz ekar-arazi zituzten ahaide guziak, gaubeilaren egiteko, usaian bezala.

        Kutxa idekia zen. Inguruan tortxo handi batzu eman zituzten pizturik. Eta gau-beilari guziak belhaunikaturik hasi ziren hilaren arimarentzat othoitz egiten, aho batez, elgarrekin.

        Bainan geroxago hileten aldia ethorri zitzaioten: beilari bakotxak behar zituen bere sendimenduak kantatu. Memento handia, zeren heriotzearen aintzinean husten baitzaizkoten zonbaiti bihotzak, eta ikaragarriko segretuak ere salatzen baitziozgaten elgarri.

        Andere xaharrek eman zituzten lehenbiziko eresiak: dudarik gabe hila laudatu zuten, zaldun eta gerlari famatua zela, aita ona eta senhar pare gabea.

 

* * *

 

        Usua xutitu zen azkenik, eta huna zer kantatu zuen. Zonbait hitz berritzen ditut, orok ongi konprenitzeko.

 

        «Etxe eder, leiho gabe huntan, ez naiz sartu zazpi urte hautan, eta zortzigarrenean, neretzat zorigaitzean, Aita Beltranen hiltzean.

        «Ama-andre nerea nitaz bi erdi egin zenean, mila oilo hil eta ezkaratzean, zazpi zezen korritu ere enparantzian: ni ere banindagon lumatxoen artean, eta nere ama andrea urhe gortinen artean.

 

        (Hots, sortu zenean, besta handiak egin zituzten)

 

        «Gero, Bidania guzian, bat zen erhorik eta zororik: Aita-Jaun nereak hura senhartzat eman zautan, bainan ez nezake truka hobiagoarentzat.

        «Aita-jaun nereak niri eman zautan gaitzuruka dotea. Ama-andreak ere ixilik bere partea.

        «Lehen gauean begi-bihotzak loaren menean, bai eta berriz ere bigarrenean; hirugarrena iragan baino lehen ongi alegeratu zinen, Alos-torrea, heldu zelakotz ni baitan semea.

        «Alos-torrea! Bai, Alos-torrea! Alos-torreko eskaler luzea! Alos-torrean nindagonean iruten, Bele beltzak kua, kua leihoetan! Handik jeiki eta urhe kiloaz jo nuen. Bainan handik laster berri gaixtoak jo ninduen.»

        Orduan Belea deitu zaldunak erran zion:

 

        «... ixil, ixil! Ama-saltzale alaba! Ez da hori zuk erran beharra!»

        Eta Usuak aintzina:

 

        «Ixil, ixil, zaldun odol txarreko gaztea! Are gutiago zen zuk, egin beharra!»                «Ahizpa ederrak hor daude, ederrik eta galantik, erhi ederrak erhaztunez beterik, ez daukatela mantoetan zilorik; are gutiago begietan nigarrik!

        «Ama-andreari ere bai alegrantzia dario; nere bihotzari bakarrik mindura-dario!

        «Afta-jaun nerea Gaztelan zenean, ixil askorik sortu zen Alostorrian semea; eta ixilagorik dago bakean hazten, Zarauz aldean, gure familiaren desohorean.

        «Ai hau mindura beltza. Ai nere ahalgea! Alabak nigarra eta aitak lur hotza! Zeinek lohitu zaitu, zu, Alos-torrea! Ai, nere Aita maite-maitea, hiltzea ongi egin duzu, Aita-jaun maitea!»

 

* * *

 

        Diote, Usuak kantua bururatu-ta, Beltran jalgi zela bere kutxatik, eta ezpataz hil zituela emaztea eta Belea.

        Zonbaitek ez dute uste Beltranek hilarena egin zuela, bainan egiazki hil zenean pasatu zela Usuaren xuriketa hori.

        Banago zer begitarte egin zioketen ahaidek!

        Zer nahi den, orai konprenitu-duzue zer zitazken eresiak.

 

aurrekoa hurrengoa