www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ARNAUD D'OYHENARTEN
HERIOTZAK 300 URTHE

 

        ARNAUD d'Oyhenart handia Gipuzkoan edo Bizkaian sortu balitz, segur naiz aurthen besta eder andana bat eginen zituztela haren ohoretan. Baditu alabainan hirur ehun urthez xuxen hil dela Mauletar idazlari jakintsuna.

        Ez da agian berantegi hartaz orhoitzeko: abendoan bederen ez othe lakioke apaila goretsegunto bat Maulen, hor sortu baitzen, edo Donaphaleun, hor bizi izan baitzen berrogoi urtez eta hor hil?

        Anartean bi hitz zor diozkagu naski kazeta huntan ziberotar famatuari.

 

* * *

 

        Aita Oyhenart-tarra eta ama Etchart-tarra izanki familia onekoak ziren Amaud eta Jacques d'Oyhenart bi anaiak, hamazazpigarren mendean.

        Jacques, zaharrena, Nafarroako kantzeler-kontseilaria zen, Donaphaleuko Jeanne de Vidart andrearekin ezkondua, beren haurretan bi aphez ukhen baitzituzten.

        Amaud, Jacques baino ezagutuagoa, 1592an sortu zen: gain-gainetik eskolatu zuten burhasoek, eta Bordelen ederki ikasi zuen Dretxoa. Laster abokat pasatu zen.

        1623an, Ziberuko jende-xehek beren «zindika» edo deputatutzat hautatu zuten, ez baitzen naski aitoren-semetarik. Aphezek eta aitoren semek beren zazpi ahalak egin zituzten hautu hori hauts-arazi nahiz, bainan Oyhenartek kargua atxiki.

 

* * *

 

        Zindika-kargu hortan ez zen lo egoitekoa.

        Bere sort-herriaren eta herritarren intresez arras grinatua zen. Zergak eta legarrak nahi zituen ttipitu; haatik gaizkigilen amandak emendatu, alde batetik zuzentasun gehixago izan zadin, eta bertzetik nolazpeit behar baitziren halere herriko sos-kutxak bethe. Neholaz ez zuen onhartzen jendeen ez herrien lurrak aitoren semek, edo gobernadorek, edo erregeak bere zitzaten. Hortan Matalasen ideietakoa zen, eta ez Treville-enetakoa.

        Bertzalde Biarnesek eta Baxenabartarrek aise bahitzen omen zituzten Xibero-mugetako arres eta kabaleak. Oyhenartek zonbat auzi ez du gidatu, Xiberotarren alde, arres eta kabale horiek turna zakizkioten!

        Paueko Parlemantean buruzagiak kexu ziren abokat nahasi horren kopetaz, eta heien manuz Donaphaleutarrek arrestatu zuten eta preso eman, Ziberotarrak soberaxko gerizatzen eta berotzen ere zituelakoan. Halere laster libratu zuten, eskandala gogorra baitzen holako gizon baten bahitzea, eta bazterrak, jabaltzeko orde, sumindu baizik ez baitziren.

        Hortik beretik ageri ahal da jende xeheak ez zuela hain hautu txarra egin!

 

* * *

 

        1627an Donaphaleurat ezkondu zen Jeanne d'Erdoy, aitoren alaba alargun batekin: hunek berrogoi bat urthe zituzken, bainan fortuna ederra. Lur noble batzuen jabe egin baitzuen ezkontza horrek, Oyhenart sartu zen noblen erronkan, aitoren seme izan balitz bezala.

        Nafarroako Parlemantean onhartu zuten abokat gisa, Pauen; eta geroxago Bordalekoan ere sartu zen, Gramont-tarren ontasunen begirale nausi zelarik.

 

* * *

 

        Oyhenartek, bere zindika eta abokat lanez bertzalde, denbora hainitz bazeraman ixtudiatzen eta izkiriatzen. Latinez, frantsesez, espainolez eta eskuaraz izkiria zezaken; italianoa eta greka aise irakurtzen zituen.

        Latinez eta frantsesez hainitz lan, eta lan luzeak, utzi ditu izkiribuz. Damurik, barreatuak baitira! Pariseko «Bibliothèque Nationale» delakoan 29 liburu badira haren eskuzko paperetarik, Duchesne, Baluze, Fonds franjais, eta Clairambault bildumetan.

        Aucheko Seminarioan ere haren paper moltxo bat bada. Gaineratikoak luzaz Donaphaleun egon dira Oyhenarten ondoko familia batzuetan, bainan Paul Labrouche zenak bildu zituen eta orai Paueko liburutegi haundian altxatuak dira.

 

* * *

 

        Berak ager-arazi zituen: latinez liburu bat Nafarroaren dretxoez, bai eta Eskual-herriko bi parteen ixtorio bat, Notitia Utriusque Vasconiae; eskuaraz erran-zahar bilduma bat, eta berak eginikako bertsu-andana bat.

        Erran daukute «Gure Herria» errebixtan laster agertuko dela haren Art poétique basque, Donaphaleuko Michel Barbaste jaun medikuak bere etxean aurkitua.

        Aizinadun batzuek behar lituzkete ikertu oixtion aipatu paperak, ikusteko ez denetz agertzeko balios litaken bertze lanik.

 

* * *

 

        Horiek hola Arnaud d'Oyhenart Donaphaleun bizi izan zen bere emaztearekin. Hau hil izan zitzaion 1653an. Eman ziozkan hiru seme: Gabriel ukan zuen premu eta ondoko; Pierre apheztu zen eta Behauzeko erretor izan; Jacques jesuistetan sartu.

        Bera 1667an hil zen, ez dakigu zoin egun ez zoin hilabethez. Bainan iduri zaiku nolazpait markatu behar ginukela haren hiltzeko hiru-ehungarren urtheburua.

 

aurrekoa hurrengoa