www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

«LARREKO» ESKUALZALE ETA IDAZLARI

 

        Ezin ederkiago erranik aditu duzue nor zen Don Fermin Irigaray auriztarra: gizon eta mediku gisa, dena bihotz eta jakitate. Ene gain dago orai eskualzale eta idazlariaren aipatzea.

        Ez dut bera behin baizik ikusi, eta orduan ere doi-doia mintzatu, zonbait minuta. Auritzeko herri huntan, oraino apezgai nintzelarik. Solbezio egun batez, Arnegiko Don Lorenzo Polit zenak «Larreko» jaunari ninduen presentatu eskualdun berri bezala.

        Nork zuen asmatuko, handik hogoi bat urteren buruan, eskutitz har-emanetan jarriko ginela gu biak, eta berrogoi-ta-hamar urteren buruan nik hemen goretsiko nuela.

        Jainkuaren nahia, dudarik batere gabe.

        1919ko Abenduaren 5ean Eskualduna deitu Baionako astekariak atera zuen artikulu jakingarri bat: hartan «Larreko»k berak erraiten zuen, baizik-eta eskuara, bere burrasuen mintzairea, poxi bat ikasi nahi izan zuela bere lanpidea gatik, eriekin marruskatzeko, bainan ez bide zuela biziki iraunen haren indarrak, baldin Sabin Arana Goiriren erakaspenak ez balioke bihotzean aberzaletasuna piztu, ordutik osoki eman baitzitzaion, Euskual-Herriaren maitez, eskuararen beretzeari eta lantzeari.

        Irakurtzen zituen eskuarazko liburuak eta dena beharri bazagokioten baserritarreri, nola zerabilaten Nafarroako hizkuntza zaharra, bere erran-modu eta joskera berezienekin.

        Bainan 1921eko Gure Herria delako aldizkarian aitor zuen, Geroko gero bat eskuraturik, AXULAR baitan nehun ez bezalako argiak aurkitu zituela, jadanik eginbidez hanbat atxikitzen zion eskuara, handik goiti atseginez ezin utzia zaukan eta bertzeri ezaguarazi beharra.

        Geroxago Eskualduna Kazetan, Axularrez bertzalde, artamendatuko ditu gain-gainetik Sebastian Mendiburu, Domeka Aguirre, Armond Abadie eta Hiriart-Urruty.

        Bere eskual-lanean bakarrik ez egoiteko eta menturaz bertzen sustatzeko ere sartu zen asko asko batasunetan. Izenda ditzagun Nafarroako euskararen adixkideak, Euskaltzaleen biltzarra, Euskal idazleen elkargoa.

        Zer nahi eskual agerkari irakurtzen zuen: 1925eko Maiatzaren 15ean Euskalduna astekarian aipatzen zituen giro hartan euskalzale batek eskura zezazken irakurgai baliosenak: ez ziren guti.

        Beraz idazten zuen nasaiki hainitz aldizkaritan, nahiz aldian zonbait lerro bakarrik. Ikus haren denborako Argia, Euskalduna, Gure herria, Eskual-esnalea, Herria eta abar.

        Iker bazinetzake Iparreko gure agerkariak hetan ihaurri atxeman zinetzazkete «Larreko»ren artikuluak, bereziki Euskalduna delakoan.

        Egia erran, har-utz-ka ari zen: hiruzpalau ilabetez asteoroz berriak igor eta bet-betan geldi, gero berriz noizbait bere saila hartzekotan. Luzexko ixilik egon-eta, bera harritua zagon, agortuz bezala kausitzen zela, zertaz mintza ez jakin. Bainan laster iragoiten zitzaion ele-debekua.

        Goazen gaingiroki erran berriketari gisa zertaz ari zen ardurenik eta nolako ohi zuen idazkera.

        Funtsean, uste dut ekei guziak on zitzaizkola, aldez edo moldez, euskal hitz edo modu zerbaiten sahatzeko parada emaiten zioten ber.

        — gehienetan aroa aipu zuen: euri, lano, babazuza, elur, eguzki, ateri, beren erra.

        — gero sasoineko osagarria: jenden eta aberen eritasun eta heldeak: nabarreria, berrogei egunetako suharra, gripa, satarra, minondorra, karbanko gaitza...

        — handik landa merkatuko berriak: zonbatetan, xaalkia, babarruna, azukra kiloa, arroltze hamabikoa.

        —hala-hola laneko gora-beherak: lan gabea, sindikaten lan uzteak, nausien lan gelditzeak, denak alfer-aldi deitzen baitzituen...

        —politikaz ez zuen bere eritzirik emaiten, aipatzen hargatik ba auteskundetako kargudun-gaiak: jaimista, maurista, integrista, euskotar, liberal, zozialista...

        —ez zituen ixiltzen nahaste batzuen dinamita eta bonba uhaldiak, ez eta orduko poliza-gizonen egitate garratzak.

        —ixtripuak ez zituen ahanzten = etxe erretze edo lehertze, zubi kraskatze, mendi-litamendu, itsas-untzi hondamendu...

        —gaitzesten zituen kulpekariak, edaleak, lizunak eta heien egitate hitsak.

        —goresten aldiz ohiduren begiraleak, behardunen laguntzaleak, familien babesleak.

        —elizkizunen berriak ere emaiten zituen: misione, prediku, hilmeza, apespiku-gutun, aste-saindu, beila, ba eta Limpiasen bezalako miragarria, nahiz hautaz zuhurtzia handirekin mintzo zen, arrazoinekin.

        Herria Baionakoan ager-arazi zuen isendalari baten argiak apez gazteen laguntzeko, eri-handietarat deituak diralarik.

        —hil handiak ere agurtzen zituen, hala nola Joffre jenerala, Mussolini edo Domingo Aguirre apeza.

        —Eskual-herriko idazleri gogotik igortzen ziozkaten zorionak haien liburu edo berdin artikulu pollitak laudatuz = orroik nahiz horrela lorestatu zituela zoin bere aldia gure eskualdeko Barbier, Oxobi, Antxuberro, Zerbitzari eta Etchepare medikua. Bai eta lau idazle nafartar = Lahain, Oxinburu, Astobizkar eta Aitz-zuri: lauak Eskualdunaren berriketari zirenak.

        -zonbait aldiz kazetatik egiten zituen bere gomitak: behin horrela deitu zuen Saint-Pierre Auritzerat, bazkaldu-eta baziozkala herrian asko gauza pollit erakusteko.

        -Gaiak hain desberdinak izanez, artikuluak ez zezazken ukan denek doinu bera. Ez behar ere. Gehienetan seriosak ziren; arras bakan saminak, behin gertatu zitzaion bezala, gazte batzuek eskandala gorria ortzirale sainduz eliza batean emanik.

        Batzutan xantxa edo murrika pollikixko bazerabilan bere buruaren lepotik, erran badezaket.

        1919ko hazaroan, Eskualzaindiak urgazle izendatu zuelarik, huna nola Baionako astekarian eman zuen berria:

 

                «Akademia vasca» delako edo

                Elezaingoari ene onespena.

 

        Ez dakit bide zuzenetik, ni ote naizen Elezaingoko laguntzale Irigaray hura (ni baino Irigaray geigo bai-dabiltza bazterretan): baina, aspaldidanik euskaraz ari gera orri zikintzen, ni naizela uste dute aunitzek, eta onela bada ene esker berezi bat Elezaingoari.

        Zoritxarrez, ene laguntza apurrakin, guti irabazi duke batza unek. Baña, nola nai den, or doakuzue biotz erdi-erditik ene onespena».

        Handik zonbait asteren buruan, Bilboko bilkura batean Oxobi begitarte ilun batekin eskuararen geroaz arras etsitua atxeman zuten. Huna nola don Ferminek hazeka berean ihardetsi zion:

        «Egia diozu: euskara galtzen da, bazterretan galdua du.

        Mendiz hunaindiko irixketan biotzeraino sartua dugu espainol-erdara.

        Baino, egon apur bat: biotzeko min orren osatzeko gaia autatua dute. Ni naiz.

        Alderdi huntako egunkariek ba-eiki adiarazi ziguten, nolaz, bertze batzuen artean berezi ninduten Elezaingo lagun...».

        Segidan eratxikitzen zuen eskuararen begiratzeko ez zela bide bat baizik: deneri ezagut-araztea gure aberriaren mintzaire berezia dela.

        Mussolini famatuaz egin zuen artikulu bat frango gazia. Azken lerroetan auxe ezarri zuen:

        «Beharrik italianuek ez dakite euskaraz; balakite, sala nindezakete».

        Orai, bukatzeko, zer erran Larrekoren idazkeraz? XVII garren mendea hastearekin Malherbe-k nahi izan zuenean frantsesa frantsesagotu, ez zitzaiuten gramatikatzaileri jarraiki, are gutiago gorteko jaun-andereri. Portuko behar-ketariak hartu zituen maisutzat: langile horiek ez zituzken latinak, ez grekak, ez italianuek kutsatu, letradunak bezala.

        Don Ferminek berdin nekazari eta menditarren ahotik hartzen ohi zituen, bai eskual hitzak, bai eskual erranerak. Iduriz ez zen hain gaizki jokatzen. Ala bainan den lekutik baizik deus ezin bil. Kale edo karrikako eskualdunek orotsutan hitz biziki gutiago derabilate bertzek baino: artzainek bana bertze bira mila badeuzkate, laborariek hamabira ehun, plazakoek zortzi bat ehun, gorenaz. Hitzez erran duguna, errepika ditake eskual-modu eta joskeraz.

        Hiritar zonbaitek ez dute gauza hoitaz ohartu nahi. Alta bistan da gatz gehiago baduela, erdarak kutsatu ez duen eskuarak.

        Horrek ez du erran nahi beti eta beti molde beretan itxuri behar ditugula gure gogoetak. On baino hobe da segur azkatasun poxi bat edukitzea eskuaraz ere, hizkuntza hertsi eta linbroegi atxiki gabe.

        Larrekoren eskuarak badu behar bada han hemenka bortxa aire bat, idor eta gogor aide bat, bainan oro har, Jean Etchepare medikuarenak bezala «jaun» emaiten du, demokrazia aro huntan ere, ez baitzaiku batere itsusi:

        Aingeru Irigaray jauna, «Prosistas Navarros» zure liburua atsegin handirekin irakurri dut behin eta bietan. Zure aitaren lanari iduri zait ez diozutela aski leku eman = badira artikulu ederrak, agertzea hartze luketenak, Larreko maitearen ohoretan eta eskuararen onetan.

        Egun batez agertze hori eginen dalakoan, deneri bihotz, bihotzetik agur.

 

aurrekoa hurrengoa