www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

AITA BLAS MENDIONDOKOA

(1873-1914)

 

        Aurten ehun urte, sortu zen euskal-idazlari bat, orai gehienek ahantzia. Haren orroitzapena nahi ginuke lerro hautan laburzki piztu, GURE HERRIA agerkarian luzexagoki apaitzeko bezperan.

        Lekorneko eliza-agerien arabera Luka Babaquy 1873ko abenduaren 20ean sortu zen. Agerrean, Aita, Pierre Babaquy zuen, etxekoa. Ama, aldiz, Graziana Arrambide, Baigorriarra.

        Sei haurriden zaharrena zen: arreba bat bazuen, Maria, eta lau anaia: Jean (cadet), Jean (Menez), Jean Bautiste, Jean Pierre.

        13 urtetan ama hil zitzaion, 17 urtetan aita. Beharrik etxen osaba bat nausitu baitzen haur hoien guzien gidatzeko.

        Lukak gazterik ikasi zuen irakurtzen eskuarazko katiximan. Hamabi urtetan Hazparneko Freretan iragan zituen sei ilabete, ez gehiago.

        Eskolatik gelditu-eta, berehala lur-lanari eman zen, osabaren manupean.

        Herrian mutiko serios baten fama zuen: aho garbia, xehea, elizakoa, pilotari, pollita, kantaria, etxe onekoa, irakurtzailea.

 

* * *

 

        Hemezortzi urte zituzkeen, gertakizun harrigarri batek inarrosi zuenean.

        Egun xehatzen ari omen zen, iluntzean. Eta horra bet-betan galde bat senditzen omen gogo guzia setiatzen diola:

        Zer duk mundu hau? Bai, funtserat eta zer duk? Arrunt zurabiatua dauka gogoeta horrek.

        Lana egiteko izaki, egin nahi nolazpait eta ezin. Azkenean eskuan zuen aizkora edo puda bere gisa utzirik, hor hartzen da, dena pentsaketa, biziaren nora-bideaz, bere biziaren nora-bideaz.

        Ororen buru, berak ez dakiela nola, ideia bat heldu zaio:

        — Apez banindadi?

        Egunak joan, egunak etorri, ideia ez zitzaion histen, hazkartzen baizik.

        Etxegarai apeza, Lekurneko bikario hamabi urtez egona, herrian berean erretor izendatu berria zen. Luka ongi ezagutzen zuen. Mutikoa joan zitzaion bere kasuaren aipatzerat.

        Abegi ona egin ziola apezak, ez da dudarik; bainan zuhurtziarekin. Adin hortako bokazionea behar zen frogatu. Otoitz eta sakramendueri jarraik-arazi zuen nasai-nasai, bainan deus ere kendu gabe etxeko eginbidetarik.

        Ilabeteak iragan ziren eta Luka egundaino ez bezela apezteko xedetan egoki.

        Jaun erretorak pentsatu zuen frugantzak aski iraun zuela eta erran zion gazteari:

        — Lehen bai lehen parte emak osabari hire xedetaz.

        Osaba ez zitzaion estakuruka hasi ere. Agerretik atera zen jadanik apez bat, Paulino Babaquy. Bidarteko bikario hil zeno 28 urtetan pikotak ere emanik, 1869 ko irailaren 21ean. Zertako ez zen etxe beretik bertzerik aterako?

        Osabak ihardetsi zion ilobari:

        — Jainkoak zer galdatzen baitauk eta hura egizak. Ene gatik libro hiz.

 

* * *

 

        Luka joan zen Belokeko Beneditanoen Komenturat. Han mintzatu zuen Dom Agustin Bastres abade famatua: ea hura ere bere komenturat har zezaken, bai ala ez.

        Dom Bastres han zagon duda mudatan. Mundutik urrundurik apez egiteko xedea bai xede saindua zitzaion, bainan adina hor izaki eta apezteko eskolak ez ttipiak.

        Lukak konprenitu zuen ez zuela jo... behar zen aterat. Lekornerat itzuli zen, soldadugotik landa ikustekotan.

        Luka Babaquy Baionan hiru urte egon zen soldadu, 49 garren erreximenduan. Serjant gradurat ere heldu zen, eta asti-orduak baliatu zituen eskolatzen.

        Baionan ohartu zen bazela kaputxin komentu bat eta bere buruarekin egin zuen:

        — Beharbada horiek hartuko nie.

        Desarmatu bezain sarri, Etxegarai jaun erretora lagun, harat jo zuen. Kaputxinen buruzagiak bihotz-bihotzez hartu zuen: anaiatzat, hasteko eta bat, onets zezaketen duda-mudarik gabe, berak nahi zueneko; apezgaitzat, aldiz. Probintzialak erabaki behar.

        Babaquyk deliberatu zuen zango bat bederen sartuko zuela kaputxinetan, bigarrena ere jarraikiren zelako peskizan.

        Lekurnerat joan zen, ahaide-adixkideari agurrak egin beharrez, eta berehala Baionako Kaputxin-etxerat itzuli, geroaren haiduru. Latinaren ikasteko gramatika bat eskuratu zuen eta hartan murgildu.

        Baionako buruzagiak hartsuki artamendaturik Tolosatik baia etorri zen. Babaquy on-har zitakela anaiagaitzat bai eta apezgaitzat.

        Berehala Luka bidali zuten CARCASSONNE hirirat. Hango komentuan frailegurat heldu zen, BLAS izena hartzen zuelarik.

        1899ko irailaren 9an eman zioten kaputxinen jauntzia: ondoko urtetan lehen botuak egiten zituen (1900-IX-17).

        Millan-ko eskola baterat igorri zuten ikasle-zain bi urtez.

        Frantziako lege tzarrek fraileak desterratu zituzten. Tolosako Probintziako kaputxinak Espainiarat joan ziren ihesleku-beha, Burgosetik haratago.

        1903ko urriaren 4ean Blas anaiak egin zituen alde bateko botuak eta hura ere Espainian sartu, teologiaren ikasteko.

        1906eko martxoaren 31 an Burgosko artzapezpikuaren eskuetarik hartu zuen apez-ordenua.

        Buruzagiek deliberatu zuten Baionako diosesako Euskaldunez arloa hartuko zuela. Oiharzunen izanen zuen egoitzar, Legarrean, eta handik joanen zen Behararan predikatzerat, mugaz bertze alderat.

        Adorazione, lehen komuniona, erretreta, Heren-ordenako biltzar, orotarat bazuen deia. Laster predikari handitzat famatu zuten bazter orotan, eta galdatu zioten otoi publika zitzan bere prekikuak apezen zerbitzuko.

        Horrela hogoi-ta-lau prediku segurik makina jo zituen eta polikopiatu.

        Aldiz, 35 hitzaldiz eman baitzituen HEREN-ORDENAKO ERREGLAREN XEHETASUNAK, liburutan agertu ziren 1914ean.

 

* * *

 

        1914eko gerla hasi zenean, Aita Blasek ez zituen bere 41 urteak bete.

        Nahiz Frantziak desterratua, sartu zen berehala frantsesen oinazetan parte hartzera. Baionako gaztelu berrirat presentatu zen eta soldado laguntzailetzat hartu zuten bere adinaren gatik.

        249 garren erreximendua ari zuten apailatzen gudu-tokietarat igortzeko.

        Aita Blasek jakin zuen erreximendua hortako Euskaldun eta Landesen artean ez zela nehor apezik. Orduan deliberatu zuen joanen zela heiekin eta aintzindariei galdegin zeien fagore hori. Aise ardietsi zuen eta, diotenez, gerlari gaiek atsegin handia ukan zuten hain lagun goxoa harturik.

        Azilaren hogoian joan zen Baionatik 249 garrena eta Aita Blas loriatua zen lagunen artean egiten ahalko zuen apez-lanez.

        Zorigaitzez apez-lan horrek ez zion luzaz iraunen. Gerla-pezoinetarat orduko azilaren 26an skrapnell bala batek kolpatu zuen handizki, eskuineko sorbaldatik sartu eta biri gain-aldean gelditurik. Orduko gutun batzuek eman xehetasunetan har ditzagun bizpahiru. Bonbardamendua hastean Aita Blas bi lagunekin zen eta hirurak otoitzari lotu zitzaizkon bere alde.

        Bet-betan gainerat erortzen eta zartatzen zaie obuz bat. Hiruak hunkituak dira: kaputxina sorbaldan, bigarrena ixterrean, hirugarrena hil-etsian delarik.

        Azken huni oharturik, Aita Blas herrestazen da ahal bezala, hiru aldiz alditxartuz atsoluzionaren emaiteko, hiltzen ari den lagunari.

        Berak ere elizakoak ukan zituen Etienne dominikano baten gandik eta eritegi batera ereman zuten, ziolarik: «hobeto zen ni hiltzea, bortz haur alargun bat uzten dituen euskaldun gaiso hori baino».

        Ondikotz, biharamungoan, azilaren 29an, Aita Blas gorputz zen.

        Ehorzketa ederrak egin ziozkaten, hainitz soldadok inguratzen zutela haren kutxa, eta bereziki heien arteko hamalau apezek. Marne departamenduko Fismes herrian ehortzi zuten soldaduen hil-harrietan. Bainan hil-harri horiek desegin zituzten gerlatik landa eta gorputzak bertze nonbait ezarri. Ainhoako jaun erretor den Jean Babaquy Aita Blasen iloba, ibili da osabaren hobi berria nun den jakin nahiz, bainan ezin du atxeman.

 

* * *

 

        Haren Obraz, bi hitz bakarrik.

        Oixtion iragaitean aipatu ditugu haren 24 prediku eta «Heren ordenako erreglaren xehetasunak» deitu liburua.

        Bonifacio de Ataun Aita Kaputxinak Ameriketan agertu artikulu batean salatzen du, Espainiako gerla hasteko mementoan, Ondarrabiako komentuak bazauzkala Aita Blas zenaren paper batzu, bainan ez jakin han egon zirenentz. Harat jo dugula asma dezakezue. Zorigaitzez komentu hartako libur-zainak ez du orai arte paper balios horien hatzik ere aurkitu.

        Lekarozko komentuak aldiz, mailegatu dauzku 24 prediku polikopiatuak. Heietan Aita Babaquyk azaltzen ditu Jainkoaren lehen mariamenduak, laugarrenaren alartzean gelditzen delarik. Funtserat eta hiru bertute teologalak ditu bereziki ikertzen.

        Heren Ordenako erreglari buruz ere predikuak egin ditu eta liburütan ager-arazi. Aita Saindua Leon hamahirugarrenak berritu legea oinarritzat hartuz eta hari hertsi-hertsia jarraikiz.

        Berak bere aintzin-solasetan aitortzen du bere Ordenako jakintsunek han-hemenka eman xehetasunez baliatu dela; bainan ez du bibliografiarik erakusten.

        1860etik ordu arte San Frantsesen Heren Ordenaz hamar bat euskal liburu agertu baitziren ez dakigu ea heietarik batto ere irakurri zuenentz.

        Haatik segur gira euskara hainitz bazuela irakurturik: ezen ez du izkiribuz ardurenean ez aitaren, ez amaren euskalkirik erabiltzen, ez Lekornekoa, ez Baigorrikoa; bai ordean Lapurdiko klasikoa. Adibidez, ez du izkiriatzen NIZ, HIZ, GIRA, ZIRA, ZIREZTE, ZAKON, ZITZAKON, bainan NAIZ, HAIZ, GARE, ZARE, ZARETE edo ZAREZTE, ZAION, ZITZAION, eta abar., zonbait aldiz, arras bekan, ZAIZKE ezartzen badu ere ZARETEren orde, edo ZEIE, ZAIOTEren lekuan.

        Zer nahi den, euskara herrikoia du, errexa, frango garbia halere bainan bere baitarikako hitz berririk gabea. Bi hitz baizik ez diozkagu altxatu, hiztegietan ez direnak: BEHARREZIA (gabezia bezala egina) eta BIOLA, beihalaren ordezkoa.

        Joskera aberatsa du. Ez da beti beretik artzen. Solasa badaki nota laburt ala luza. Aditza noiz balia, noiz ken. Hitzari zer gisaz gafrantzia eman.

        Erakuspenari buruz, ez otoi bila haren predikuetan filosofia bihurririk ez teologia goiegirik. Ez da leize horietan galtzen.

        Jakin eta nori mintzo den, bere ardurako aditzaileen hein hura aski zaio. Haatik jakitate komun hori maisuki azaltzen du: argiro, bidezki, adimenduz eta bihotzez.

        Ageri du Diharassarry baten eskolakoa dela, bainan Saratar famatuak eskas zuen goxo batek lagundurik. Hiriart Urrutyren eite hainitz baluke, haren bizitasuna eta luma xorrotxa balitu, doi bat alegrantziarekin. Aita Blasek ez bide zuen bere luma lerratzerat utzi nahi ele jostagarrietarat, berenaz gizon plaxenta alegera eta lagunkina zelarik.

        Damurik gerlak landare Fruitutsu hori errotik moztu baitzaukun Euskal literaturaren kaltetan.

 

aurrekoa hurrengoa