www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

AXULARREN LIBURUAZ

 

        Jaunak eta andereak.

        Haurrean bazkari egiterat berant heldu ginelarik, aitasok erraiten ohi zaukun «berant jinak mahain-petik xixtu». Hemen ere orobat ditake. Bizpahiru gizonek gai bertsuaz mintzatu behar dutelarik, azkenari gertha dakioke, erraiteko deus berririk gabe gelditzea; eta beldurtzeko da, bertzek jada aipatuak errepikatuz, azken horrek bere aditzaileak asper eta unha ditzan. Ene kasua da, bainan ez zaituztet luzaz enoatuko. Bertze aintzin-solasik gabe goazen laburzki Axularren liburuaz.

 

 

IXTORIO

 

        Liburu horrek fama txarrak ukan ditu. Kondatu dautet Urruñan gerthatu aspaldiko ixtorio bat: Olhetako gizon bat hilhurrana, elizakoak hartu beharra, eta arras eskuetarik joana, aphezari nehundik salatzerat ezin menturatuz, bazuela gazte-gaztetik ohe lastairaren azpian gordea, sorginkeriazko liburu bat. Herioa hor heldu, arima hortzetan eta, azkenean deliberatu zen ikaragarriko bekatu horren aithortzerat, eta eskuetarat eman zion jaun bikarioari, etxean erretzeko, pentsa zer? Axularren GEROKO GERO zahar bat, bipiek erdi-jana. Giza-gaizoa! Irakurtu izan balu, ohartuko zen ez zaukala sorginkeria izpirik liburu horrek.

 

 

BI AINTZIN-SOLASAK

 

        Huna zer den liburuan. Sailari lotu gabe, Axularrek bi aintzinsolas emaiten ditu:

        Lehenik «gomendiozko karta» bat Bertran d'Etchauz Turs-eko Jaun Artxapezpiku baigorriar zenari: adixkide eta ongi egile handiaren orhoitzapenak erreberritzen ditu, eta bere liburua haren geriza-pean igortzen du jendeen arterat, orotan onetsia eta onhartua izan dadin. Bide nabar Etchauztarren balentriak goresten ditu bereziki Higenauten kontrakoak eta azkenean, berak dion bezala «hemengo aldia egin hurran baitu», ez du lehia bat baizik: berak ere bere adixkide zenaren zorionaren ardiestea. Lerro-aldi guziz hunkigarria.

        Bigarren aintzin-solasa irakurtzaileari: nola hartu duen GEROaren moldatzeko xedea: bera baino egile hoberik aurki zitekeelarik, nehork ez hasi nahi-eta, bera ahal bezala lotu dela sailari; lanaren hutsak ez direla eskuararen gain eman behar, eskuarak ez duelakotz hortan hobenik. Artetik xehetasun zonbait emaiten ditu izkiriatzeko moldeaz, bai eta jakin-arazten, aphailatu dituen bi zathietarik ez duela lehena baizik ager-araziko, huni jendek zer begitarte eginen dioten ikus artean.

 

 

OBRA BERA

 

        Obrak alabainan bi parte ditu Axularren gogoan:

        — lehenbizikoan emaiten du aditzera zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak egitekoen geroko uzteak.

        — bigarrenean kidatzen du eta aitzinatzen, luzamenduak utzirik, berehala bere eginbideri lothu nahi zaikana.

        Liburua irakurtuz aise ageri ditake nor-nahiri, kapitulu guziak ez direla behar luketen lekuan. Nola behar litazken ondozkatu eta elgarri jarrik-arazi, ez da argi-ere. Inchauspe zenak bere gisako segida batean ezarri zituen, bainan bertze arrimurik asma ditake.

        Gure iduriko, lehen parte batean Axularrek erakusten dauku zertako ez den luzamendutan ibili behar:

        Lehenik, geroko uzten den konbertsionea mentura txarrean delakotz; alabainan geroa ez da gure eskuko, geroago eta nekezago da onerat itzultzea.

        Bigarrenekorik, gure bekatuzko estatuak zeru-lurrak isten ditu. Hirugarrenekorik, bekatuan egoiteak dohakabe uzten gaitu: alabainan bihotza doluminez dauka bekatoreak; bekatuan higatu denbora galdua du; eternitatea galtzen du; ez du ezagutzen bertutearen gozorik.

        Zathi hortarik jalgi ditaken xedea: kofesatu behar da eta ongian iraun.

        Bigarren zathian xehe-xehea ikertzen ditu lau bekatu nausi: alferkeria, zin egiteko usaia, hasarrea, eta lohikeria. Bakotxaz erraiten du nolako ondorioak dituen eta nola ditaken garait.

        Itxuren arabera. Axularrek bere lana bururatu balu, bertze jaidura gaixtoak ere jorratuko zituen —behinik behin, gezurra eta ohointza—, eta naski bertuteak ere goretsiko.

 

 

MAMIAZ EDO FUNTSAZ

 

        Den bezala, GERO liburua ederra da, joria, aberatsa, jakitate handikoa: liburu sainduez bertzalde, lauetan hogoi eta zenbait jakintsun aipatzen ditu, girixtino ala pagano, heien latinezko ahapaldiak nasaiki lerrokatzen dauzkula. Mendea, egia erran, halakoa zen. Greziako eta Erromako zuhurtziari itsutuki emana, Ebanjeloaz ez aski orhoitzerainokoan. Behar baino Axularren liburuari itzal bat altxatu, haren denborako kotsu hori litake: girixtinoaren bizitzea ez du alde batetik baizik erakusten.

        Bizia zer den galdeari ihardets dakioke bi gisaz segurrik. Bizia da hiltzerat geramatzaten indarreri ihardoekitzea, edo Bizia da gure izaitean bethi bat iraun-arazten gaituen indar bat.

        Bizia, hala da, gudu bat da, gaitz guzien kontrako gudu bat. Bizitzekotz, eritasunak oro behar ditugu garhaitu. Arimak ere, bizitzekotz, bere jaidura tzarrak behar ditu zapatu edo azpitik eduki. Lan hori Axularrek ederki erakusten dauku, Stoiko guziek bezala. Bainan bizia ez da bakharrik eritasun edo kotsu-eskas bat. Bada zerbait handiago; eta gorputza ez baita garbituz eta purgatuz hazten, bai ordean janez eta edanez, orobat arimak bekatutik begiratzea ez du aski, Jainkoa baithan behar du bildu bere hazkurria othoitzaren eta sakramenduen bidez. Harritua nago zoin guti aipu duen Axularrek othoitza, zoin guti komunionea, kasik batere ez grazia eta Izpiritu-Sainduarekilako batasuna. Harek eta hura bezalakoek uste bide zuten gizonak bere baitharik hel zitakeela bertuterat, eta bertute horren gainerat Jainkoak gero hupatuko zuela saindutasuna. Bainan ez diogu Axular zaharrari laidorik eginen, orduko predikari gehienak hortan baitziren, eta oraino ere zonbait ez baitira iduripen makhur hortarik kantitu. Beharrik Aita Iraizozek eman baitauku liburu bat ona: ARIMAREN ZUZENBIDEA, eta Domingo Irigoienek bertze bat oraino hobea: BIZI, irakaspen hoien zuzentzeko.

 

 

MINTZAIREAZ

 

        Zer nahi den, harrigarria eta miresgarria da nola Axularrek eskuaralat itzultzen dituen zaharren erranak, soineko berri bat bezala emaiten diotela eta kasik begitarte berri bat. Eta nola ez ditu heien ahapaldiak berak ontzen ala atsotitzez ala aspaldiko hizkuntzez, ala zirtoz, ala ditxoz, ala iduripenez, ala bere baitarikako oharpenez?

        Solasa bizi-bizia doako, alde guzietako hitzez betherik, birazka edo hirunazka uztartzen dituela. Bethi xuxen doako, bethi argi, bethi gozo, gogo bihotzak atzemaiten dituelarik eta beharriak ere xoratzen. Ez du irakurlea den gutiena unhatzen. Alabainan ez derama urhatsa bethi berdin: batean hurritzen zaio lasterra, bertzean lehiatzen: hemen hatsa luzatzen zaio, hantxet laburtzen eta trenkatzen. Ez dakit zertako oldartu zaizkon berrikitan erasiatzale batzu, baizik eta ez dituela hitzak aldi guziez orde edo arrimu berean josten. Iduri-eta eskuarak behar duen bethi ozka beretan ibili, treina berdin-bidetan bezala, nehoiz nehorat zeiharkatu gabe. Jainkoaz othoi bego eskuara den bezain xotil, zume eta zalhoin.

        Baditake han-hemenka zonbait hitz erabili dituen eta zonbait gertakari kondatu, oraiko predikariek arruntegiz edo arrotzegiz baztert lezazketenak: bainan, oro har. Axularrek hartze ditu eskualdun guzien eskerrak eta goresmenak, gain-gainetik ohoratu baitu Eskual-Herria eta geroko idazleri erakusi baitiote, eskuara asmu eta gogoeta gorenen argitzeko edo aphaintzeko aiher eta gei dela.

 

aurrekoa hurrengoa