www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

BARBIER JAUN APEZA

 

        Jaunak eta andereak, agur!

        Biltzar huntan ospatzen dugun Jean Barbier apez zena, ez dut bera biziki guti baizik ezagutu. Behin apezgai nintzelarik gutun bat igorri nion kontseilu galdez euskaraz hasia nuen lan bati buruz eta polliki ihardetsi zautan. Handik hiruzpalau urteren buruan, Uztaritzeko komentuan ikusi nuen lehen eta azken aldikotz. Bazkaritean auzo kausitu ginen eta alabainan mintzatu. Adiarazi zaitan linguistikaz ez zuela hanbat axolarik eta jende xehearen euskara zitzaiola orotako nausiena. Galde egin bainion zer irakurri behar nuen euskararen hobekienik ikasteko, artamendatu zautan hemezortzi mendeko Bernard Larreguiren ixtorio saindua.

        Gerotik ez nuen ukan Barbier jaunarekilako har-emanik, nahiz haren izkiribu guziak ager arau irakurtzen eta miresten nituen.

        Apeza hil zen ondoan, Gieure Baionako apezpikuak galdegin zautan Semenario handiko apezgaieri hitzaldi bat egin nezoten Barbier zenaz.

        Orduan, xehetasun-keta ibili nintzen haren adixkidetarik eta hartaz mintzatu ziren kazetetarik zerbait ikasi beharrez. Hain xuxen katedraleko bikario zen J.B. Barbier haren iloba, eta osaba zenaren paperak haren eskuetan ziren. Eskola-lagunak baiginen Jean-Baptiste eta ni, nasaiki argitu ninduen harek ere. Eta orai badakizue ene iturburu gehienen berri, nahiz geroztik ene notak guti edo aski emendatu diren.

        Horiek hola, mintzatuko gira lehenik gizonaz eta gero haren euskal-lanez.

 

 

I

GIZONA

 

        Jean Barbier Donibane Garazin sortu zen 1875eko uztailean. Ez dakigu ea ilabetearen zazpia zen ala bederatzia, meriako eta elizako ageriak akort ez izanez. Haren aita zen Jean Barbier, torneatzailea; ama, aldiz Jeanne Officialdeguy. Aitaren arbasoak Irisarritik etorri ziren Donibane huntarat hemezortzigarren mendean, denak torneatzaile eta kadiraegile ziren, bai eta, batto segurik, hezur-zuzentzaile, konduaren gaineko... Deitura frango desberdina zuten meriako paperetan: Dubarbier, Barberena, Barbier, eta bertze. Beharbada daunatugotik, barbegotik jin zitzaioten izen hori. Officialdeguytarrak aldiz Mendibetik jalgiak ziren berrikiago.

        Donibane, denbora hartan, orai baino biziki euskaldunagoa zitaken. Sort-etxean segurik, Jean ttipiak, euskararekin batean, ikasi zuen zer nahi lekuko kantu eta ixtorio. Gauza hortaz froga bat. Haren anaia Leonard, denek Leon deitzen zuten aita familiakoa ezagutu dutenek ez bide dute ahantzia zer kantari, bertsulari eta kondari alegera zen. Orroit naiz oraino Arnegi-Politenean haren ahotik entzunik berak eginikako hiru kantu: Neure andrea andre ttipia, Soldadoa sartzen da gerlak funditua, eta Martxoaren bia, ai hi zer eguna... Alta, Jakes Pekotx eta Joanes Martxotekin muntatu jostetak aipu zituelarik, bazen konpainian ixtant bateko irri! Ez da erraiteko baizik, gure Jeanek sort-etxean aurkitu zuela euskal iturburu bat paregabea, ondoko urtetan ederki baliatu behar zuena.

 

* * *

 

        Gazterik hauteman zuen bere baitan apezteko deia. Donibanen hasi eskolak bururatu zituen Hazparnen, Larresoron eta Baionako apezgaitegian. Hartze ona baitzuen alde batetik, eta laneko gogo hainitz bertzetik, ikasle hoberenen lerroan argitzen zuen, frango errexki. Eginbidezko sailetarik kanpo, bere gostuzkoetarat lerra zitakeen makurrik gabe: hain xuxen, euskal kulturari zitzaion errotik atxikia. Jadanik ari zen euskal kantu eta ipuin biltzen, bai eta bertsu berri ontzen. Orduko zoin gehiagoetan zenbat sari ez zuen irabazi! Hogoi urtetan izkiriatu zuen Antxitxarburuko buhamien ixtorioa euskaraz eta, omen, erdaraz nobela bat: Le roi des bohémiens d'Antxitxarburu. Lan hau zer bilakatu den ezin jakin dugu, euskarazkoa haatik ager-arazi dugu guhaurek duela lau urte.

        1898an apeztu-ta, Jaun apezpikuak Tolosarat igorri zuen teologo graduketan, eta bi urteren buruan «dotor» itzuli zen astirik galdu gabe.

        Berehala Larresoroko ikastegirat izendatzen dute. Lau lorietan haurrekilakoa ezin hobeki baderama, bakotxaz ximenki arta hartzen duela. Gazteak ordainez arras atxikiak zaizko. Lanartetan bere euskara aberasten ari du Hiriart-Urruty kazetalari aipatuarekin, eta musika Hiriart-Makola kantika xahar biltzalearekin.

        1905ean, izendatze berri: huna gure Barbier Baionako katedralean bikario. Hiri hortan laster ohartzen dire otoitzeko gizona dela eta arimez osoki hartua: apez laino eta mintza-errexa egiten dute, jende xeheari eta beharduneri emana. Ez doa halere handi-mandien ihesi: hauiek, egia erran, estimatzen dute haren jakitatea ba eta goresten haren hautuzko jendetasuna. Orotaz grinatua, nehun ez dagoke: parropiako tan guzietara beti prest, aintzina badago kazetalari, olerkari eta euskalzale, sariketa zonbaitetan oraino parte hartzen duela, ezin ohorezkiago! Bainan jadanik, bere bizi guzian iraunen dioten buruko min izigarriak hasten zaízko, ez baita batere harrigarri!

 

* * *

 

        Zortzi une gisa hortan pasatu-ta, 1913an Barbier apeza Senpereko erretor emaiten dute. Senpere ez zen gero nola nahiko parrokia, bainan Lapurdiko hautuenetarik bat, aspaldi danik kapablenez dohatua. Barbieren tau aintzinekoak hasteko, zoin bere jite bereziarekin, apez aipagarriak ziren: Belsaguy, Larreguy, Menta eta Sancinena.

        Funtsean, gure Barbier atseginekin jabetu zen bere parropiaz; amodioz maitatu zuen, jeloski bezala maitatu; eta beti maiteago zuelarik, beti ederrago egin nahi izan zuen, erran nahi baita girixtinoago.

        Behinik bat, ez zuen nahi jendeen fedea sendimendu huts izan zadin; ez zituen parropiantak berotu nahi bakarrik, bainan argitu. Horra zergatik katiximak eta eskola libroak gain-gainetik sustatzen zituen: haurrez berak ere arta hartzen zuen, artetan euskara poxi bat erakusten ziotelarik. Predikuetan halaber bazuen sineste, eta bera ari zen igandetan Ebanjelio sainduaren erakusten xeheki, kartsuki, hunkigarriki eta zenbait aldiz... luzeki.

        Luzetasun hortaz kondatzen dute gertakari bat jostagarria. Baionan izan ziren 1929an Gorputz Sainduaren besta handi batzu. Charost kardinale omen gaitzeko predikariak behar zuen mintzatu «Camp Saint-Léon» deitu pentze zabalean. Beilariak milaka baziren herri guzietarik etorriak. Iguzki Saindua bere pausa lekuan ohorezki ezarri-ondoan, jendea ixil-ixila belarrean jarri zen....

        Kardinale handiak hasten du bere hitzaldi handia. Barbier jauna bere parropianten anean dago: hauk pazientziarekin jarraikitzen zaizko predikuari... Oren erdia joana, eta kardinalea beti mintzo. Barbier nardatzen hasia hainbertze ele eta parabolaz... Berroigarren minuta, ba eta Charost gaizoa sekulako trenpuan ari eta ari. Azkenean Barbier ez dagoke: pastikatua, erraiten dio bere parropiant bati: «Ez duzu luze kausitzen?» Eta gizonak irriño batekin arrapostu: «Bah! gu Senpertarrak usatuak gara!»                Zer nahi den ixtorioxka hortaz, Barbier jaun erretore eliza-gizon ederra zen, elizkizun ospatsuak laket zituena, otoitzez orratuak, kantu altxagarriz apainduak.

        Parropia guzia balsan Jainkoaren ganat kudeatzen bazuen ere, Barbier jaunak, ahal zuen guziez arimak bakarka, bederazka, laguntzen zituen saindutasunerat, bakotxa bere dohainez baliaraziz. Gisa hortan, nor harri hainbertze apez-gai eta serora-gai acera baita Senperetik?

        Bai, Barbier jauna, errotik apeza zen. Eta uste dugu zinez, ez zituela euskara eta euskal-ohidurak hain artoski sustatuko, ez balitzaio iduritu euskaldungoa bere elizalanetarik bat zela, fedearen eta herriaren sustengu.

 

* * *

 

        Zorigaitzez ez zen zahartu. Ez omen zuen gaixoak orenik ez jateko ez lo egiteko. Beti alha zituen buruko min saminak eztitu beharrez, medikuen baimenik gabe, beti erremedio sanjan ari ornen zen, osagarria fundituz.

        Horrela, behar baino goizago itzali zitzaikun 56 urtetan, 1931 ko urriaren azken egunean.

        Haren ehortzetarat mundu bat bildu zen, Eskaldun idazle handienetarik baten agurtzeko eta dolu horren deitoratzeko. Jaun apezpikuak ofizialki jakin-arazi zuen zer estimu handitan zaukan diosesak galtzen zuen apez saindu bikaina.

 

 

II

BARBIEREN EUSKAL-LANAK

 

        Barbier jaun apezak lan hainitz egin du euskaraz. Zenbait bere izen-deiturekin agertu ditu, bertzeak izenordez sinaturik: Ganix, Nehor, Orduan gazte, Haurmaite, J.B. eta azkenik M.A.B. Hots, zazpi sinadura orotarat.

        Baxenabartar hutsa izana gatik, Lapurdin bizitzearen bortxaz eta Lapurdiko liburuak irakurtzen ohi zituelakotz, euskara lerratu zitzaion (bertze hainitzi bezala) nafar-lapurtarra erraiten diogun hizkuntzara. Berak Piarres bere liburuko ondar-plametan aitortzen du gauza hori den gutieneko urrikirik gabe, pentsatuz horrela ez zitzaiola euskara aberatsago eta biziago baizik ateratzen. Bere gisako euskara batu bat egina zuen harek ere.

        Eskualduna astekarian eta Gure Herria errebixtan agertu dira haren lan gehienak, nahiz ondoan berak andana bat liburutan bildu dituen, ez zitezen barreaturik egon, alde bat galtzeko arriskutan.

        1910ean, oraino bikario zelarik, Nere kantuak izenaren pean liburuxka bat jalgi zuen, orduko bere hamabi kantu hoberenekin: hor daude hain ezagutuak diren Amatxo, Irrintzina, Galerna mendian, Garazin gaindi, Krixto erregeri.

        Gero, hamar urtez, ez du kasik deus ere agertzen, salbu zenbait kantu 1914eko gerlari buruz. Bainan ez dago alfer, ari da ipuin eta kantore zahar bil-eta bil... Notak metatzen ditu bere herritarren bizi-modu eta ohidureri buruz.

        1920ean liburu bat argitarat emaiten du: Ama Birjina Lurden, Provost apezaren lan batetik itzulia. 1921ean, lagun batzuekin sortzen du Gure Herria deitu errebixta, eta hartan ixurtzen bere jakitate gehiena bortz-pasei urtez...

        1926an Supazter xokoan liburu ederra ateratzen da: badauzka bi dotzena kondaira, bortz komedia eta kàntu hat. Omore onezko obra zinez, merexi bailuke beriz agertzea!

        1930ean Ixtorio-mixterio, euskaraz hori ere bainan frantses itzulpena parrean, kasik hitzez hitz.

        1931 an Légendes du Pays Basque d'après la tradition, frantsesez, bainan bigarren parte batean ixtorio guziak euskaraz emanik. Lan horrek hiru parte ditu: Laminak; Jondoni Petri eta Jesusen kondairak; Harritzeko ipuinak. Lehen bi parteak Ixtorio-mixterio liburutik hartuak ziren. Bilduma baliosa, pondu askotan Barandiaran handiaren ikerketak osatzen dituena. Giese jakintsun alemariak lan sakon baten gaitzat hartu baitu, ezin uka ditake munta handiko obra dela, folklorea den bezen batean.

        1926ean eta 1929an agertu zen bi partetan 520 plamatako nobela luze bat: Piarres. Aipatzen daukun gizon gixakoa segi dezakegu urratsez-urrats bai Senpereko bizi-modu guzietan, bai 1914eko gerla lekuetan. Arrazoinekin erran dute etnografo argitzat salatua zaikula Jean Barbier obra nasai hartan.

        Bertzalde, zazpi komedia jalgi dira haren lumatik: Kauserak eta kruxpetak, Gauden euskaldun, Zubietako debrua, Xilintxa sorgina, Ezkila xarmatua, Sorginak, eta Haurrik ez. Teatro prestu hortan ez xerka ausartzia handirik, ez politika oihurik, ez saminkeririk. Ordua ez zen hortakoa. Antzerkilariak eta aditzaileak josteta eta irri goseago ziren urte hetan, berrikuntza egarri baino. Eta ahusamendu errexak nahi zituzten. Sasoineko galdeari ihardesten zion Barbieren teatroak.

        Gure apeza Christophe Dufau jaunarekin an izan zen luzaz euskal kantu xahar biltzen eta Gure Herrian publikatzen, hitz eta musika. Berrehun bat uste dut bazituztela eskuraturik. Aita Donostia eta Azkueren itsasorat ixur-arazi zuten heiek ere beren ibaitxoa, asko kantore galtzetik begiratuz.

        Bainan Barbier ez zen bakarrik bertsu biltzale; bera ere ari zen bertsu ontzen. Haren kantu eta kantikak batetaratuz, balitazke aise ehunez goiti, batzu erras ederrak, Elizanburu eta Ibarrarteneri zorrik gabekoak; bertze batzu pollitak, errexak; denak sendimenduz beteak, euskara argi goxo batean trokatuak.

        Oixtion aipatu itzulpenen gainerat, Barbier jaunak ez du frantsesez hanbat lan ager-arazi Bizkitartean ezin ahantz ditzazkegu:

        Les bohémiens d'Antchitcharburu (1905ekoa)

        La mort de la Paysanne (1921ekoa)

        La tragique partie de pelote (1923ekoa)

        Trois legendes sur Axular (1925ekoa)

        Axular et les sorcières (1925ekoa)

        L'abbé Charles Bécas, curé de Bidart (1926ekoa)

        Titulu honek guziak euskaldungoari eratxikiak ziren, ikusten duzuen bezala.

 

* * *

 

        Bazaudezte naski, zerk sustatzen zuen Jean Barbier bide hortan sartzerat eta jarraikitzerat.

        «Odolean zuela, jitea halakoa, pausu-lan»! Bai, hori erran izan dute. Funtsean zertako ez? Nork gure dohainak, gostuak eta beharrak baditugu.

        Bainan irakur-azue Supazter xokoan liburuari berak eman zion aintzin-solasa, eta han agertuko zaitzue bertzerik.

        Euskal-herriaren plantari so, Barbier apeza grinatua, minberatua zagon: ikusten zituen arrotzak gure lurretan nausi paratuak, gure etxaldez jabetzen ari, gure arimez berdin; gure ohidurak, euskara, fedea larre joaki, kanpoko haizek zimeldurik. Orduan, gure arima ez saltzekotan, iduri zitzaion gogor egiteko ordua zela, ez bazen ere berantegi. Eta berak bere neurrian, ahal bezala, lumaz bederen, nahi zuen parte hartu, egiazko Euskaldunen iratzarpenean. Horra bihotz handi horren xede handia.

        Ez zaiku segur itsusi Garaziko seme batek eman baitauku mende hunen hastean oraino ere behar-beharrena zaikun irakaspen hori.

 

aurrekoa hurrengoa