www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

TEATRO EUSKARO

 

        Antonio Maria Labayen da teatro-gaietan Eskual-herriko gizonik adituena. Ez du bakarrik izkiriatu hainitz obra, molde guzietakoak, bainan beti danik ari izana da teatrolarien berotzen eta akulatzen. Bertzalde, ez nahiz bere xokoan mutxitu, urrungo airea ere hartu du arrotz herrietako teatroaren berri bilatuz.

        Ez da beraz harritzeko «Auñamendi» liburutegiak galdegin baitio denen meneko ezar dezan bere jakitetik zerbait, eta horra orai agertzen den liburuaren etorburua.

        Labayenek hainitz ukanez erraiteko, ezin ditu erakatsi beharrak oro liburu bakar baten kabitu. Bigarren tomo baten haiduru gaude beraz.

        Lehen zati hau bera bi gaiez orhatua da. Ehun paiek kondatzen daukute zer izan den eskual teatroa hastapenetik hunat. Azkenez nahi ginduzkete argitu teatroari doazkon lege bereziez.

 

* * *

 

        Egiazko teatroaren (hots, oraiko teatroaren) aintzinzale izan da Eskual-herrian frango ikusgarri, teatroaren egite zerbait zuketenak: elizkizun, profesione, ihaute-josteta, toberamustra, bertsulari-guduka, maiatz-arbola-besta, bainan berezikiago Xiberoko pastoralak, maskadarak, xikitoak, irrigailuak.

        Erran dute ba Elizako teatro zerbait izan dela hamaseigarren mendean edo, bainan ez da segurtamenik.

        Hemezortzigarrenean hastapen ttipi bat izan zuen eskual-teatroak Munibe eta Barrutia jauneri esker, bainan ehun bat urtez ez zuen ukan segidarik.

        Marzelino Soroak sortu berri-arazi zuen 1876ean Ziburun, eta Donostian abiatu zuen etorkizun eder bati buruz.

        Labayen jaunak hirur sasoin ezagutzen diozka eskual-teatroari: lehena 1876ean hasten da eta 1915ean bururatzen; bigarrenak 1945garren urteraino irauten du; hirugarrenak orduantxe hartu duke bere oldarra eta oraino hartan gitazke.

        Lehen sasoina, ahal bezalakoa izan dena, nor harri? Nehork ez zuen orduan teatroaren usaiarik, ez idazlariek, ez jolalariek, ez ikusliarrek. Josteta batzu ateratzen zituzten, dena ditxo, arraileria arrunt eta elhasturia bitxi. Jende xehea baizik ez zabilan heien ikusten, eta asetzen omen zen irriz karkailaka. Komediek ez zuten gehienetan batasunik, ez kanorerik: orro eta keinu larri, trufa eta ihakintza zozo-aire eta elhe makur, hortan zen urte hetako jeinu komuna. Bainan zerbaitetarik behar da hasi: predikari famatuena ere, haur xume zelarik, apapaka hasi zen mintzatzen, eta lasterkari hoberena ikur-makurka eta xuti-punpaka ibiltzen.

        Halere bazuten merezimendu abiatzalek, eta agur ditazke Soroaren ingurumenean Iraola, Gamboa, Gorostidi, Illarramendi, Uranga, Elicechea.

        Geroxago agertzen dira berri batzu: Azcarate, Antia, Fuentes, Iribarren, Olazabal, M. Arzac, Pepe Artola, Altuna, Alen, Baroja, Zapirain, Otaño.

        Opera batzu ere muntatzen dituzte: Pudente, Iparraguirre, Txanton Piperri, Artzai mutilla.

        Eta anartean ateratzen da Toribio Alzaga, gure teatro gizonik famatuena, eta harekin V. Mocoroa, J. Eizaguirre, Amondarain, J. Garcia Olaizola, Agesta, A. Barriola, Elizondo.

 

* * *

 

        Bigarren sasoina 1915ean hasten da. Akademia bat eraikitzen dute Donostian eskual-teatroaren alde, eta Eskola berezi bat xede berean, Alzaga buru.

        Orduan gure teatroak egiten du urhats handi bat aintzina. Idazlariek ikasten dute zer den zinezko teatroa, nola antolatu behar den, nola emaiten ahal zaion bizi eta begitarte. Jokalariek ere uzten dituzte zanpantzar-jostetak eta moldezki agertzen dira tauletarat. Ikusliarrek, beren aldetik, hautematen dute, irri lodiaz bertzerik izan daitekela, eta irriaz kanpoko sendimenduak ere balios izaitea ez dela hain arrado. Hots, denek beren aprendizkoak egiten dituzte, elgar igurikatuz eta elgar sustatuz, berankeriarik gabe, bainan lehiakarrerik gabe; halako gisaz nun sasoin ohargarria jalgi baitzaiku, bai eta guziz ohoragarria, antzerki biziki onak eta iraunkorrak argitarat emanez.

        Berriz ere badugu nor izenda nahiz ez ditugun luzazegiz zonbait baizik aipatuko: Jose Elizondo, Arostegui, Amonarriz, Garitaonaindia, J. Olaizola, Gorostidi, A. Barriola, Tene Mújica, C. Elicegui.

        Geroxago bertze zonbait jaliko dira, hala nola Oyarbide, Biona, A. M. Labayen, Urquia, Alegria, Carrasquedo, Olarra.

 

* * *

 

        Bainan hemen liburuak uzten du ixtant bat Gipuzkoako teatroa, Bizkaiko berri eman beharrez.

        Hemen ere ez da segur izen eskasik. Bertzek bertze, Echave, Viar, Parada, Maruri, Costes, Scheiffer, Azkue, Aresse, Mocoroa, Ortuzar, Arriaga, Arriandiaga, Bustintza, Arana-Goiri, Eleizalde, Achica Allende, Blanco, eta guri hurbilago Agustin Zubikaray, Arcocha, Erquiaga, Ziarzolo, eta, eta.

 

* * *

 

        Hirugarren sasoina ez da, egia erran, bet-betan sortu. Bigarren arokoak ontu ziren, zohitu, handitu. Agertu ziren antzerki-bildumak, errebixta berriak, jokolari-moltxo gurbilak, hola nola Saskinaski. Eta «opera» andana ederra ere ilki zen, oixtion aipatuen gainera: Anboto, Guernica, Ramuntxo, La Navarraise, Chiquito, Maitena, Semetxi, Mendi-mendiyan, Mirentxu, Lide eta Ixidor, Urtzuri, Urlo, Zorigaiztoko eguna, Oleskari zarra, Katalin, Lekobide, Itxasondo, Perkain, Juana, Leidor, Zigor.

        Eta Frantzia aldeko Eskual-herrian, nahiz Karmele 1882koa den, behar dugu aitortu moda berriko teatroak 1921ean baizik ez duela hartu hastapen onik erran nahi baita Gipuzkoako bigarren sasoinean, beraz mende-erdi baten berantarekin. Hogei-ta-hamar idazlez goiti ari izan dira komedia izkiriatzen eta berrehun baino gehiago jalgi dituzte, denen kapitain daudelarik Larzabal jaun apeza eta Monzon jauna.

        1945etik hunat iduri du ozka batez goiti abestua dela eskual-teatroa. Indar batek ez othe duen gazteria bulkatzen kasko edo thini gorenetarat, bertze herrietako teatroen heinerat heldu beharrez. Ez dute gehiago nahi komedia parregarririk; eta dugun, aitor oraiko ikuslek zineman eta telebistan beren eskolak egin dituztela, ez bailezazkete naski jasan lehenagoko xauxunkeria edo tontokeria batzu; bainan, halere kasu! Ez dira, ez, jende guziak pret Ionesco eta Beckett batzuen konprenitzerat. Goazen erreposki!

        Hogei urte hautako izen berezienak izan dira: Larzabal, Monzon, Labayen, Echaniz, Albizu, Zubikaray, Arcocha, Dolores Aguirre, Erquiaga, J. de Echaide, Zaitegui, Amezaga, Larracoechea, Garmendia.

 

* * *

 

        Ororen buru, erran ditake bortz ehun teatro-gai jalgi direla eskuaraz gutienetik 89 urte huntan. Badira seguru hoitan purruxkila batzu, balio gutikoak.

        Bainan erdiak segurik oraino agertzeko gai dira ehun baino gehixago nun nahikoeri zorrik gabeak.

        Labayenek diona: Soroaren Anton Kaikutik Larzabalen Bordaxuriraino aintzinamendu gaitza hauteman ditake, eta uste izaiteko da gero ere iraunen duela eskual-teatroaren goitiko oldarrak.

        Iragan astean Labaien jaun jakintsunaren liburu berriaz hasi ginen zerbaiten erraiten. Lehen partea baizik ez ginuen aipatu, toki eta asti eskasez. Adi-arazi ginuen nola izkiriatu zuen Eskual-teatroaren ixtorio labur bat.

        Aldin huntan nahi ginuke hitz bat erran bigarren parteaz.

        Hortan emanak zaizku teatroari doazkon lege edo manamendu batzu, Eskualdun teatro-gizonek ikasi nahi badituzte.

        Berak dionaz, ez ditu xoilki bere burutik ateraiak, bainan hainitz liburu irakurri baititu gai hortaz, hetan atxeman argiak ezarri gogo ditu gure meneko.

        Lehenik agur bat egiten diote bere irakasle handieneri, izan diten greko, latin, frantses, espainol, aleman. Bereziki Henri Gouhier-i dituen zorrak aitortzen ditu esker onez.

        Gero hasten da bere sailari. Teatro zer den ezagutarazi nahi dauku. Gertakari baten elhez eta keinuz itxuratzea ikusliar batzuen aintzinean, horra teatroaren funtsa, gertakaria arrunt alegiazkoa izanik ere, kanore zerbait emaiten zaion ber. Beraz irakur baizik ez daiteken komedia, tauletan eman ez daitekena, ez da egiazko komedia: literatura ederra izan daiteke, ez da teatroa, eta teatro zoingehiagoetan ez lukete saristatu behar. (Haatik ezin jokatuzko fama egin baitzioten Claudel zenaren antzerki batzueri, azkenean ederki jokatu dituzte!) Teatroa ez dute hitzek berek egiten, bainan itxuratzen den auzi bizi batek, eta mogimenduak behar du nagusi.

        Halere antzerki-egilearen lana ez da alferretakoa: harek ditu manatzen keinuak, urhatsak, oihuak ba eta ixiltzeak ere: ongi konprenitu behar baita ordean!

        Antzerki mota asko badira! batzuek hunkitu nahi dute, bertze batzuek irri egin-arazi; zonbaitek nahas-mahas derabiltzate irria eta nigarra; denek denbora-pasarazteko gogoa dute, artetik zerbait erakaspen sakaturik ere, alegia deus ez. Alabainan teatroa ez da berenaz ez eskola, ez predika-alki, ez politika-biltzar, bainan jostaleku eta abusa-toki.

        Buruan sartu behar dugu teatroa dela oroz gainetik kondaira bat ongi eremana, ustegabez ustegabe punpaka, gertakariak koropilatuz, eta azkenean koropiloa deseginez, aditzaleak bururen buru hatsaren gainean atxikiz, jakin nahi dutela nola xurituko den auzia.

        Ezen teatro-gizonek aditzaleak dituzte beti gogoan; eta herri batean herritar gehienak dira aditzale-gai, eta ez bakarrik zonbaixka. Beraz denen meneko komediak egin behar dira, heien zentzu, mintzaire eta kulturari emanak: heien ganik urrunegi loaken teatroa, behar den bidetik zeihar balabilke. Labayenek ez ditu kondenatzen eskolatuen arteko teatro-berri entseguak, bainan ez du uste entsegu horiek ondorio onik baluketen jende xehearentzat.

        Unamuno zenaren iritziaz on egiten du. Filosofo handi horrek ez zuen pentsatzen teatroak behar duela baitezpada moralatik berexi: ez zitzaion iduri zikinago eta ederrago izan zitakela.

        Bertzalde teatroak kanorea eskatzen ote du? Egia erran, bati sinesgarri zaion gertakariak, baditake bertze batentzat ez duen kolorerik. Nork gure idurimenaren arabera jujatzen ditugu gauzak, eta jokolari artexek badakite lillura botatzen.

        Ofizio, tresneria, apaindura: hein batean, hiru gider horiek lagunt de,akete teatroa: emaiten al diote egiaren itxura gehixago. Bainan, hein batean bakarrik. Ikusliarrak badaki berdin, denak alegiazkoak direla taulen gainean. Teatrolarien jokoa da beharrena, eta phurli beha aise ahanzten dira ingurumenetako xurruburukeriak.

        Eta zer erran irriaz? Egungo egunean gazte batzuek arbuiatzen eta erdei,natzen dute irria: gauza arrunta zaiote; eta Uztaritzeko teatroan Blazy jaun erretor zenak ezarri baitzuen: «nigarra labur, irria luze», heiek luza lezakete nigarra eta laburt irria. Labayen jaunak goresten ditu irria eta omore ona, eta guti prezatzen dena ikarakeria eta etsimendu diren antzerki buru-joangarriak.

        Gero emaiten ditu zonbait aholku teatro-izkirianteri. Oroz gainetik galde egiten diote sail bakar bat baizik ez dezaten har. Sail horren rrreneko izan ditazke gertakari desberdin batzu, bainan tinki datxikotela xede nagusiari. Nahi du beti izan dadin zerbait mixterio xilatu beharra, azken ponduan argituko baita. Lan gaixtoena, nola burura antzerkia, bereziki komedietan. Ez da hortako segereturik.

        Azken kapituluan Labayen jaunak emaiten ditu Goethe idazlari handiaren zonbait iritzi edo aburu.

        Hau lehenik: ofizio bat dela teatroarentzat izkiriatzea, eta hortako dohaina ez duen batek hobe duela lan horri ez lotzea.

        Gero: izkirioz irakurtzalearentzat laket dena ez dela beti teatroan agertzeko on. Goethek «Hermann eta Dorothea» ager-arazi zuelarik, liburuak harritzeko arrasketa ukan baitzuen Topfer-ek antzerki kondu ateratu zuen, bainan teatroan aditzalek ez zioten gatzik atxeman.

        Bertzalde: teatro ona ez du xoilki ofizioak egiten jeinua, talendua ere baitezpadako da.

        Ororen buru, ezagun da teatroa ez dela josteta errexa.

        Orai dugun aitor teatroari buruz ez daudela teatrolari guzti guziak Labayen jaunarekin adox, xehetasun guzietan. Batzuek hetxiegi aurkitzen badute, zeren den lege zaharren frango atxikia eta bereziki errespetuari, askok ez ote duten zabalegi kausituko, zeren lirikari edo dantzari leku emaiten baitiote komedian? Ez da erraiteko baizik, buru bezenbat aburu agertzen direla teatroaz mintzatu behar delarik.

        Bigarren liburua jaliko den artean, bihotz-bihotzetik goresmenak zuzenduko diozkagu Labayen jaunari, esker hoberenak ere: haren lana arras beharrezkoa ginuen.

        Ondar urte hauk eskuararen konduen egiteko urteak ukan ditugu.

        Olerkiaren kondaira egin dauku Aita Onaindiak;

        Bertsolariena, hunek berak eta Aita Zabalak;

        Literaturarena, Michelenak eta Villasantek;

        Eta huna orai teatroarena... Labayenek.

        Agian, konduak egin-eta, ez gira loak-hartuko bainan oldar berri batean ethorkizunari buruz behin ere baino ederkiago abiaturen.

 

aurrekoa hurrengoa