www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

XABIER DIHARCERI EGIN IHARDESPENA

 

        Adixkide maitea,

        Atsegin eta ohore zait Eskualzaindiaren izenean ongiethorri erraitea gura lagun berriari. Orok dakitena: gure biltzar hunek ez du deus ere bilhatzen eskuararen zaintzea eta goiti sustatzea baizik. Hain xuxen, Belokeko etxe saindu huntan lan on eta nasaia egiten baita aspaldi danik gure mintzaire xaharraren alde, gogoratu zaiku laguntza baliosa aurki ginezakela Beneditanoen artean: hortako bereko hautatu ditugu Aita Xabier Diharce eskualzain gisa eta Aita Gabriel Lerchundi urgazle gisa. Nola berexiko ginituen, hain rnaiz elgarri uztarturik agertzen diren bi izen handi? Beneditano rnaiteak, othoi barkatu, gureganatzen balinbadugu komentuari jaun horiek ekartzen dioten ohoretik zerbait!

        Eta utz nezazue egoitza hau nik ere gorets dezadan! Hemen egin ditut zazpi urtez ene aphez-gai eskolak, Larresoroko Semenarioak leku hautan atxeman baitzuen atherbe, Frantziako harginbeltzek aphez-etxeak ebatsi zituztelarik. Eta hemen ezagutu ditut eskualzale batzu, famatuak: Abbadie jaun superiora, eskuaraz laborantzaren alde hainbertze idatzi duena: Hiriart-Urruty Eskualdunaren buruzagi pindartsua (Baionatik heldu zitzaikun alemanaren erakasterat); Hiriart musikaria eskual-kantika bilduma bat agerarazi zuena: hunek asmatu zuen «makolina» erdi-piano, erdi-xirrihika soinu-tresna bitxi bat; Pierre Etchepare apheza, Jean Etchepare medikuaren anaia: aphezak biziki gora zaukan medikua; aipatzen zaukularik deitzen zuen: «Monsieur mon frre, le Barrès basque!»; ezagutu ere ginuen Michel Etcheverry ixtorio-zale kartsua. Hetarik biga, Abbadie eta Hiriart, hantxet daude ehortziak, Bihotz Sakratuaren bultu oinetan... Beneditanoen hil-harriari datxikotela.

        Ez da erraiteko baizik, etxea, bere jabe deserrituen haiduru zagolarik ere, eskuarari bethi atxikia egon dela.

        Bainan itzul gaiten gure harirat.

        Aita Xabier, zu hautatu bazaitu Eskualzaindiak Beloktarren gutarteko gizon gisa, ez da dudarik ezagutu dauzkitzula eskubide bereziak.

        «Académie française» delakoan bagine, behar nautzuke kondatu tiletez-tilet zure bizitze guzia. Eskual herrian elhea motzago omen dugu. Jauna, Donibane-Lohizunen sortu zinen 1920eko urtarrilaren lauean, eskualdun familia zahar batetarik: aphezak ateratu dira lehen ere zuen odoletik eta ez zena zuentarra Tarben Axular apheztu zuen jaun aphezpikuak!...? Hamar urtetan ethorri zinen Uztarritzerat, zazpigarrena egin eta joan. 1933ko urrian aphez-gai gisa sartu zinen, eta zonbait urtez ikusi zaitut handitzen asko moldez: olerkaria ere goizik agertu zen zure baitan, eta orhoit naiz nihaurk argitaratu nauzkitzula erdarazko eta eskuarazko lehen bertsuak. Menditarren eta «Aintzina» deitu ilabethekariaren udaberri egunetan ginen orduan. ...

        Baionako Semenario handian sortu zinen 1938an, eta handik hiru urteren buruan Jainkoak deitu zintuen etxe huntarat; hemendik ez zinen jalgi bietan baizik: behin Lazcanorat 55 egunentzat, Alemaniarat ez joaiteko; gero Idronerat soldado, hiru ilabethe iragan baitzinituen, armadako saldaren jastatzeko doia.

        1945eko ekainaren 10ean aphez egina zinen, handik bortz urteren buruan ezarri zinduten fraile-gaien nagusi-moldatzaile. Komentuan sartu zinelarik, zonbait eskualzaleri ilhundu zitzaioten behakoa: «Bat gutiago eskuararentzat». Bainan sinheste aphurreko mindulin horiek ez bide zakiten Jainkoari emana irabazitan emana dela, batentzat ehun biltzen direnaz geroz.

        Belokeko buruzagiek badakite nun bizi diren, eta Eskualduneri eskuaraz hobeki onhart-araz dezoketela Jesusen argia. Ez zaituzte baztertu ez olerkitik, ez eskualzalegotik. Zure inguruan xutitu dira langile baliosak, eta zu buru, horra «Ezkila»ren lan miresgarria ez bakarrik abiatua, bainan han-harat hedatua. Segur, izan bazine ala erakasle, ala bikario, ala erretor, ez zinuen izanen hainbertze errextasun, ez hainbertze laguntza. Bai Jainkoak bide onean ezarri zaitu. Eskerrak Jainkoari!

        Bainan ez zira bakarrik izan bertzen sustatzaile eta akulatzailea. Zuhaur ezin geldituzko langilea zira, behin edo bertze osagarri eskasak ohean itzatu zaituelarik, asti hortaz laneko baliatzerainokoan.

        Zure obraz balitake hainitz erraiteko: zure arbolak adar zer nahi badu, eta adar bakotxari zonbat ez badarizko hosto, lore eta fruitu? Hitz bat zure olerki edo poesiaz: berdin uste dut ez zirela egundaino olerkitik atheratzen, ez poesiatik athertzen, zure othoitz, prediku eta mahaineko solasak ere zur preziatsu beretik baitira.

        Olerkiak baditutzu zure-zureak: han ditutzu aipatzen hein bat amultsuki zure etxekoak, komentua dagon zerumendia, Eskual herria bere on-gaitzekin, zure doluak edo alegrantziak, Jainkoarekilako zure bar-emanak. Zuretzat poesia ez da jauntz eta erauntz ditaken soineko bat: haragia eta hezurra bezain bat egina da zure jitearekin. Hots, zure hatsa, zure bizia.

        Bertze olerkiak baditutzu, ez zure baitarik sortuak, bainan halere zure baitan haziak, izan diten zure teatro lirikoa, zure paraliturgiak, zure inobreko kantikak edo salmoak, hetan Izpiritu Sainduari mailegatzen baitiozkatzu zure eskual-mintzoa, zure eskual-bihotza, eta eskual-gogoa.

        Bana-bertze uste dut klasikoa deit ditaken zure bertsu-moldea: ausartzia guti, elhasturia gutiago; hitza bethi xuxen, batzutan ozen, bertzetan perekari; bainan aldi oroz Aita Gabrielen eskual-musikarekin ezin hobeki ezkondua.

        «Surréaliste» gaizoek laket baitituzte ezin ulertuzko olerkiak, dena ilhunkeria, ahapaldi trukes eta markets, ez dut uste, Aita Xabier, heikilako zitazken. Segur, luma zalhu eta zume duzu, bainan ez zira, beharrak zure solasen hausterat, bihurdikatzerat, ez kraskatzerat ekarria.

        Bihotza ez da lo zure baithan, hurbiltzekorik ere, bainan bethi edukitzen duzu Eskualdunak, eskualdun direno, deraukaten herabe-hein hura.

        Olde eta oldar eskasik ez duzu, bainan izariz, ordenik ez nahasteko gisa, ez baituzu nahi oihuek itho dezaten zentzua.

        Bertsua arin-arina derabilkazu, bainan behin ere ez hatsa. Argia ere badariote zure neurtitzek, ez ordean girgileriarik, ez eta itsutzeko dirdira gaixtorik.

        Hots, zure Musa zu bezain beneditanoa da: bamakorra azkarra, kartsua, bihozduna, bainan bethi esku-menean daukazunaz, zuzenean eta beraz bakean.

        Aita Xabier, eskual-arimak bazituen Eskualzaindian hainitz boz-mota. Zurea ginuen eskas. Emaiten daukuzunaz geroz, eskerrak komentuari eskerrak zuri, eta bihotz-bihotzetik ongi-ethorri.

 

aurrekoa hurrengoa