www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZER DAKIGU LEIZARRAGAZ?

 

        Lapurdiko Beskoitze herrian bazen Mendizelaia deitu larregain aberatsean etxe eder bat, Leizarraga erraiten zitzaiona. 1944ean lehertu zen, orai haren lekuan ez baitira gelditzen harri-lauza bakar batzu baizik: bertzeak bide harristatzen baliatu dira.

        Egoitza hortan, menderen mende, Liçarrague edo Lissarrague izeneko familia hainitz sortu dira. Eskual-herrian eta Eskual-herritik kanpo ere norbait izan diren gizon zonbait eman dituztenak.

        Ezagunena naski Leizarragako Joanes, egun, 1971ko uztailaren 4ean goresten dugun eskualzale zaharra.

        Barzelonako Protestanten Carta Circular delakoan Juan Mirena Olaizola jaunak dionaz, Joanes hori sortu zen 1506an edo nunbait han. Eta zendu, hamazazpigarren mendeko lehen urtean.

        Laurogoi eta hamabortz urteren bizi, bada zerbait.

        Hain bizitze luzeko gizon batez iduri luke baginukeela zer nahi erraiteko. Zorigaitzez, orai arte bildu ahal izan diren hamaseigarren mendeko paperek ez daukute utzi Leizarragaz berri guti baizik.

        Hasteko, ez dakigu haren arbasoen ez aita-amen izenik.

        Ez dakigu zonbat urtetan bere burua apez-gai senditu zuen, ez eta nun zuten eskolatu.

        Haren liburuetarik ezagun da bakarrik etxeko eskuararen gainerat, funski ikasi zituela latina, greka eta frantsesa. Espainolari ere baditake ohartua zen, urruntxago ikusiko dugun bezala.

        Jakes Bela famatuak bere Tablette-tan salatzen dauku Leizarraga Lapurdiko apez katoliko jakintsu eta kartsuenetarik izan zela. Haatik ez da nehun ageri zoin herritan izan zen bikario edo erretor, ez eta zonbat urtez.

        Hain guti erran dezakegu noiz nola lerratu zen Protestanten sinestetarat.

        Luthertiarren hatzik ez dugu hemen gaindi kausitzen mende hartako berrogoi lehen urtetan. Handik goiti ordean, bai, erlisione berriaren hedatzaileak ikusten dira ipar-Eskual-herriko jauregietan, apeztegietan eta burgesen etxetan ibilki; buruzagiak eta handimandiak nahi dituzte lehenik bildu, gero jende xehek aiseago jarraikiren zaiotelakoan.

        Horrela biltzen dituzte beren saretara, berzeak bertze: Bidaxuneko Agarramont, Makeako Belzuntze, Meharineko jauna, Xuberoko Sponde, Belapeyre, Zalgiz, Bela familiak, baieta zonbait apez, gehienak Xubero-aldekoak.

        Jaun horien guzien buru, Agarramont ahaltsu eta amorratua, Jeanne d'Albret erreginaren laguntzale kartsua.

        Theodore de Bèze-k bere orroitzapenetan, nahiz ez duen izenik emaiten, aipatzen ditu zonbait ministro eskualdun Geneve-n eskolatu eta moldatuak: sort-herritik urrun atxikitzen bide zituzten ixtant bat, bereziki erretor ohiak. Calvinen erakaspenez hazirik, gogobihotzak arras berri eta bero zakizkioten.

        Ritter Paueko ixtoriotzale jaunak uste du Leizarragak ere, Eliza katolikoa utzi ondoan, Eskual-herritik lekuak hustu zituela norapait.

        Bainan, nun ere kokatu baitzen, han berdin etsaiak aurkitu zituen: Testamentu berriko aintzin-solasean, Jeanne erreginari berak aitortzen zion preso eman zutela, eta orduan jasan penez orroitzean, buruko ilea lazten zitzaiola.

        Nun, noiz, zer pairatu zuen, ez du salatu.

        Ez guri galda ere nola atera zen delako presondegitik, ala etsaiak joaiterat utzirik, ala berak gisa bat edo bertze ihes eginik. Badakigu halere 1563an Lapurdin zagola. Urte hartako martxoaren 14ean Paueko Sinodak (erran nahi baita Protestant buruzagien biltzarrak) hauxe zion hitzez hitz: «Lapurdin bizi den Leizarraga jaunari mezutuko zaio hunat etor dadin, Testamentu berriaren otoitzen eta Katiximaren eskuaralat itzultzeko; eta, nahi badu bere burua (ebanjelioari) osoki eman, bere eskualdean edo Baxenabarren minixtro izaitera prestatzeko. Eliza-kontseilukoen gain izanen da haren mantenatzea, Erreginak nahi duen ber hura hunat etortzea».

        Leizarragak aitor zuen, baizik-eta Biarnorat joan aintzin azpitik zaukaten gogo-arranguretan bizi zela, ez jakinez naski bide onari lotu zitzaion ala gaixtoari. Biarnon, itxuren arabera, bakea aurkitu zuen alde hortarik.

        Bizkitartean ez omen zen aise menturatu Testamentu berriaren itzultzerat. Huts egin beldurrez duda-mudan egin-eta, behin entseatuzen; bainan, laster etsiturik, lana utzi zuen bertze batek egin zezan.

        Baziren alabainan hor gaindi protestant eskualdun idazlariak. Huna nundik dakigun hori. Begi atxikitzeko higenauten harat-hunateri, Espainiako erregeak ezarri zituen barrandariak ipar-eskual-herrietan. Barrandari horiek Madrillerat igortzen zituzten ikasi berriak. Heien gutuneri esker badakigu hedatzen zirela, eskuaraz, Luthertiarren liburuxka batzu. Damurik ez baitzaiku hetaik batto ere eskuetarat erori!

        Heien itzultzaleak, nor baziren ere, ez bide ziren on, handiagoko lan bati lotzeko.

        Agarramunt, Belzuntze, Meharine jaunek eta zonbait adixkidek Leizarraga hazkarki sustatu zuten, ez etsitzeko; eta berriz egundainokotan hartu zuen bere saila, jo eta ke zeramala. Bi urteren buruko eginxea zuen.

        1565eko maiatzaren lehenean, Oloroneko Sinodak erabaki zuen Leizarragak handik goiti eskuratuko zituela berrehun libera, ministro donadoek bezala, ez baitzen bera ere ezkondua. Eta izendatu zituzten lau minixtro eskualdun, haren lanaren begistatzeko eta behar orduan xuxentzeko.

        Lauetarik biga segurik xuberotarrak tiren: Landetcheverry Undüreiñekoa eta Tartas Sohütakoa, Etcheverry, «Petit basque» erraiten ziotena, kostatarra zen, Donibane Lohizunekoa. Laugarrena, Tardets, ez dakigu xuxen nungotarra zen, deituraz xuberotarra iduri lukelarik.

        Lau so-egile horiek pagatuak izanen ziren lan horrentzat: eta lanak iraunen zioteno, ez zuten beren elizetan predikatzerik izanen igandetan baizik.

        Ondoko irailaren 5ean, Salbaterreko Sinodan, Etcheverryk eman zuen Testamentu berriaren berri. Ala funtsez ala moldez lana hautuzkoa zaukan. Bilkurako minixtroek hitz eman zuten beraz haren ager-arazteko dirua.

        Bizkitartean, eskuara toki orotan ez berdin izanez, bortz lagunek eskatu zuten lanaren arra-hunkitzea Eskualdun gehienek ulertzeko gisa. Biltzarrak on-hartu zuen eta erabaki begistatzaleak eta Leizarraga aintzina ordainduko zirela Elizaren dirutik.

        1566an eta ekainaren 5ean Nay-eko Sinodan nasaiki aipatu zuten Leizarraga, baizik-eta Jainkoak dohainez bere zuela, eta grazia hoieri esker Jainkoaren ospea bere eskualdean aise aintzin-araz zezakela. Ikusi behar ere, ez zenetz Nafarroarat berdin igorriko. Xede horren gatik bagaude ea espainola ere ez zakienetz, nahiz orduan eskuara orai baino hedatuagoa zen Nafartarren artean.

        Ondoko urtean, 1567an, Leizarragak Pauen minixtro-gaien etsaminak pasatu zituen eta minixtro egin zuten, apirilaren 15ean Bastidarat izendatzen zutelarik.

        Bastida (erdaraz La Bastide-Clairence), bere portu ttipiarekin, Baxenabarreko herri bat zen, frango ttarroa, kaskoin kofoin bat, nahiz (paper zaharrak lekuko) Eskualdun hainitz ere bazaukan.

        Hiru minixtro protestant baziren hirixka hortan, zeren zen Lapurdiko muga-mudan eta bertzalde Bidaxuneko Agarramonten gerizapean.

        Gainera, Beskoitzerik ez urrun, toki hauta zateken minixtro berriarentzat.

        Bastidarrak jende maltsoak ziren. Izanik ere erlisionez bi artalde, elgar jasaiten zuten hisiarik gabe. Bainan ordu arte herriko eliza, katoliko xoilen eskuetan baitzen, Erreginaren manuz erabaki zen handik aintzina izanen zela bai katolikoen bai protestanten zerbitzuko, tenoreak aldizkatuz.

        Horti sortu da fama Leizarragak berak egiten zituela Bastidako elizan bi zerbitzu: batto katolikuentzat meza emanez, bertzea protestantentzat kultua segurtatuz. Bainan, Haristoy zenaren eleak eletei, ez da nehun deus holakoren frogarik.

        Tardets izan baitzen bortz urtez Bastidako lehen minixtro, haren lekua eman zioten artzain berriari. Bizkitartean denbora batez ez zen Bastidan iragan ager-itzalka baizik.

        Roxelan bazuen aski lan, hantxe bere eskuarazko liburuak inprimatzen baitziozkaten Hautin baitan, eta hango nehork eskuararik ezjakin.

        Liburuak erran dut eta ez Liburua. Ezen, Testamentu berriaz bertzalde ager-arazten baitzituen, datxizkola edo berex, bertze dotzena bat obra.

        Horiek oro —mila plamaz goiti— agertu ziren urte berean, 1571ean.

        Paueko Sinodak orduan erabaki zuen Leizarraga alde bat jarriko zela Bastidan.

        Handik bi urteren buruan, urriaren 13an Sinodak itzuli ziozkan 50 eskudo, Hautin jaun inprimatzaleari aintzinatuak. Bertzalde 335 libera-iguzki xahutu zituzten Roxelan, orotarat heldu baita: oraiko 10.000 libera berri, frantses dirutan.

        1574ean Paueko Sinodak igortzen diozka hiru mutiko, Tartas, Landetcheverry eta Tardetsen semeak (minixtro gai gisa dudarik gabe), Bastidan harekin eskuararen ikasteko. Bagaude ez ote zen izan eskual ikastoletan lehen-lehena!

        Denbora berean Sinodak batzorde batzuen gain emaiten zuen Testamentu berriaren hedatzea: hedatzailek berrn lanaz kondu emaitekotan.

        Ez da ondikotz nehun ageri nork zonbat saldu edo banakatu dituen, ez eta orotarat zer keta izan den irarkolak aterarik.

        Egia erran, bi jalgi-aldi edo edizione izan direla uste dute liburu ale batzuetan hitz zenbait ez baitira bertzetan bezalakoak. Bainan nola jakin zenbanakoak izan ziren jalgi-aldi hoik?

        1575etik aintzina protestanten paperetan ez dugu Leizarragaz deus hain berezirik ikasten. Bastidan bizi zela, bai: artetan sinodetan agertu zela, ere bai; eta l'Antique eman ziotela izen-goitia.

        De Thou famatuak Thumeri adixkidearekin egin zion bisita bat, gizon bikain bati bezala, eta ordainez minixtro xaharrak present eman zion bere Testamentu berria. Hori gertatu zen 1582an.

        Leizarraga 1598an oraino mundu huntan zela froga ditake, bertze xehetasunik gabe. Bainan nun noiz nola hil zen, ezin erran, lekukotasun eskasez.

        1602tik harat segur gira ez zela Leizarragarik; haatik ez dakigu nundik atera duten 1601ean zendu zela.

        Dakiguna da, Bastidan erlisione berriak ez zuela biziki iraun: 1625ean ez zen minixtrorik ere gelditzen.

        Zer nahi den, Leizarragaren eskuarazko obra hor dugu, arbasoen mintzaire zaharraren lekuko. Jakintzunentzat ez da abantail ttipia, René Lafon jaunak erranen dautzuen bezala.

        Berant bada berant, egun bederen denek eskerrak diozkagu bihotzaren erdi-erditik. Nik segurik bai...

 

aurrekoa hurrengoa