www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ETIENNE LAPEYRE

(1840-1893)

 

        Lerro hauetan nahi nituzke idazle hortaz han hemenka erran izan diren berriak zuzendu eta osatu, hein batean bederen.

        Hasteko, zenbaitek Xalbat Arotzarena kalonjearen nota batzuetarik atera dute Credo liburua Martin Lapeyre, Aita Damien beneditanoaren obra zela. Bainan liburuak berak argitzen gaitu, «Et. Lapeyre aphezak egina» dakarkelarik.

        Martin hori Etienne kalonjearen anaia zen, 1842ko abenduaren 4ean sortua: 1868ko ekainaren 6ean apeztua. Hazparneko misionestetan sartua behin eta gero Belokeko komentu ideki berrian. Hil zen 1894ko apirilaren 3an. Harenak dira bi liburuxka segurik: Jesu Kristo gure erregea da (16 plama), Baiona, 1889 eta Kantika ezpiritualak, (xuberotarrentzat) 16 plama, Baiona, 1892.

        Etienne Lapeyre, Azkainen sortua zen 1840eko apirilaren 30ean, Baionan apeztua 1863ko maiatzaren 30ean. Uztaritzeko bikario izendatua 1864eko otsailaren 16ean, ez dakidalarik zer bilakatu zen lehen mezatik ordu arte. Ilabete zenbaiten buruan Baionako «Saint Leon» ikastegian filosofi erakasle eman zuten. 1871ko hazilaren 27an Bidarteko erretore ezarri zuten.

        1889an, osagarri eskasez, kargu hori utzi zuen. Jaufre jaun apezpikuak «benefiziado» alki bat eskaini zion. Lapeyrek ez zuen on-hartu. Orduan ohorezko kalonje egin zuten eta «Camp-de-Prats» xahartegiko omonier, Hiriburuko mugan.

        Erran dute etxe hortan bizi zela, bainan ez da hala. Auzo auzoko «Ricur» izeneko haurtegian zagon.

        Bertzalde «Conférences ecclésiastiques» direlakoen buru eman zuten diosesa guziko, hortik beretik ageri baita jakintsun handi zaukatela apezpikutegian.

        Oharturik bere mendean «Euskaldunen fedea ari zela flakatzen», iduritu zitzaion gaitz horren iturria erlisioneari buruzko argi-eskasa zela. Gogoan hartu zuen girixtino erakaspen nausiak hiru liburuan xeheki azaltzea. Batto baizik ez zuen argitaratu ahal ukan. Hura da Credo edo Sinhesten dena esplikatua (Baiona, 1891), 438 plama dauzkan liburu gotor bat.

        Lau zati baditu:

        — Lehenean, erlisionea eta fedea aipatuak dira, 8 kapitulutan;

        — Bigarrenean, Jainkoa eta Kreazionea, 13 kapitulutan;

        — Hirugarrenean, Jesu Kristo munduaren salbatzailea 24 kapitulutan;

        — Laugarrenean, Credoko bertze artikuluak oro, 15 kapituluetan.

        Beraz orotarat 60 kapitulu, bortz orrialdetako aintzinsolas batekin. Funtsezko lana, Elizako Aiten eta teologoen erakaspenetarik ateraia, gehienentzat irakur-errexa, egun guzietako euskara bakun batean urtua.

        Aitortuko dut, 23 urtetan liburu hori lehen aldikotz eskuratu nuelarik, ez zitzadala hanbat laketu, idorskoa aurkitu nuen, eskola liburu batean parekoa; ene inguruko apezgaiek ere esker guti zioten, latin eta frantses kutsu hanixko hautemaiten ziotelakotz, ala hitzetan, ala joskeran.

        Egungo egunean, estakuruak estakurutei, ezagutzen diot, erakaspenez bertzalde, jainu, indar, argi eta bizi. Atsegin nuke, oraiko idazleak euskara mota hortarat hurbil balite.

        Bainan Etienne Lapeyrek obra hortaz bertzerik utzi dauku. Bi prediku, literatura kondairetan orain arte aipatu gabeak.

        Hazparnen kalbarioa Arroltzemendi kaskoan eraiki zutenean (1890), Aita Arbelbide misionesten buruzagiak bere ingururat bildu zituen orduko euskaldun predikari hoberenak. Abbadie, Bastres, Belsaguy, Choribit, Lapeyre, Zanzinena, Parropiako elizan, aste batez behar zuten Jesusen Pasioneaz mintzatu. Arbelbidek bakotxari mugatu zion gaia, ez zadin izan berriz haste eta nahasmendurik.

        Etienne Lapeyre kalonjeari bederatzi predikutarik bi lehenbizikoak tokatu zitzaizkon. Jesus Olibetako baratzean eta Jesus Judasez saldua. Hazparneko kalbarioa izeneko liburuan (Baiona 1892) bi hitzaldi horiek irakur ditazke 17garren orrialdetik 69garrenerat. Artoski apailatuak dira, liburu sainduetarik eta aintzinagoko hizlari aho ederrenetarik haziak, orduko Hazpandarren menerat molde suhar hunkigarriz eskainiak.

        Euskal liberaturak ez lituzke ahantzi behar.

        Orai xuxent dezagun Etienne Lapeyre horren heriotzeaz ene faltaz hedatu den makur bat. Arantzazurat igorri karta batean ezarri omen dut ez nakiela noiz hil zen, bainan iduri zitzaitala 1930ean itzali zatekela. Harritu naiz Villasanteren Literaturan urtegarren hori irakurtu dutanean, bainakien Etienne Lapeyre XIX garren mendean zendu zela. Berriz inkesta bat egin nuen, eta Harismendy jaun kalonjeak Bulletin Religieux-aren bilduma osoa baitzuen, hartan atxeman nuen artikulu bat hemen ezarri ditudan xehetasun askorekin eta Arantzazurat erdaraz (frantsesez) hitzez-hitz bidali. Zorigaitzez Villasanteren literaturatik zenbaitek bildu dute urtegarren makurra, ene bermegoarekin! Penagarria da.

        Dugun erran argi eta garbi Etienne Lapeyre kalonjea «Recur» etxean hil zela (1893) hemezortzi ehun eta laurogei-ta-hamahiruko martxoaren 23an, bere 53 urteak bete gabe, 52 urte, 10 ilabete eta 23 egun zituelarik.

        Ixtripuz hil zen. Errumatismek josia, beso-ukaldi batez nahi gabetarik gauaz bere lan-mahaineko krisailua uzkaili zuen eta, sua hedaturik, garrek begitarterat jauzi zitzaizkon, itsuski erretzen zutela. Haren oihuetarat etxekoak etorri ziren eta sua berehala iraungi, garrek ez zioten soinekorik hunkitu ere; bainan aurpegiko erredurak, barna sarturik, ez zion barkatu. Laster itzali zen.

        Damurik! Adin hartan iduri zait egin zezakela oraino euskarazko lan onik.

 

aurrekoa hurrengoa