www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ELORRI

Aita B. Gandiagak egina

 

        «Elorri» izenarekin agertzen da Aita Gandiaga frantsiskanoaren lehen liburua.

        «Elorri» hitz horrek gogorat dakar Arrantza eta «arrantzak» Aranzazu Oñatiko komentu menditarra, hortakoa baita-bada liburu berriaren egilea.

        Bizkitartean ez uste Aranzazuren ospea nahi daukula kantatu. Ez, bera da «elorri» hori. Bere burua du aipatzen. Elorriarekin berak du sofritzen, bera da loratzen, berak du oraia zilatzen gerorat itxaropenaz sartzeko bera da Andre Dena Maria pausatuko den arrantza.

        Liburua zortzi zatitan egina da, ibai berak urtatzen dituen zortzi baratzetan.

        Aita Gandiagaren hizkuntza biluzia da, laburra, xuhurra, kasik idorra eta uherra: iduripenari baino biziki gehiago zor dio gogo hutsari, eta arrazoinari baino arimaren begiari.

        Elhasturia guti. Solasak pikorka heldu. Itxuraz lokarririk ez pikorren artean. Bainan gogoeta egonez, bakarka sortu iduri izar ttipi horieri, irakurle artatsuak ezagutzen diote elgarren ganako hari gorde bat, kateatzen dituena: nola ditugu bada ikusten «zazpi ohoinak» zeruan?

        Gainera, bertsuen edo neurtitzan tankeraz zer erran? Ez dute ohikoen eite handirik, eta lehen irakur-aldian haztoratua bezala uzten zituztete, ezin xuxen zilatuz nola ontuak diren.

        Papaita edo asmaketa harrigarri hoitan, iduripenari eta beharriari hain arrotz direlarik, segur gogo hutsak badu asetzekoa, eta bihotzak ere bai: errar dut «bihotza», hots, bihotz-muina, ez bihotz-axala, are gutiago haragia eta odola, edo zainetako pilpira.

        Hortakotz Gandiagaren olerkia ez da izanen lehen-jinaren heinekoa, bertsulariek ez dute ulertuko, ez eta eskualdun argitu gehienek ere, nun ez duten Europako poesia berri-berria jastatu eta gozatu, hala nola Eluard, Schehade, Cayrol, Saint-John Perse, Supervielle eta bertze holakoena.

        Eskual-herriak izan ditu olerkari errexak eta «herritarrak» : ni oraino bihotz-bihotzez maite ditut Gazteluzar, Zaldubi, Elizanburu, Etchahun, Bilintch, Oxobi eta holakoak, eta agian ez da agortuko heien odola.

        Bainan ez dut beltzuri izpirik eginen bertzelakoeri: aitortuko dut goratzen dutala eskualdunen omena Lizardi, Lauetcheta, Orixe, Zaitegi, Iratzeder, Mirande, Aresti eta Gandiaga batzuek.

        «Aitaren etxean asko egoitza» badirelarik, nola ez bada Eskual-literaturan?

        Gandiaga gazteari igortzen diogu agur handi bat: Jainko maiteak diola bide luze on, zonbait elorri gora-behera, elorri xuria loratzen den ber.

 

aurrekoa hurrengoa