www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

PIERRE TOPET-ETXAHUN

(1786-1862)

 

        Jean Haritschelhar jaunak lan handi bat egin du, hamar bat urte iraun diona, Pierre Topet Etxahun koblari famatuaz eta haren obraz.

        Bi liburu gotor ontu ditu eta Bordelen, 1969ko uztailaren 8an, sei jujarik erabaki dute segur hartze zuela «dotor» titulua, gain-gaineko aipamen ohoragarriarekin.

        Lehen liburua agertua da: «Le poète souletin Pierre Topet Echahun» eta Baionan salgai da «Musée Basque» etxean.

        Hemen eskuaraz laburpen bat nahi ginuke ager arazi, eskualdun hainitzi J. Haritschelhar gure adixkide jaunaren liburuaren irakurtzeko tirria eman nahiz.

 

        Manexez egiten dugu laburpen hau. Xiberotarrek barka dezagutela. Berdin entzun dugu Altzurukutar batek lan bertsu bat egiten duela Etxahunen eskuara xotilean.

 

 

GAZTE-DENBORA

 

        PIERRE TOPET sortu zen 1786ean, eta itxuren arabera buruilaren 27an, Barkoxe-Etxahunian. Aita Jean Topeta, Barkoxe-Topeteko seme zen; ama, Engrâce Sieur, Etxahuneko prima. Usaia xaharraren arabera etxearen izena emaiten zakoten etxeari, eta beraz Etxahunekoeri Etxahun.

        Pierre, gero poeta bilakatu beharra, ez zen segur familiako haur bakarra: bazituen hirur arreba (Marie-Anne, Catherine eta Marguerite), bai eta hirur anaia (Joseph, Jean eta Jean-Pierre). Bera bigarrena zen haurridetarik, gehiena Marie-Anne.

        Mutiko horren lehen urteak zer izan ziren? Ez ditake deus ere jakin, haren kantuetan salatu berrien medioz baizik, eta aitortuko dugu ez zaizkigula beti sinets-errexak. Dionaz, bai haurzaroa, bai gaztaroa izigarri dohakabe iragan zituen: aitetamek ez omen zuten sortzean onhartu, ez zuelakoan aitaren eiterik; bastart baten pare ekartzen omen zuten etxeko guziek, amodiorik gabe, artarik gabe, azkurri onik gabe; aldiz erdainatzen zuten, joiten, hil zadin ere desiratuz. Eskolan gauza bera: lagunen gaixtakeriak jasan behar, nehor ere bere alde ukan gabe.

        Hamar urtetan, nahiz osagarriak ez duen hanbat laguntzen, lanerat behar du: aintzina laidostatzen dute eta gaizki erabiltzen. Bertsuetan erranen arabera, ez zituen etxen kausitu hiru presuna baizen, urrikaldu zitzaizkonik: amañi, 1803an hil zena; mutil bat; haren hezteko manua ukana-gatik, polliki eskolatzen zuena; eta Marie Rospide deitu neskatoa: hau Larraintarra zen eta bi gaztek elgar maitatu zuten. Geroxago neskatila pobrearen amodioa aipatuko duelarik Etxahunek, Marie Rospide ukanen du gogoan, nahiz behin ere ez duen haren izenik salatzen nehun.

        Gauza batek artegatzen gitu. Pierrek bere kantuetan bere aitetamak, zikintzen ditu egin-ahala: aita auzilari zikoitz bihotz gabetzat dauka, herrak derabilena; amaz dio itsuski: «amak idor bihotza bai eta thitia». Bizkitartean Pierre dute biek primutzat hautatu eta ez Marie Anne, hau zelarik bada adinez gehiena. Gure iduriko bada hor xuxen ez doan zerbait.

 

 

AMODIOA ALA PRIMANTZA

 

        Topeteko osaba, Pierren aitatxi edo goxaita, frango aberatsa zen. Haurrik ez baitzuen, 1804ean bere ontasunak ordenuez utzi ziozkan Jean Topet bere anaia Etxahuneko nausiari. Bereziki hiru etxalde: Topet, Champagne eta Arbispe. Arartekoz horiek behar zaizkon heldu Etxahuneko premuari, amaren dotea zen Bedekaratziarekin. Gisa hortan ezagutzen ditugu kobletan aipu diren «bortz etxalde» famatuak.

        Bainan premu-gaiak Marie Rospidekin bazaukan amodioa aintzinatuxegi zen: 1805eko otsailaren 27an Jean Rospide ttipi bat sortu zen Etxahunian.

        Pierrek nahiko zuen neskatoarekin ezkondu. Etxekoek ordea zioten, desohorez ere, ez zela holakorik behar; hauta zezala: ala maitea, ala primantza.

        Hamahiru ilabetez ez adituarena egin zuen, ustez-eta denborarekin bazterrak jabalduko zirela. Ba, zera... Huna nun mehatxuak obratzen hasten diren: 1806eko apirilaren l6an goxaitak ezeztatzen du bere lehenbiziko ordenua eta bere ondoko osotzat izendatzen Joseph Topet, Jean Topet-Etxahunen hirugarren semea.

        Aldi huntan bertsulari gaztea ohartzen da ez dela probetxurik: ez baditu Etxahunia eta Bedekaratzia ere galdu nahi, bertze hiru etxaldeak bezala, amor eman behar du: bihotza erdiraturik, Marie Rospide bere haurrarekin uzten du alde bat. Gutik ere egin zuen ez baitzuen Etxahunek fin gaixto egin memento txar hortan.

        Orduantsu ontu zituzken Urtx'aphalaren kantuak, bi amorosen despeitze etsigarri samina aipatzen baitute. Haren lehen bertsuetarik ditazke.

 

 

EZKONTZA ETA ETXEKO TIRA-BIRA

 

        Etxekoek «neskatila pobrea» baztertu-eta ez dute Pierre hortan utziko: bortxatuko dute Engrâce Pelentorekin ezkontzerat: andere hori urtez zaharragoa zen gizon-gaia baino, bainan Etxahunerat amodio guti ekartzen bazuen ere, haren dotea polliki estimatua zen: orduko 3.415 libera, heldu baita oraiko 12.977 libera berri. Elizan ezkondu ziren Barkoxen 1808ko buruilaren 27an.

        Handik hemerezi urteren buruan Etxahunek kantatuko du:

 

                Hogei eta bi urthik bethe egünin,

                Emazte bat hartü nin ene zorigaitzin:

                Erraiten ahal beitüt zereki zeitan jin,

                Ene ürkha bülhürra gorderik altzopin.

 

        Ez da batere segur familiako tira-birak eta pena handiak haste hastetik gertatu zirela. Gauzak emeki-emeki nahasi, makurtu eta gaizkondu zitazken. Dena dela, Barkoxeko merian diren paperek erakusten dute menaiu hortan sei haur sortu zirela 1808tik 1821 arte: Engrâce (1809), Marie (1811), Joseph (1813), Catherine (1816), François (1819), Pierre (1821). Engrâce hil zitzaioten bi ilabetetan eta Catherine bi urtetan.

        Bainan itzul gaiten egitekoetarat.

        1809an Topetian hil da goxaita aberats hura, eta haren ondoko Joseph Topetek, 1813an soldado joan aintzin, eskuzko ordenu bat egiten du, bere ontasun guziak Pierre bere anaiari uzten dituela. Poetaren atsegina! Bainan ordenua ez da baliatzen ahalko; ezen Joseph ez da Napoleonen gerletarik itzuliko, eta ezin frogatuko dute hila dela: legez bada, ordenu batek ez du deus balio, haren egilea ofizialki hilez geroz baizik.

        Bertzalde goxaitaren ordenua atakatzen dute azken hunen anai-arrebek.

        Pierre arras kexu da. Haren arabera aitak ez ditu etxeko intresak aski fermuki begiratzen. Eta noiz nahi familian diru-aharrak pizten dira. Azkenean elgarren arteko hasarrea hainbertzetaraino sumintzen da, nun 1817an poetaren aita, ama eta haurrideak, Etxahunia utzirik, Topeterat joaiten baitira ihesi, goxaitaren alarguntsaren ondorat. Etxahunian menaiu gaztea bera egonen da.

        Ondoko urtean Topetian hilen da Etxahunen ama bere etxetik kanpo. Heriotze horrek zati-araziko du Etxahuneko ontasuna, poetari ez baitzaizko lurretarik geldituren erdiak baino gehixago baizik.

        Azen ontzeko, 1819ko apirilaren 16an, Donapaleuko Tribunalak, eskas ttipi baten gatik, ezeztatzen du goxaitaren ordenua, Josephena ere ondorioz desbaliotzen duelarik.

        Orai arte aipatu ditugun urtetan Etxahunek bertsu hainitz ontu ote du? Haritschelhar jaunak erakutsi du Eihartze eta Miñau kantu irriegingarria 1813ko dibortza faltsu baten karietarat sortu zela. Bainan noizkoak diren ezin xilatuzko bertze kantore batzu, baditake urte-alde berekoak diren.

 

 

BORTZ URTE PRESO

 

        1820-1821 arte hortan, itxuren arabera, gure Etxahunek ez zukeen kantatzeko gogo handirik.

        Ezinago zen kexu, idurikor eta oldarkari.

        Aiher zitzaion emazteari: hau diru-aharretan ez ten haren alde emaiten; bainan bazen bertzerik, seriosagorik: Engrâcek gobernu txarra zuen Jean Hegiaphal auzoarekin. Senharrak nahi ukan baitzuen «konbertitu» (ez dakigu nola), andrea mendekatu, bi ilabete konbertitzailea preso atxikaraziz. Egia errran, Etxahunen kantuek baizik ez dute preso-aldi hori aipatzen. Orai arte nehun ez da agertu horren frogarik.

        Aiher zitzaion (bixtan da) Hegiapal ñapurrari.

        Aiher berdin, asko arrazoin edo estakuruz, hainitz jenderi: aiher, ba; bainan (ondikotz!) bortitz, hasarrekor eta borrokari. Azkenean galernak norapait zalapartatu behar.

        1821eko urriaren 26an, Eskiulako Benoit Goyhenex Chope delako batekin astaña-tratu batez hasten da hizketa; eta, beroan bero, ez dioia haizkora-ukaldi bat bularrean emaiten? Zauria zarrapo bat baino gehiago da: sarraski itsusia. Etxahun preso hartzen dute eta Donapaleuko presondegirat eremaiten, doi-doia zonbait egun Pierre familiako azken haurra sortu aintzin. Akusatua da ez bakarrik hil-xedez, bainan ohointzaz eta diru-urhe faltsu bat kurri-arazi nahi izanik.

        1822an «Kaxotik» haren ihes-egitea, ezar ditake, nahiz ez dakigun xuxen ez noiz eskapatu zen, ez eta zonbat denbora egon presondegitik kanpo. Paperik ez da argi gitzazkenik. Jendek, gure iduriko, hainitz emendatu dute eskapu-ixtorio hori.

        Berriz hartu-eta, badu kanore garrazki erabili duten zaintzalek, bere bertsuetan saminki arranguratzen den bezala.

        1823ko abendoaren 30ean Paueko Asisetan kondenatzen dute lehenik bi urte beharko du preso egon, eta gero bertze bi ustez polizak begi atxikiko dio. Dei egiten du, ez da probetxurik: gaztigua oso dago, eta presonera Lot-et-Garonne Eysses-etako «Centrale» delakoan sartua. Presondegiko paperek ez dute aipatzen ez haren oldartzerik, ez eskapu-entsegurik, ez bertze deus ere jakingarririk.

        1826ko otsailaren 11n, Eysses-etarik Etxahun ateratzen dute, bainan ez libratzen. Gakopean daukate behin Pauen, gero Donapaleun: hemendik joaiterat utziko dute 1827 hastean, ezin baitituzte haren gain ezarri hobenak egiztatu.

        Denik ere, bi urteren orde, bortz urte atxiki baitute preso, ez da harritzeko barne guzia kedar, kirets eta mingatx baitzuen, sekulan baino minberago.

        Bere kantuetan ixilik dauka Goyhenex-ekilako behar-gabea. Pazientzia eskasa aipatzen du, inpiztatzeleen lana ere bai; bainan oroz gainetik batzutan aita, bertze batzutan emaztea akusatzen ditu, haren preso-denbora luza-razirik. Erran behar du lekukotasun izpirik ez dela kausitu ele hoien alde. Etxahun, bere zorta ezin konprenituz, aieruka ari bide zen bakar-bakarrik bere buruarekin. Eta nork daki? Beharbada federik hoberenean.

 

 

XOXOTEKO ZUBIA

 

        Pierre Topet etxen ez izanez, haren emaztea, ongi egin ustez eta lege-gizonak aholkaturik, ari izana da lur trukatzen eta lur saltzen. Senharrak dauka tratu txarrak izan direla, etxe-galgarriak; bertzalde Engrâcek ez du auzoarekilakoa hautsi eta gizonak akusatzen du bederen haur bat ezkontzaz kanpo kontzebiturik.

        Erasia horiek gaitziturik, Engrâce Pelentok uzten du senharra eta ihes-leku bat atxemaiten bere ahizpa baten etxean, Barkoxen berean: bi haur eremaiten ditu berekin.

        Bertsularia Etxahunian egoiten da bertze bi haurrekin, egoitza-parte batean Ibar bordariak bizi direlarik.

        Etxahun erhotua bezala da, dena oihu eta mehatxu, bazterrak izitzen dituela.

        Hainbertzenarekin, 1827ko maiatzaren lehenean gertakari ikaragarri batek inharrosten du Barkoxe guzia: aratseko hamarrak irian, Oloroneko feirietarik itzultzean, Dominique Etchegoyen, Xoxoteko zubian, handizki kolpatua da, hurbil-hurbildik keinatu xixpa tiro batez.

        Ez dakite nork tiratu duen.

        Bainan famak berandu gabe Etxahun dela dio: gaizki ikusirik, Hegiapal mendekioz hil nahiz, adixkide hobengabea funditu duke. Etxahun durduratzen da, ihesari emaiten, ahal bezala gordetzen.

        Ondoko urriaren 23tik 24erako gauean suak sunsitzen du Hegiapalen borda bat, aldean duen belartegi batekin.

        Berriz ere jendea jelosten da Etxahunen eskua lan hortan ari izana dela. Hanbatenaz nun koblariak ilabete beraren azken egunetan Larrañeko artzaineri kantu bat kuriosa eman baitiote: kantu hortan hain xuxen bi lerro hauk adi ditazke Hegiapali buruz:

 

                Bestek eraman derik hik behar kolpia,

                Bena kübera dirok orano hartzia.

 

        Denen arabera, bi lerro hoiek salatzen dute tiro emailea. Justizia bera, ateraldi horren gatik, deliberatzen da Etxahunen arrestatzera. Aintzinttoan gelditu zen haren jaukitzetik, auziari buruz zeri lot ezin atxemanez.

        Berehala kontrako lekukoak sortzen zaizko onjoa bezala; zuhaitz eroriaren inguruan haizkolariak tole; aldi batetik bertzera, jujen beren arabera, akusatzailek soberaxko emendatzen dituzte beren kargak. Hots, ezagun da hainitzek ez dutela gogoan Etxahunen lehertzeko xedea baizik.

        Sei ilabete egoiten da preso, eta orduan Deffis jujearen ohoretan ontzen du kantore bat; alabainan haren ganik esperantzazko ele goxo batzu ukan zituen.

        Eta huna, 1828ko agorrilaren 18 eta 19etan, Paueko Asisak. Jendeketa gaitza auzi horren aditzeko.

        Etxahunek badaki zeri dagoken: inperkadoreak galdeginen du haren kontra ala hiltzea ala galeretako pena bizi guzikotz. Ez da jostetarik. Bainan bere buruaren jabe da osoki. Galdeka, arrazoinka, irriz edo hasarre-erauntsiz lekuko etsaiak durduzaturik eta hats-bahi ezartzen ditu, batzu bertzeen ondotik. Jujeri buruz plantaturik, adi-arazten diote zonbait herratsuk eta gezurtik elgar berotu dutela haren galtzeko. Hainbertzenarekin norbaitek gutun bat ekartzen du, hogoi bat Barkoxtarrek sinatua, baizik-eta Etxahun gizon lanjerosa dela eta herri guzia haren beldur; otoi, jujek ez badute ere haren kondenatzeko biderik atxemaiten, bederen, bakearen gatik, ez dezaten libra.

        Jujek azkenean erabakitzen dute ez duela hobenik. Haritschelhar jaunaren liburuan auzi hau xehe-xedea kondatua da, paper ofizialak berme: 35 plama luze horiek ez dute gatz eskasik: irakurtzen hasi-ta segidan bururatu gabe ezin utz...

 

 

PETIK GOITI

 

        1828ko agorrilaren 20ean Etxahun libratua da. Barkoxen ez dira denak kontent. Herrirat itzuli-ta, herritarrez ez diote egiten «hunkijin». Gehienak gibelaz itzultzen zaizko. Badoa arren Urdiñarberat, han ez duela araiz kausituko hainbertze etsaigo. Han ontzen du 1829an Kantoren kantatzeko: bertsu hoitan musikatzen du Omize-gañeko ezkontza bitxi bat, orduan elepide asko eman zukeena. Han zitakeen oraino 1830ean, Belhaudiko borthian kantorea egin zuelarik artzain batzuen ez-axolkeria hain polliki zirikatuz.

        Anartean entseatzen da egiteko xahar batzuen onez-onean antolatzerat bere etxondoaren berriz osatzeko eta joritzeko xedearekin. Aita hil zitzaion 1831ko buruilaren 28an. Handik laster deliberatu zuen Erromarat joanen zela beilari: preso zelarik egin botu bat nahi zuen konplitu. Bi berset dolorusik kantu hunkigarria ordukoa da: bertsulariak deitoratzen ditu bere hutsak, kontseilu onak emaiten; nasaiki barkatzen, bere haur eta ontasunak Alcat Barkoxeko auzapezari gomendatzen: fedezko eta bakezko kantorea, bat balinbada.

        Sei ilabete iraun zuen beila horrek, 1832ko apirilaren 26ean Etxahun Ziberon baitzen, itzulia. Gauza guti dakigu beila hortaz. Paperak galdurik maiz arrestatua izan omen zen arlote gisa. Nunbait berak 55 presondegi aipatzen ditu. Ez dea hanixko? Nimes hirian ospitalean hiltzer ere omen zen. Zer nahi gisaz, presan itzuli zen bere haurrez eta ontasunez arta artzekotan.

        Erromaratekoan erakutsi sendimentu ederrak urtu ote zaizkonetz etxeratekoan? 1832ko agorrilaren lehenean Clérisse inperkadoreari letraz galdatzen zion emaztea nunbait gakopean sar zezoten poxolutik.

        Bizkitartean urri ondarrean Etxahunerat biltzen da, etxekoekin bizitzeko eta, oroz gainetik, dretxoz bereak bezala estimatzen dituen ontasunen kobratzeari lotzeko.

        Haritschelhar jaunak bere liburuan emaiten dauku haren tratujokoen berri: nola ari ten egun goxotik, biharamunean gogorretik; behin anaia bat kidetzat hartuz bertzeen garraitzeko, gero kidea berrituz behar arau; batzutan gauzak krik eta krak zeramatzala, bertzeri hatsaren hartzeko eperik utzi gabe; bertzetan luza eta luza parada onaren haiduru. Ez gira gu hemen sartuko auzilari tematsuaren zimardika bihurrietan. Aitor dezagun ongi jalgi zela gostaia gosta: hamar bat urterik barne, biltzen zituen ontasun gehientsuak batetaratuak tiren haren eskuetan, Jeanek beretu Topetia salbu.

        Iduri duenez, urte hoietan Etxahunen fama xurituxea zen. Jende handi hainitzak atsegin dute harekin elekatzea, hala nola Deffis presidentak edo Clérisse inperkadoreak. Ontarazten diote Bere bizitzearen kantorea, 49 bertsutan; Mundian malerusik berriarazten, Desertüko ihizik bilakatzen baita; eskatzen diozkate berset pollit batzu Ernest Legouvé Pariseko idazlari famatuarentzat.

        1832an, Gaztalondoko prima ateratzen du, dena izpiritu xorrotx eta mendekio.

        1841ean, Udoyen auzia dela karia, Donapauleko jauneria laudorioz loreztatzen du.

        Urte bereko ekainaren 21 ean Sohutarat deitua da «de Rouillan»en ezteietara; ezkont-kantore xarmant baten emaiteko: Sohutako ezteietan.

 

 

ERORIKO DEITORAGARRIA

 

        Petik goiti hortaratu-eta, zertako behar zuen Etxahunek huts izigarri batean erori?

        1841eko uztailaren 20ean, Nabarrengose-ko notari baten etxera agertzen da, Joannes Ihitsar deitu kideko batekin: hunek dio Jean Topet dela, Etxahunen anaia. Onez-onean antolamendu bai sinatzen dute bi alegiazko haurridek, baizik-eta Jeanek Pierre bere anaia gehienari uzten diozkala Topeteko hamasei partetarik hamahiru.

        Zer uste zuen dohakabeak, anaia arrunt xoroa zela, ala bera biziko zela hura baino luzazago? Nork jakin?

        Ametsak amets, ondoko urtean Topeteko Jeanek jakin zuen berri eta anaia jujetara jaukitu.

        Koblariak bazakien kasu txarrean zela: lekuak hustu zituen eta Espainiarat ihes egin: orduan ibili zitakeen «Sen Jaken», beilari; bainan beila hortaz ez da oraino aurkitu orhoitzapenik.

        1843ko maiatzean, Paueko Asisek xuritu zuten Nabarrengoseko itsuskeriaren auzia: bi hobendunak ez baitziren agertu, kondenatu zituzten hamarna urteren galeretara.

        Lehen ondorioa: kondenatuen ontasunak bahitzen dituzte. Etxahunia enkantean emana da. Beharrik Joseph Topetek 1845eko otsailean aitaren etxea berrerosi baitzuen.

        Handik laster, Etxahun sartzen da berak hautatu desterrutik, bi urtez goiti Espainian egonik unatua, edo (nork daki?) Frantzian ahantzia duketela ustez.

        Bainan ez dute ahantzia. Jandarmek biltzen dute; eta, 1845eko agorrilaren 11 n, Pauen da itzalean.

        Zazpi egunen buruan Asisak dira. Jujen aintzinerat heldu da, aspaldiko beilaren trastu bitxienak soinean: xenila, manta-labur, pordoin, kulubitxo, maxkur, arrosaio luze, ez du deusen eskasik.

        Auzi-tartean egiten du xoxoarena, bere ezinbertze eta penak hatsapasaka kondatzen, oro oihu, oro jestu: aditzaileak irriz; bainan, teilatua xilo dukelakoan, urrikalduak.

        Ororen buru: jujek pena jausten diote hiru urteren presondegitara. Urrun da jadanik hamar urteren galeretarik!

        Bainan Etxahuni iduritzen zaio oraino hobeki atera ditakela. Dei egiten du «Cassation»-erat. Suertez huts bat atxemaiten dute Pauen egin auziko paperetan: sinadura bat ahantzia. Eta horra nun afera Mont-de-Marsan-eko Asisetarat igorria den, han berriz juja dezaten. Hazilaren 7an Etxahunek Paueko komedia emaiten du berriz ere, polliki emendaturik. Ez du denbora galdu. Aldi huntan jujek bi urtetara laburtzen diote gaztigua.

        Hasian hasi, zertako ez mentura bigarren dei bat? Oraikoan ez dute hutsik kausitzen. Bi ilabetek finkatuak dira abendoaren 20ean.

        1846eko otsailaren 24ean Etxahun Eysses-etako presondegian sartzen da, hogoi urte baititu hortik ateratu zela!

        Bi urte eraman ditu hor, ixtoriorik gabe.

        Etxen, anartean, batasuna ari zaio gero eta gehiago desegiten. 1847ko azilaren 3an emazteak, bere ontasun propiak salbatu nahiz, ardiesten du legez berexirik izan diten bi esposen ukantzak.

        Abendoaren 20ean, bere gaztigua bururaino pairaturik, Etxahun azken aldikotz ateratzen da presondegitik.

 

 

HERRIZ-HERRI

 

        Hemendik aintzina Etxahun, erreka-joa, desohoratua, erdi-eskale biziko da, trixtezia handian.

        Garindañen anaia bat bordari jarria baitzuen (Jean-Pierre), hunek berekin hartu zuen 1848an. Zorigaitzez, 1850eko udan-egun batez, bi anaiek aharra gorria ukan zuten elgarren artean, eta bordariak poeta kanporat manatu.

        Etxahunek atxeman zuen aterbe herri hortan berean, selauru-xoko bat alokatuz. Gau batez norbait jin omen zitzaion jazartzerat, puska askoren ebasterat, eta bertsulari xaharrak begi bat galdu zuen borrokan. Haren arabera, Jean-Pierren semea, Pierre bere semetxia zen oldartu zitzaiona. Jujetarat jaukitu zuen.

        1851eko otsailaren 28an Paueko Asisek ez diote Pierri ilobari hobenik ezagutuko: osabaren fama ez doake onduz.

        Bainan zen bezalako auzilari tematsua izanez, tribunaletako paperek erakusten dute, Etxahun maiz ibiltzen zela jujetan, bere haurren ganik gero eta haz-pentsione joriagoak beharrez. Paper hoieri esker jakin ditake nola herriz-herri zabilan herratua. Aurkitzen dute, konparazione, Mendikotan, Santa-Grazin, Eskiulan. Azken leku huntarat 1856eko abendoan jin zen, Pierre bere seme gaztenarekin dotzen-erdi bat urte iragan baitzituen: alta, iduriz, lehenago ez zuen bere haurtzat ezagutu nahi ukan.

 

 

KOBLARIA

 

        Orai, irakurlea, nahi bide duzu jakin, Ziberorat itzuliz geroz, ea koblaka berriz hasi zenetz Topet-Etxahun.

        1848an berean ontu zuen Ahaide delizius huntan, bere bizitzeaz egin duen kanturik hunkigarriena: nahigabea iragan berrien ondotik gogo-bihotzak goratzen eta eztitzen zaizko; gauza bertsua gertatu zitzaion Etxegoyenen auzitik lekora Bi berset dolorusik izkiriatu zuenean. Ez da beraz harritzeko bi kantorek elgarren eite baitute.

        Bainan koblakaria, bizitzeko, entseatuko da zonbait kanturen saltzerat.

        Bertzeak bertze:

        — 1848an Hegilus senhar-emazten heriotzeaz;

        — 1849an Chaho deputatu-gaiaren alde;

        — 1850ean Renaud deputatuaren ohoretan;

        — 1852an, naski, Idarroki olha, artzain batzuer eskerren emaiteko; Leille, ixtorio arrunxkoa.

        — 1853an Abbadieren sariketako igortzen du Montebidorat joaileak; saria ez ukanik garrazki zafrazten ditu Bi bertsetan egitez.

        — 1854an Amodio gatik izkiriatzen du, Etchandi hiltzaleaz mendekatuz.

        — 1855ean Mrg. Lacroix, Gure jaun apezkupia, lilistatzen du;

        — 1859an Barkoxeko eliza kantorean herriko erretorari jazartzen zaio, jaunen alkitik meza denboran ilki-arazi duelakotz;

        — 1860an Musde Tiraz, Eskiulako erretoraren aldia da, kofesatu baititake xila noiz egin zituzken.

        Haritschelhar jaunak hurbildik eta barna ikertu ditu Etxahunen kantoreak, mintzairaren aldetik, musikaren aldetik, koblen ontzeko moldearen aldetik, gaien aldetik, eta abar, argitan emanez zertan den bertsulari xuberotarra usaiari jarraiki, eta zertan bere jeinu bereziari. Bada hor zer ikas.

        Halere pondu batzu gelditzen zaizku duda-mudan. Ez jakin, nola Etxahun hasi izan zen koblaka; ea Barkoxeko xahar batzuek eskolatu zutenetz (eta zoinek) —ala bere baitarik lotu zenetz, ohiko kantu ezagutueri ohartuz, heien arabera bereen moldatzeko. Ez jakin ere, bat-bateko bertsularia zenetz, aintzinetik deus apailatu gabe ar zitakena— ala pausuki, astiki ari zenetz bere bertsuen lantzen eta ontzen, jenderi kantatu baino lehen. Iduri du modu hori zela harena. Bere koinataren etxean apairu txarra eginik, bertsuak ez ziozkan etxeko andereari lekuaren gainean adi-arazi. Berak kobla batean dio, etxerakoan xakur batek ausiki zuela, eta:

 

                Etxera hel eta kolpia sueñatu nian;

                Gero aldiz hoiek kopiatü nütian;

                Ohiala juan,

                Logale beinintzan,

                Jeiki argi azkorrian,

                Hoien khantatzera, arrebari bortha aitzinian.

 

        Aizinaxka preparaturik, aise dira haren bertsuak hain bildu, tinko eta beteak; hitz alfer guti, luzagai gutiago; eta ateraldia tiroa bezala heltzen bere jo-buruat.

        Segur, denek opa ginezake oraino etxe-xokoetan kausi balezazte Etxahunen hainitz eta hainitz kantore, Haritschelhar jaunak bildu berrogoi eta bien emendatzeko.

 

 

AZKEN HITZ

 

        Orai burura dezagun Etxahunen ixtorioa.

        Pierre haren semea 1861ean hil-eta, bertsulari xaharra Eskiulatik joan zen eta Etxahunian Josephek hartu zuen, azken egunak etxondoan pasa zitzan. 1862ko urtarrilaren 17an girixtino hil zen, 76 urtetan.

        Ez bide zuen amesten ere, egun batez, bere kobleri esker, gorespen handienak ukanen zituela; hasteko, 107 urteren buruan, J. Haritschelhar jaunak Uniberzitatean sar-arazi du, eta Barkoxtarrek ezin ederkiago berritu diote hil-hobia.

        Hil-hobiko lauzak Etxahunen bertsu hau ekartzen du:

 

                Khantore hoiek huntü nütin Unhürritzeko olhetan,

                Errumarat juiten nizala erraiten beitüt hoietan.

                Maleruski ni hil banendi bidaje lazgarri hortan,

                Ziberuan khanta-itzazie, ene orhitzapenetan.

 

aurrekoa hurrengoa