www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

J-B. ETCHEBERRY

almanakaren aita (1806-1898)

 

        JANBATTIT ETCHEBERRY Michel Garicoïts sainduaren lehen kusia zen. Ibarre-Ordokian sortu zen 1806eko abendoaren bian. Lau urtetan Ibarlako ahaide batzuek, haurrik ez izanez, hartu zuten semetzat eta beren etxean alxatu.

        Hamabi urtetan Janbattit artzain da. Osaba eritzen da eta hiletsian erraiten dio haurrari:

        — Apeztu nahi baduk, ordenuz uzten daiat eskolen egitekoa.

        — Jainkoaren deia dateke, ihardesten du Janbattitek, entseatuko niz.

        Eskolak hasten ditu Donibane-Garazin; segitzen Kanbon, Hiriart jaunaren etxean; bigarren mailekoak Larresoron; filosofia Betharramen; teologia Baionan, itxuren arabera.

        Apez ordenatu izan zen 1833an eta Heletarat bikario izendatua. Handik lau urteren buruan, Hazparneko misionest eman zuten eta zazpi urtez parropiaz parropia ibili zen predikatzen eta kofesatzen.

        1843an Uztaritzeko serora beltxen komentuan omonier sartu zen, berrogoi ta hamabortz urte atxiki baitzuen ofizioa.

        Saindu fama zuen bazter guzietan. Eskualde guzietarik heldu zitzaizkon jendeak edo letrak, diru-galdez, kontseilu-galdez, othoitz-galdez.

        Egia erran, saindu baten manerak kausitzen ziozkaten: kukua bezain meharra, barur hainitzen seinale; ororekin goxo eta pazientziaz betea; elizako gizon kartsua; hurbil eta mintza-errexa; jite alegera.

        Bertsu ontzalea zen, ez izanik ere olerkari (poeta) handia. Adixkideri konplimendu baten egiteko (hala nola Dassance kalonjeari) edo bertze baizu pollikiño kitzikatu beharrez, moldatzen zituen kantuak. Pentsatzen duzuen bezala, ukaiten zituen ordainak, hala nola meza denboran galtzak lurrerat erori zitzaizkon aldi hartan.

        Bertzerik izkiriatu zuen omonier onak. Gure iduriko, haren liburu hoberena izan da: Testament zaharreco eta berrico istoria; 284 plama bazituen. Agertu zen behin 1874ean, gero 1877an, arrakesta handia ukan baitzuen, arrazoinekin.

        1882an jalgi zuen 36 plametako liburuxka bat bere kusi famatuaz: Miguel Garicoitz aphezaren bizitzea. Hain pollita da, non Narbaitz jaun kalonjeak berriz ager-arazi baitu Gure herria deitu aldizkarian.

        Nahiz ez dituen sinatuak, badakigu bertze bi liburu bederen haren eskutik ateratu direla: 1863an, Guiristinoa indulgencien gainean arguitua (54 plama); eta 1877an, Maiatzeko hilabethe chumea (160 plama), arras irakur-goxoa.

        Halere hartaz mintzatzen zirenak haren Almanakaz ziren orhoituenik. «Almanakaren aita» erraiten zioten.

        Badut entzutea, 1823an hil zen Ulibarri harotz bizkaitar eskualzaleak almanaka baten entsegua egin zuela, bainan ez zuen haren urtekariak iraupenik izan eta bertzalde ez zen hunaindirat hedatu. Ez dugu haren hatzik ere nehun aurkitu.

        Beraz hemen gaindikoentzat bederen gertakari berria izan zen, 1848an eskuarazko almanakaren agertzea. Izena zuen: Escualdun laborarien adiskidea. J.B. Etcheberri apezak bera hil artio iraunarazi zuen, hogoi-hogoitalau plamarekin. Gero ere agerkari hori ateratu zen, 1914eko gerlaradino. Orduan Etchepare bi anaiek apailatzen zuten, polliki emendaturik. Aintzinttoan Martin Landerretxek artatu zuen.

        Bainan agertu da anartean mugaz hunaindian bertze almanakarik. Duvoisin kapitainak ateratu zuen urtekari enperadoretiar bat (1884, 1885, 1886, 1887), eta agerkari hori bilakatu zen 1888tik aintzina Eskualdun gazetaren almanaka. Gorriek (Berdoly eta Vinson sustatzaile) jalgi zuten berena: Almanaka berria (1879, 1880, 1881, 1881 - 1884, 1885 - 1888, 1889, 1890). Xiberotarrek ere batto muntatu zuten, Iribarne Zalgizeko erretora buru: Almanak edo Armanak uskara (1887, 1888, 1889, 1891).

        1914-eko gerlatik landa Eskualdunak jalgi zuen bere Almanaka eta «Gure herria»k Gure Almanaka; 1925etik hunat biek bat egin dute, orok dakizuen bezala.

        Zer nahi den, orhoitu behar dugu J.B. Etcheberry Ibartarra izan dela hemen orai artio, ez bakarrik Almanaka eskuara-ren lehen egilea, bainan iraunkorrena. Harek 49 Almanaka atera zituen. Guk ateratzen dugun 1970eko hau ez da gure 25garrena baizik. Eta oraino ez dugu bakarrik muntatzen. Salatu bebar dugu gure laguntzalerik nasaienak —izenak egiten ote duen!— J.B. Etcheberry duela izena, Ibartar famatuak bezal-bezala. Hau Dohoztiritarra dugu, Baionako Ospitaleko jaun omonier maitagarria, eskuarazko liburubalios andana baten egilea. Jainko maiteak eman dezola bere izen-kide zenari bezanbat bizi, Eskuararen onetan.

 

aurrekoa hurrengoa