www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

DUVOISIN KAPITAINAZ OHAR PURRUXKA BATZU

 

        Duvoisin Kapitainari (1810-1891) euskal-literaturak leku nasaia emaiten dio. Aipatzen dutenak iturburu beretatik atera baitituzte beren berriak, zenbaiti gertatu zaie huts beren errepikatzea. Txosten huntan nahi nituzke zenbaiño agertu. Erran behar dut, nihaurek ere huts horietarik asko egin ditutala ene idazkietan, geroztikako irakurgai batzuek poxi bat argitu naute; eta beharbada txosten huntan makurrak xuxentzen ahalko ditugu. Ez uste izan hargatik harritzeko berriak entzunen ditutzuela: xehekeria zenbait baizik, ez zaizkizue salatuko.

 

 

Izen-deiturez bi hitz

 

        Liburu gehienetan Jean Duvoisin errana zaio. Bizkitartean Hiriart-Urruty kalonjeak Manex emaiten zion itzen ttipitzat: Larresoroko eskola paper guziek Jean-Pierre; eta aduanakoek Jean-Baptiste.

        Duvoisin deitura ere ez da denetan berdin idatzia. Semenarioko dokumentuetan Duvoisin ekarria da. Nola nahiz idaz dadin, Albert Dauzat hizkuntzalari zenak zaukan Le Voisin nehun ez zelakoan, hitz hori leku-izen bat zela etorkiz. Frantzia-eskualde ainitzetan herri askok dakartena, eta geroxago deitura bilakatua. Zenbaitek hauteman dute abizen hori ez zela euskarazkoa eta nola kapitainak bere burua nafartzat eman zezaken, ezin ulert.

        Duvoisinek berak argitu izan du bere errana. Kondatzen zuen, baizik-eta 13garren mendean, Tibaldo lehenak, Nafarroaren errege sartu zelarik, Xanpañatik berekin ekarri zuela bere erresumara Du Voisan (bi hitzetan) izeneko zaldun soldado aintzindari bat: Hau Nafarroan alde bat kokatu zen, familiatu, eta haren leinua mendezmende, ezkontzaz-ezkontza, arras nafartu.

        Aita amaren aldetik ere, nafarra zela erran zezaken; Marie Goroztarzu ez zena bada Baztandar leinu batekoa? Nola ez orroit Goroztarzutar horietan eskual olerkari bat izan dela Jean de Goroztarzu apeza (1829-1858). Orhiko xoriaren kantuaren egile xarmanta, bai eta Eliza-bestarena?

        Gure kapitainak anaia bat bazuen, bortz urtez zaharragoa, César bataiatu zutena. Cezari ez zitzaion izen ospatsu hori batere laket; eta gehienetan C lehen letra baizik ez zuen ezartzen bere deituraren aintzinean. Hortik gertatu da askok uste ukan dutela Charles zela haren izen ttipia, edo C letra horrek erran nahi zuela «capitaine». Horra zergatik apezaren idazki batzu guardan leporatu diozkaten. Adibidez: Notice sur le chapelle Sainte-Magdeleine d' Ustaritz.

 

 

Eskola solas

 

        Duvoisin anai-arrebak ez dira behin ere Ezpeletako eskolan ibili. Aitetamak eskolatuak zituzten: aita herriko auzapez eta kantoinako bakezko juje izaki, eta ama Baionako ikastegi batean aski luzaz egona. Bainan, bertzalde, Hazparneko komentutik iraultzako legek haizatu serora-errientsa bat Duvoisintarrek bildua zuten etxerat, haren gain utziz haurren argitzea.

        Bizkitartean, zion Hiriart-Urruty kalonjeak, mutikoak nahi izan zituzten etxetik jalgi-arazi; eta biak igorri zituzten Larresoroko Semenariorat. Hortan ez zen kalonjea ongi jakintsutua izan.

        César, hasteko, apez-gai zelakotz, Larresororat igorri zuten; bainan ez Semenariorat, hau ez baitzen idekia izan 1820ean baizik; 28 urte hetsia egona zen etxe hori, gobernuak ebatsirik. Bainan Larresoro Irigoienean biltzen zituzten apezgai zonbait, eta apez xahar batek eskolatzen zituen. Césarek hor egin zituen bigarren mailako ikasgoak oro.

        Haren anaia aldiz Semenario ideki-berrian sartu zen 1823ko Urrian, 13 urtean. Ez zen aise etxekotu. Orduko paper zaharrek alfer eta buruzkin egiten dute, nahiz aitortzen duten bazukeela zernahitako hartze eta adimendu, borondate on gehixagorekin.

        Bizkitartean, hiru urte gaixto iragan-eta, huna nun bere Laugarren urtean arras bertzelakatua aurkitzen dugun. 1827ko Abuztuaren 27an sari-egona izan baitzen, orduko Palmares delakoak salatzen dauku, Jean Pierre Duvoisinek merezi ukan zituela bortz aipamen eta bere eskolako hoberenetarik izan zela. Zer gertatu zitzaion ba?

        César, haren anaia, errient sartu zen Semenarioan, eta Jean Pierre haren meneko aurkitu. Erakusleak jakin bide zuen nola bil eta susta aintzin urtetako pottoka bihurria.

        Bainan, ordutik harat, Jean Pierre horren itzalik ere ez da Semenarioko paperetan. Zer bilkatuz zen, ez dakit batere. Iduriz etxen atxiki zuten aitamen eta serora-errientsaren meneko, lan modu zerbaiten haiduru.

        Orduan, denbora pasa, lotu zitzaieken ixtorioari eta euskarari, bi sail horiek ez baitzituen hil artio uztekoak. Bertzeak bertze, buruan sartu zitzaion behar zuela Fenelon-en Télémaque liburua euskaralat itzuli. Bainan laister oharturik hitz ainitz eskas zituela, eman zen hitz biltzen, euskal hiztegi baten egiteko.

        Aita hil zitzaion 1830ean, eta Jean Pierre deliberatu zen guardetan sartzerat. Ondoko urtean egin zuen urrats hori.

 

 

Herriz-herri

 

        Erran dute Duvoisinek ongi baliatu zuela guardagoa, ofizio hortan ipar Euskal-Herria buru batetik bertzera kurritu ahal izan zuelakotz, alde guzietako euskal hitzak bilduz eta euskalkieri ohartuz.

        Baionako aduana-artxiboetan bil-arazi ditu Duvoisinen berriak:

        1831ko Martxoan guarda xoil sartu zen;

        1832ko Martxoan brigadier-orde;

        1834ko Martxoan brigadier;

        1839ko Abendoan teniente.

        — Guarda xoil kondu, iragan zituen:

        2 ilabete Ligin; 8 Atarratzen; 2 Lasan;

        — Brigadier-orde kondu:

        8 ilabete Heletan; batto Baigorrin; 4 Arrangoitzen; 11 Senperen;

        — Brigadier kondu:

        6 ilabete Oletan; 6 Saran; 4 Serresen; 10 berriz Oletan; 9 Latsian; 22 Bidarrain; 5 Harnabalen; 13 Ahatsan eta Kanbon zelarik izendatu zuketen teniente.

        Ikusten duzuen bezala, urte hetan ez zituzten guardak mutxitzerat uzten lekuaren gainean; gehienentzat aldaira horiek ez bide ziren atsegingarriak; Duvoisinek aldiz ez zituen hastio, bere hiztegi lanean laguntzen zutelakotz.

 

 

Xaho eta Duvoisin

 

        Duvoisin eta Xaho, biak euskalzaleak ziren. Biek euskal hiztegi baten beharra ulertzen zuten, ba eta biek lan horri emaiten zioten beren kar guzia. Jakin nahiz bakotxak, nola bertzeak zeraman bere saila, elgarren ezagutzak egin zituzten. Hastapen hartan adixkidetu ziren, bainan laster hoztu ere, politika eta erlisione gainean ezin elgar adituz. Egia erran, hiztegi-laneko, Xahok nahiko baitzuen obra bakar bat egin zezaten, baltsan, batek ala bertzeak bildu hitzez baliatuz, xede hori ere Duvoisinek ez zuen on-hartu, eta alde bat elgarretarik urrundu ziren.

        1848an Xaho arras barna sartua zen politikan eta bazoan herriz herri, merkatuz merkatu bere ezkertiar ametsen hedatzen. Orduan Duvoisin Heletan zagon, oraino teniente izaki; eta huna Hiriart-Urrutyk kondatzen daukun gertakaria.

        Merkatu eguna zen Heletan: arratsaldea. Plaza guzia jendez bete zelarik, hor heldu zaizkie, tipust-tapastean, bizpahiru jaun... dena harro eta larderia: hau zela, hura zela, ... bazter guziak errautsi gogo izan balituzte bezala. Gorenik mintzo zena zen Xaho deitu gizon buru bero, harrabots egile handi bat. Alki baten gainera igan eta, handik zer nahi bazerasan. Legeko liburuak, eta bereziki larre eta oihanen zedarriez mintzo direnak, nahi zituen purrustaka eta erre.

        Jende guzia hari so, harritua. Guarda aintzindaria ere han, ixil-ixila, bainan hoberenak golkoan.

        Azkenean, ezin gehiago jasanez jauntto haren ahapaldiak, zer egiten du? Biltzen zenbait mutiko gazte. Bi jauziz han ziren oro, jaun arrotz heien inguruan: kantuz eta irrintzinaka plaza guzia inarrosi zuten. Baia eta Xahok lekuak hustu, bere lagunekin.

        Ez da erraiteko baizik Duvoisin eta Xaho ez zirela elgarrekin uztartzekoak.

        Xaho halere ez zitzaion aihertu eta, arartekoz, berriz ere entseatu zen haren biltzerat elgarrekilako hiztegi baten osatzeko. Kapitain berria (1852) ez zen berehartarik kantitzen.

 

 

Duvoisinen jiteaz

 

        Kapitaina tematsua zen eta frango bihurria. Erran dugu, Larresoron ez zutela luzaz erakaslek mana-errexa kausitu. Ez omen zen etxekoekin ere biziki pairutsu: laketago zuen bakarrrik egoitea bere liburu eta paperekin familian baino, iduri eta lana zitzaiola munduko gauzarik sainduena eta beraz baliosena. Bakotzak bere gustu!

 

 

Hiztegi-soilas

 

        Jon Bilbaok eta bereziki Haristoyek ederki eta nasaiki ezaguturazi dauzkute Duvoisinen lanak.

        Haren euskal hiztegiez zenbait xehetasun bakar, doi-doia.

        1971ko Gure Herria aldizkarian 188 orrialdetik haste, irakur ditazke Daranatz zenaren argitasun batzu gai hortaz. Salatzen dauku dokumentu batean «British Museum» delakoan nola kausitzen den Kapitainaren Hiztegi frantses-euskara hiru liburutan banatua, Oiergi hitzarekin bukatzen delarik: ez da beraz osoa, bost-pa-sei letra eskas dituelarik.

        Euskara-frantsesa aldiz Duvoisinek utzia zuen fitxetan: 12.000 fitxa eta Daranatzek bere eskuz kopiatu zituen 60.000 lerrotan, kopia hori, dionaz, Azkueri utzi zion 18 hilabetez, balia ahal zezan bere hiztegi handiaren onetan.

        Zenbatetaraino Azkuek baliatu duen eta nola, on litake menturaz jakitea Manuel de la Sotak Daranatzen kopia eskuratu baitu, Azkueren lanarekin konparatu ahal izan du. Ohartu da hitz asko baztertu dituela gure Bizkaitarrak: ulertzeko litzateke zergatik: bertzalde han-hemenka zenbait gaizki irakurtuak izan dira; eta itzulpen frantsesa ez beti ongi hego aldeko erdaralat aldatua izanez, gertatzen da erdara hori frantsesera bihurtuz Duvoisinen lana bietan funditua baitago.

        Uste dugu Retana hiztegian huts horiek beteko direla eta makurrak zuzenduko.

        Egungo aski, eta gaizki erranak barkatu!

 

aurrekoa hurrengoa