 |
MATER DOLOROSA
Ama biotz-kementsu
naigabetsua
zutik, negarrez dago
gurutz-alboan...
Etsaiak deadarka
bere ondoan...
Illun ta ikaraz dar-dar
dago mundua.
Illunpean sartu da
lotsez euzkia,
negarrez daude izarrak
goiko illunpetan,
odei-pean negarrez
dago illargia,
ta aingeruak negarrez
Zeru goietan.
Zerutik-bera jetxi,
aingerutxoak,
ta urrezko ontzirik eder-
ederrenetan,
bildu gure Amaren
negar-malkoak,
muiñ-egin, eta jaso
Zeru-kutxetan.
Andre biotz-kementsu,
Ama samiña,
itxaso antzekoa
da zure miña:
zazpi ezpata zorrotz
biotz-muñean,
ta alare, zutik zaude
gurutz-aurrean.
Semeari geiago,
ai!, ez begira:
bere begi ederrak
itzali dira:
ez, ai!, bere kolkoan
jarri burua,
itzali da-ta bere
barrengo sua.
Ez, ai!, bere ezpañetan
jarri zureak,
zimeldurik dauzka-ta
ezpaiñ-loreak:
ez laztandu geiago
gorputz-illotza,
geitu ez dedin zure
miñ latz-zorrotza.
Neri begira orain,
Ama maitea,
ni bai naiz orain, Ama,
zure semea.
Nere kolkoan jarri
zure burua,
piztu dedin nerean
maitasun-sua.
Zure ezpañak ezarri
nere ezpañetan,
gurutzea maitatu
dezan benetan:
Ama, laztandu nere
korputz ergela
beti maite zaitzan
nik Ama bezela.
Altzon 1929gko, Aste santuan
|
 |