ASISKO ESKALEA
Eskale bat zan: eskale baten antzera bizi
erririk-erri eskean;
t'eskale gaxo baten eran il, bere semetxu
eskale gaxo-tartean.
Baña, maitasun-usai gozoa beti darion
eskalearen izena,
urtetik-urte argitsuago, eguzkia lez,
ludi guzian barrena...!
Nolaz, ba, mundu aztukor ori ezin aztu da
Asisko Eskaletxoaz?
Noletan urte t'eunkiak junda, asetzen ez da
bere izen-usai gozoaz?
Mundu guziak zutik jarrita txalotzen zaitun,
ene Prantzisko mamia,
nola ixilik gaur egon ziteken ain maite zaitun
euskaldun olerkaria?
Zure oinpean mundua artuta, gurutz gogorran
josi zinduan Jainkoak...
Argatik zaude, Jesusen eran beartsuen zai,
beti zabalik besoak.
Maitasun-ezaz ia il-zorian zegoan, ai!, Zuk
ain maite zendun mundua:
eta il ez zedin, Jaunak garretan jarri zizuan
biotz-barrenean sua.
Argatik beti zure alboan goritzen ziran
izotz antzeko biotzak:
argatik beti zure aurrean lore biurtu
oi ziran arantz zorrotzak.
Gabetasuna zan zure emazte maitagarria
izakiak, zur'anaiak;
neke t'oñaze gaitzenak ere, zuretzat beti
atsegiñezko eztaiak.
Zure alboan, lore pollitak pozez dardaraz.
Kantari, berriz, txoriak...
Zu baño anai maiteagorik, ez dute ezautu
izar, illargi t'euzkiak.
Zu baño gizon maitagarririk, munduak berak
ez du ezautu bat baño:
maitasun-mallan, igo zera zu gizona emen
igo liteken garaño.
Argatik ez da zure izenaren dirdist bizia
gizalditan itzaliko:
Kristorekin Zu bat egin ziñan, ta zure izena
Kristokin dago betiko
Kristo gurutzan dakusdanean, Zu ere bekin
ikusten zaitut baturik.
Biok ai!, bizi nere barruan, nere biotza
maitasun-garrez urturik.
Zure neke ta naigabe gaitzez, gurutz-albora
ekarri zendun gizona;
orain otoitzez egizu ori, jakin dezan beiñ
an dagola zoriona.
Arren, begira, begi maitetsuz mundu eroai...
Kupitu Euskal-Erriaz...
Eror-zorian dagon Elizai, eutsi gaur ere
zure maitasun biziaz.
Zuk eta Jaunak maite dezuten euskera ere
ara or doi-doi gaxoa...
Gaxoen lagun ai!, zeran orrek, beraren alde
agertu zure besoa.
Aita Prantzisko! begira azkenez maitasun biziz
zure olerkariari:
Zuk lez, eriotz anai maitea laztandu dezan
Zerura beira kantari.
Altzo 1926ko Urrillan
|