UDABERRIA
Negu-lozorrotik
esnatu da lurra:
mendi egaletan
urtu da elurra.
Jolasean dabiltz
bildotsak soroan:
asi da kukua
kantari basoan.
Otza badijoa
etxetik igesi:
piztu dira udare,
sagar ta gerezi.
Beste lurraldetik
eldu da txoria:
lorez eta abestiz
josi da mendia.
Lanean soroan
kantari gazteak:
eguzkitan alai
amona-agureak.
Baserri aurrean
jolas dagi aurrak
pozez zaunga dagi
alboan zakurrak.
Bizitzak musuka
piztu du lur illa:
Maitaleak, poztu...!
eldu da Orrilla.
Udaberria, udaberria,
ama emakoi kutuna!
Ixuri gugan zure bularren
esne sendakor leguna.
Mendi-gañetik ikusi zaitut
etortzen gure artera,
usai gozozko janzki zuriaz,
erregiñ baten antzera.
Zelaitik-zelai ibilli zera
loraz jositzen zelaia,
ta ibar ta mendi, nun-nai zabaltzen
zure janzkien usaia.
Zure etorrera nabaitu dute
seaskatxotan aurtxoak,
ta sutondoan otzez dardaraz
zeuden agure ta atsoak.
Agur eta agur, udaberria,
ongi etorri gugana:
ez, arren, guri ukatu gaurtik
zure musu ta laztana.
Ixuri gugan zure erraietan
dakartzun emaitz bizia;
izan zu gure sukaldetako
zorionezko euzkia.
Izan aurtxoen zoragarria,
agureentzat, bizitza,
gazteentzako, maitasunezko
illargiaren dirditsa.
Zure besarkaz berotu, arren,
gure Erriaren biotza:
urtu, oraindik bular gañean
ai!, daukan neguko izotza.
Altzon 1928gko, udaberrian
|