ESKALEA
Apaiz egin nintzan egunean
Eskale bat nintzan ni aspaldi batean:
aterik-ate ibilli oi nintzan eskean,
eguzkiaren suaz kiskalduta udaran,
negu gorrian otzez dardaraz ganbaran.
Ilbeltzako gau baten, elurra ari zela,
basoan galdu nintzan bildots bat bezela.
Ezurretaño sartzen zitzaidan izotza,
aragian oi dan lez ezpata zorrotza.
Illun-illun guzia, zuri-zuri lurra
ta urruti baserrian zaungaka zakurra;
ikara biotzean, aragian otza,
gora ta bera egan antxen eriotza.
Nolaz andik uxatu gau-txori beltz ura?
Biotzak esan zidan: Begira zerura.
Nere begiak aruntz zuzendu nituan
ta auspez elur-gañean otoitz-egin nuan.
Ta antxe il-zorian otzez otoizka negola
ikusi nuan artzai-arrizko txabola:
txoriak kabian lez sarturik barruan,
loak bere altzoan bela artu niñuan.
Ametsetan igaro nuan gau osoa;
gaur artako ametsa bai amets gozoa!
Larre eder bat nekusan mendi-egal-pean
eta artalde ugaria or-emen larrean.
Nun nai artzai-txabolak goian eta beran,
arkume jaioberri zuritxoen eran,
Udaran goiz-aldean guziok larrera
bazkal-ondoan, berriz, basoko itzalpera.
T'etzanda lo-kuluxka egin ondorean
dilin-dala aterperontz illunabarrean.
Beti txabola-aurrean artzañorak ernai,
otsoarekin nunbait burrukan egin nai.
Amatxok maite duan lez bere semea
artzaiok maite dute beren artaldea.
Mendian galtzen bada bildots ala ardia,
aren billa an da laister artzai-nagusia;
ta an dabil mendiz-mendi arkitu artean
ta arkiturik musuka dakar bizkarrean.
Orduan jai dagite mendian artzaiak
t'entzun oi dira an txistu ta abesti alaiak;
besotan dabilkite laztanka gaxoa,
jaten damaiotela esne ta taloa.
Aien maitasun onek txoratu niñuan
ta aiekin bizitzea erabaki nuan.
Artzai-nagusiari nagar-neriola
eskatu nion antxe neretzat txabola,
baneukala-ta nere biotzean garra
t'otsoa birrintzeko besotan indarra.
Nagusia au entzunda poz-poztu zan ziñez
t'erantzun zidan artzai danoi ots-egiñez:
Badegu gaurtik beste lagun bat, mutillak,
agur-dagiogun, ba, jasoaz makillak!
Gero kendu nituan eskale janzkiak
ta jantzi nitun artzai-soñeko garbiak;
belaxe beste artzai-mutillen ondoan
asi nintzan poz-pozik nere artzaingoan.
Emen, ai!, bukatu zan ner'amets gozoa
t'elur-tartean esna nintzan gixajoa.
Orduantxe eguzkia piztu zan mendian
ta itzaltzen asi ziran izarrak ortzean.
Geroztik, urte asko, Jauna, igaro dira
ta itzali etzait Zure begien dirdira.
Gaur ziñez egin nazu Zuk artzai-mutilla,
t'eman didazu Zure artzaien makilla,
jantzi didazu artzai-soñeko txukuna
biotzean piztuaz artzai-maitasuna.
Baña, ai!, etorriko da belaxe negua
ta il lezake elurrak gaur piztu dezun sua.
Jauna, Zure asnasez jarri su-garretan
beti su ori nere biotz ta zañetan,
elur-tartean galdu dan arkumetxoa
bizkortu dedin nere kolkoan gaxoa:
Zuk lez maite dezadan nere artaldea,
artzai on bat egizu lengo eskalea
|