BERTSO GAXOAK...!
Udazkeneko aize zakarrak
zugaitz-ostoak, ori ta igarrak,
lurreratzen ditunean,
naigabe baten arantz zorrotza,
beazunezko tanto mingotza
nabaitzen det biotzean.
Or eta emen, ai! banatuak
dabiltzan nere bertso gaxuak,
laister eroiko ote dira,
osto ori ta igar oien antzera
eriotzaren zulo-leizera
ai! ta illobiko illundira?
Bidezkariak lore zimela
artu ta gorde oi-dun bezela
oroigarritzat bidean,
ez ote ditu nere bertsoak,
biotz-bideko lore gaxoak,
iñork gordetzen etxean?
Bertso gaxoak! egun-sentian
jaio ta laixter arrats-aldian
ilko diran loretxoak...!
Bertso gaxoak! ustekabean
kabirik gabe t'elur gañean
jaio diraden usoak...!
Argi-unetan nere gogoak,
sortu zinduzten nee-semetxoak,
atozte danok nigana!
irten ziñazten etxe onetan
ba dago oraindik, bazter oietan
ez dagon muiñ ta laztana.
Bizi nerekin nere kolkoan,
amets alaien kabi beroan,
elurra ari dan artean...
Nork esan, zuek egunen baten,
piztuko berriz ote ez zeraten
biotz au iltzen danean?
Nere ametsen argi-dirdira
diran bertsuok, ilko balira
danok batean nerekin,
ene biotza, ez du ajola...
bertso berriei bizitz-odola
ematen, orain lez, ekin.
Zure barrengo poz-naigabeak,
burrukak, naiak, amets ta usteak
berriz irauli bertsotan...
Gure atsegin ta poz bizia,
gure barrendik seme berria
jaio ta arturik besotan!
Orixe dira nere bertsoak:
nere barrengo seme gaxoak,
nere biotzan zatiak;
Zeru-bidean doan biotzak
diozkan otoitz, burruka-aiotsak,
negar, asmo t'eskariak.
Artu ta gorde, adiskidea,
bidezkariak bide-lorea
gorde oi duan bezela:
agian zure biotz barruan
mardulduko da, gaur zure eskuan
daukazun sorta zimela
|