 |
BIZITZ-MENDITARRA
Ebro-ibaiaren
ertzean nago
nere mastian etzanda
esker-aldean
Haro ospetsua
eskuira, berriz, Miranda.
Artaldetxo bat
an-or etzanda
ausnartzen nere ondoan:
ibaitik aruntz
su-gurdi beltza
bide zurian alboan.
Ebrotik onuntz
erri txiki bat
muñotxo baten gañean,
bere etxe zarrak
alkarren gainka,
eleizaren bazterrean.
Antxe bizi naiz
paketsu ta alai
baserritarren antzera,
nere etxetikan
eleizatxora,
mendi-goitik ibarrera.
Masti gazte bat,
ibai ertzean
badet neonek jarria,
mendian beste
zar bat ere bai
mats beltzez dana josia.
Etxe-alboan
baratzatxo bat,
baratzatxoan txabola,
uda-arratsalde
beroenetan
maite oi dedan kaiola.
Arzulo baten
upel bat ardo
otza, elurra lakoa,
ta mandioan
garagar, gari,
lur-sagar eta lastoa.
Artzaia naiz ni
ta artzaintzan nabil
orain iru bat urtean;
lareun bat ardi,
bildots, arkume
baditut nere mendean.
Ardi galduak
billatzen ekin,
sendatu gaxo diranak,
gaiztoenak jo,
goiz-goizetikan
eraman larrera danak;
Sakote zarra
zintzilik artu,
eskuan berriz makilla,
ta ibartik zear,
mendian gora
ekin otsoaren billa;
Arratsaldean
exeri lasai
mendiko zelai epelan,
edo ardiei
begira, egin
nere mastian zenbait lan;
Bestetan, berriz,
poz-naigabeak
bertsotan barrendik bota,
ala bat-batez
ardi motelak
esnatu txistoa jota...
Au bai bizitza
atseginkorra...!
Bakartasun paketsua...!
Bakartasuna,
zu zera Goiko
zorionaren kutsua!
Nolaz geienak
naiago dute
zu baño guda naspilla?
Zugandik urrun
nola dabiltza,
gaxook zorion-bila?
Emendik jun zan,
or bean dago
gizon gaizkille-andurra;
pake izateko
guk aski degu
Jaunai diogun beldurra.
Txiro baña alai,
naikerik gabe,
beti Zerura begira...
Atoz, nerekin,
zorion-zale,
atoz, gaur nekin mendira.
Emen poz-eztiz
beteko zaitzu
miñez daukazun biotza;
mendi onetan
urtuko zaitzu
barruan dezun izotza.
Emen berriro
maiteko dezu
ia aztu zaitzun Jainkoa
t'entzungo dezu
poza darion
Aita Onaren mintzoa.
Jaun Onak bekit
urte askotan
nere bizitz menditarra;
ez da neretzat
or beko griñen
naikeri-itsaso zakarra.
|
 |