AIZKORRIREN OÑETAN
Ariztimuñotar Joxe, apaiz jaun agurgarri,
mixio-zale jakintsu ta beroari.
Euskal Esnaleak 1927gko, sariketan saritutakoa
Nere bidean itxaropena lagun dedala
eldu naiz zure oñeta,
amets alaiaz nere burua, biotza, berriz,
eresi gogoz beteta.
Aspaldi ontan beso-zabalik ne'zai zeundela
badakit ziñez, Aizkorri:
bañan bideak illunak daude, eta bakarrik
ezin ninteken etorri.
Illundu dira Euskalerriko bide guziak...
ez degu goian euzkirik:
auts-bean dago biotz-su-garra, ta itxaropena
ez degu beste argirik.
Alaitu zaitez, ene biotza, t'ekin kantari
guziok lotan daudela,
ollar arroak ernai ta tente gauan erdian
ekin oi duan bezela.
Gauean gaude, ta agian iñork, iñork ez ditu
entzungo nere bertsoak...
Ez ote ditu noizpait egunak zabalduko, ba,
guganontz bere besoak?
Baña illunpean, ai!, bizitzeko jarri bagaitu
Jaun onak Euskalerrian,
entzun zuk beintzat, arren Aizkorri, t'euki gordeta
zure biotzan erdian.
Euki or beste gure asaben kondaira zarrak
dauzkatzun kutxa orretan;
t'orduan ziñez nere bertsoak biziko dira
zu bizi zeran urtetan.
Zurekin bizi...! Olerkarian biotzarentzat
au bai atsegin eztia!
Ai al baneza nere izen ilkor onekin batu
zure izen altsu-bizia!
Bañan, ai!, ezin... Laister bertso ta bertsolaria
bota dituzte il obira...
t'orduan emen izan naizenik, zenbat euskaldun,
zenbat oroituko dira...?
Bañan, aizkorri, ez du ajolik: izan zu beti
Euskalerrien zaindari,
t'euskal-odola nere zañetan bizi-artean,
ekingo dizut kantari.
Zu zera eta gure ipui zarren gordelaria,
euskal-oituren txokoa,
eta negarrez igesi doan gure Amaren
maitasun-estalpetxoa.
Zu zera atsegin poz darioten Maitagarrien
pakezko gorde-lekua;
zure basotik atera oi da txistu t'orruka
gure Basojaun altsua.
Nork daki, zuk lez, noiz eta nundik etorri ziran
onuntz Aitoren semeak?
Nork, zu bezela, Euskalerriko asele ta ipui
iñoiz idatzi gabeak?
Ortxe zeunden zu arro ta trinko, Erromatarrak
emen sartu nai zutela,
orain zauden lez, elur-koroiaz koroaturik
Euskal-Errege bezela.
Zure erraietan daude idatzirik Lekobide ta
Leloren egintza-otsak:
zuk dakizkitzu Jaun Zuriaren guda-mutillen
birau, irrintzi ta aiotsak.
Zure begiak negar samiñez ikusi zuten
Zararen dollorkeria;
t'Oñaz-Ganboen anai-arteko gorroto beltza
t'odol-ixurtze gorria...
Zure buruan daude dirdiska gure Erriaren
egun alai ta mingotzak:
argatik ainbat maite zaituzte Ama maitedun
olerkarien biotzak.
Argatik zure asnas bizkorraz pizten da emen
auts-pean dagon kemena,
ta argitu oi da biotz-illunan, ortzargi baten
euskaldun itxaropena.
Euskalerriko ortze illunean sortu baizaigu
izartxo baten dirdira...
izar-kiñuok, egun-urratze alaitsu baten
igarkizunak al dira?
Zeruan dagon zure buruak dakike, ziñez,
euskaldun etorkizuna...
Esan, Aizkorri: euskerarentzat Euskalerrian
noiz piztuko da eguna?
Egun argia...! Mendi-ostean urrun, ai!, urrun
dakusdan amets xamurra...
Artu, bai, artu jaio baño len, biotz-biotzez
gaur damatzudan agurra.
Ai!, baña noizpait beren semeak ilko balute
Euskera beren etxean,
lotsaren lotsaz sartu, Aizkorri, sartu betiko
zure burua lurpean...
Euskal-mendiak...! Ez, ez egon zutik Ama il duten
erri gaiztoen aurrean...
Altzo
|