ERRENDERI, NERE JAIOTERRIARI
Errenteria, nere aurtzaro zorioneko
seaska kutun-beroa:
nere barrendik biotza igeska gaur zuregana
pozez urturik dijoa.
Pozez urturik bertsoz jantzita egan dijoa
zuri agur egitera:
pozaren pozaz bidezkaria jaioterrira
itzuli oi dan antzera.
Aspaldi ontan, osto igar baten antzera, Jaunak
Zugandik urrun narama:
baña ni zutaz aztu baño len, bere semeaz
aztuko litzake ama.
Aurra nintzala, zuri begira, oartu nitun
bertsoetako gogoak:
argatik beti, lotan zaudela, kanta oi ditut
zu zaintzen, nere bertsoak.
Umetandikan biotz-erdian irarrita antxe
daramat zure irudia,
nekin jaio ta nekin ilko dan oroigai kutun,
irudi illezkor-garbia.
Atoz, begira nigan dirdiraz dagoan zure
irudi eder-sorgiña,
ama langille beti gaztea, pitxi polita,
Oiarsoko erregiña.
Lanean ekin. Zure erraietan bizmen berriak
jarriko dizkitzu lanak,
ta zure sabel zarretik, berriz jaioko dira
seme ospetsu laztanak.
Ekin lanean. Bañan otoitzez lana igurtzita,
bidali zuzen Zerura...
Izan betiro Eliz-Amaren zaitzalle zintzo,
fededun euskaldun ura.
Arren, ez aztu, maitasun-musu baten antzera,
irarrita bekokian,
guraso zarrak utzi zizuten beren izkuntzaz
beren eriotz-aldian.
Izkuntza ori zurea da-ta, zure koroiko
pitxi bikaña dezu-ta:
zure obenez bera iltzen bada, betiko dezu
zure izen ona galduta.
Ara, an, arrizko esi-gañean ego-zabalik
zur'aingeru zaintzallea,
andik ezpata dirdiratsuaz adi-erazten
jo bear dezun bidea.
Erri maitea...! Piztu, ba, piztu zure barruan
itxaropenaren sua...
Ez ote dezu, antxen urruti ekusten zure
izar onaren kiñua...?
Aurrera. beti...! Matxin, Isasti, Zabalbide
ta Ugarten ama lerdena...
Oraindik ez da zugan agortu Tripoli eta
Orango zure kemena:
oraindik badu seme argiak egin-azteko
zure sabelak almena...
Izan, ba, laister Gipuzkoako koroi-gañeko
pitxi dirdiratsuena
|