GUDATEAN
ALARGUNAREN NEGARRAK
Guda dala-ta besoetatik
kendu didate semea:
kendu didate, baña noiz berriz
ikusko ote det maitea?
Gudarontz asko joan oi dira
ta gutxi andik etorri:
guda-ekaitzak bota, ai!, oi ditu
uda-azkenak ainbat orri.
Pozarik ez da nere etxe ontan,
alaiak iges-egin du:
emengo esku zana aldendurik
gaxook zer dagikegu?
Lengo basetxe zuri alaia
beztu ta txartu da, ziñez:
negar-dagila dirudi, bera
ez datorrela-ta miñez.
Or dabil motel-motel zakurra
gure baserri inguruan:
goseak berriz ia jan ditu
abereak ikulluan.
Sasi ta larrez josirik daude
landa, zelai ta baratza:
nun-nai dakuste nere begiak
nere min beltzaren atza.
Udaberriko lore t'euzkiak
ezin poztu ne'biotza.
Semea il bazait, nere esti-gaia
izango da eriotza.
Nun ote zaude, maite...? Agian
lotan elurran gañean...
Zure amari agian deika
zauri ta illotzen artean...
Agian... ene, ai!, utzi dezu
betiko ludi gaiztoa...
Oroipen txarroi, nigandik iges,
ez mindu nere gogoa.
Laister bukatuko omen da guda...
laister badatorkit, beraz:
laister orduan poztuko nazu
zure abesti minberaz:
Berriro zure begi-argiak
argituko dit gogoa
Zuk dakarkezu kabi ontara
berriro ogi ta beroa.
Mirentxu beti zure galdezka
etxean daukat negarrez:
argizaia lez urtzen ari da
gaxoa maitasun-garrez.
Ots-dagizute landa-zelaiak,
ots-deadarka abereak:
alarguna lez beltzez jantzita,
ots-dagizu basetxeak.
* * *
Egia da, bai, bere berririk
ez dedala aspalditxoan...
Baña lanaren lanaz betarik
etzun izango oraingoan.
Seme gudari gaxo laztanoi,
nun, nola ote zauzkate...
Gudaka gaitzak egun abetan
izan dirala dasate...
Mirotz zitalak nere kabitik
ostutako umetxoa,
edan ote du zure odola,
nun ote zauzka, gaxoa?
Gau t'egun nere biotzan dakart
kezka latz aben ekaitza;
biotz gaxo au jo ta zatitzen
itsasoak lez, arkaitza.
Kupitu, arren, nitzaz, Jaun Ona,
beira nere miñ zorrotza...
Kupiru nitzaz, bestela atera
nere barrendik biotza...
|