ATOZKIT, JESUS
Maitasun eskean, eskale antzera,
gau t'egunez dabil atetik-atera
Jesus maitalea,
maitasun-zalea,
gure zoriona
besterik nai ez dun, gure Aita Ona.
Neonek neguko arrats otz batean
leiotik ikusi nuan ate-ertzean.
Bere ille guzia
elurrez josia...
Dardaizka, baña zai
atea irikiko noiz ote zan ernai.
Ikusi ziñudan. Ama-zai gosiak,
egon oi diran lez kabian txoriak!
Ikusi ziñudan!
Geroztik zer dedan
ez dakit, maitea,
beti zai noiz joko dezuan atea...
Eta iriki nion: au nere zoruna!
ta orduan jun zan etxetik illuna,
ta antxe su-alboan
itz-egin ondoan
laztandu niñuan
eta lo artu nun Beraren kolkuan.
Ura lo eztia! Ura bai arratsa!
Lur-atsegiñak, ai!, diraden lokatza!
Ura maitasuna!
Ura bai zoruna!
Biotzean miña
gero uzten ez dun zorun ta atsegiña.
Atozkit berriro, atozkit, Maitea!
Oroitu nitzaz ta jo nere atea.
Geroztik leioan
nago Zure usmoan
an datorzenetan
Zure iduria noiz ikusiko detan.
Atoz, emaidazu orduko ardoa,
ogi eztitsua ta musu beroa;
Berriz besarkatu,
Zurekin ni batu,
lorea bezela
ai!, lekaro onetan ilko naiz bestela.
Atozkit, ba, urtu da bideko elurra
ta etxean bada naiko jan t'egurra:
piztiak jun dira
igesi mendira:
baratzan ostera
jaio dira lorak igazko antzera.
Atozkit...! Atozkit...! Bestela Zu billa
jungo naiz eskuan artuta makilla
basotik-basora
ta ibar-betik gora
artzaia bezela,
ezin niteke-ta bizi, Jauna, onela.
Atoz! Geigo ez det naiko beko loia
baizik izan zure jopu ta morroia
ta saririk gabe
izan Zu ne'Jabe.
Morrontza zoruna
azkatasun oro ematen dezuna!
Eguna Zu gabe netzat da illundia,
Zu zera-ta nere begien argia.
Atozkit, maitea,
Jo nere atea,
Lorea bezela
Lekaro onetan ilko naiz bestela.
|