www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biozkadak
Luis Jauregi, «Jautarkol»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biozkadak, Jautarkol (faksimilea). Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1975

 

aurrekoa hurrengoa

MAITASUN-INDARRA

 

                        Nere amari

 

Bart arratsean izarretara,

    ama, begira nengoan,

ta izar bat atzo bestetan baño

    argitsuago zegoan.

 

Aren argi txit zoragarria!

    Aren dirdits maitakorrak!

Urruti dagon semearentzat

    bai dirdits osasunkorrak...!

 

Zergatik atzo, ba, ote zegon

    argitsuago izartxoa?

Zer dala-ta atzo aruntz begira

    pozten zan nere gogoa?

 

Nolaz barruan nabaitzen nuan

    atsegiñaren eztia...?

Maitasunaren indar goitarra,

    biotz aulen sendakia...!

 

Orain jakin det, izarrai beira

    bart ni nengoen bezela,

nitzaz oldozten, izar berari

    ama, begira zeundela.

 

Izar berari, ama, begira

    naigabez, zauden gauetan...

bera izango da gure ezti-gaia

    bion naigabe-neketan

 

aurrekoa hurrengoa