ITSASALDEAN
I
Itsas-barrura euzki gartsua
sartzera doa...
Dirdiska, berriz, sutan bezela
dago itsasoa.
Arratsak bere estalki beltzez
artu du lurra...
Oraindik ere mendi-goi-goian
dirdist elurra.
Kaiera dakar bultzaka aizeak
aiz-ontzitxoa...
Bertan negarrez kaiera beira
ama gaxoa.
Magal beroan illotzik dauka
alabatxoa
zuriz jantzita lore-tartean...
Ama gaxoa!
Ontzi-mutillak beltzez jantzita
bere aurrean:
zapi aundi bat beltz-beltza, berriz,
ontzi-gañean...
II
Itsas-ertzean ixil- ixillik
illen erria:
arrizko gurutz baten azpian
bere illobia,
lore gorri ta zitori zuriz
dana josia.
Ementxe datza neskatil garbi
maite-maitea;
lokatz-artean iñoiz zikindu
ez zan lorea.
Zeruan dago... Ez egin negar,
irakurlea.
III
Ara, illargiak maiteki dirdist
dagi itsasoan...
Begira an, andre beltzez jantzi bat
itsas-ondoan.
Ara... Badator kanposantura
ama alarguna...
ai! arkitu du ber'alabaren
obi kutuna.
Obi-gañean negarrez dago...
Zergatik negar?
Zeru urdiñean begira dirdist
orrenbeste izar.
Ama gaxoa, zure negarrok
alperrik dira:
ara Iziartxo, aingeruekin
izar-tartetik zuri begira...
|