SPES UNICA
Kalbarioko menditik bera
jende taldea
ixil-ixilik dijoa...
Goian negarrez lau emakume
ta gurutzea...
bertan illotzik Jainkoa.
Zugaitz donea, Maitasunaren
iges-lekua,
Altsuaren garaipena...!
Zugan zintzilik illotzik dagon
Frutu santua
bizitza da ta kemena.
Zu bai benetan gizaldientzat
eskutukia
Zugaitz betiro ezea...!
Samiña zera... ta biotzentzat
zera eztia:
aula... ta indarrez betea;
illotza zera... ta animarentzat
zera bizia,
zorion-poza ta ustea.
Aurra nintzala, zure oñetan
jartzen niñuan
nere amatxo santuak:
ortxe lenengoz, zure oñetan
entzun nituan
Artzai Onaren txistuak
Gazte nintzala, nere alboan
griña piztiak,
orruka nituenetan,
zeuk, zeuk bakarrik eusten niñuzun,
indar berriak
pizturik nere zañetan,
ta zeuk sendatu ekaitz ondoren
nere zauriak
barkamen-ur eztietan.
T'olio santuz igurtzitako
nere eskuetan,
Zu, gaur, nere poz bakarra:
zu, gaur neretzat magal beroa,
t'ezbearretan,
ezti-kutxa zerutarra.
Zugaitz donea...! Sendoro sartu
zure sustraia
nere biotz barrenean:
eriotz-arte neretzat izan
izar alaia
bizitz-aldiko gauean:
izan, arren, Zu, nere poza ta
nere ezti-gaia
eriotz-ordu latzetan,
ta nere azken begiratua
eta azken naia
artu zure magalean.
1929ko Aste Santuan
|