AMONATXOA... ESKEAN
I
Erriko elizaren ate-ondoan
amonatxo bat dago egun osoan.
Buruan zapi beltza ta ille zuria,
begitan... itzalita bizitz-argia.
Esku dardaritsuaz beti eskean,
baña otoitza beti bere ezpañean;
otoitza ta irri-parra bere ezpañetan,
Jainko-maitetasuna, biotz-zañetan.
Berak esanda dakit bere bizia:
bizitza illuna, odei beltzez josia...
Zazpi semedun ama errukaltsua,
berrogei urte eskean, ta ogei itsua.
Senarra gaiztoa ta seme mozkorrak:
biotzean negarra, etxean zorrak...
Alaz ere otoitza, bere ezpañetan,
Jainko-maitetasuna, biotz-zañetan.
Geroztik ezin aztu amonatxoa,
geroztik ezin uka limosnatxoa;
geroztik dakit zenbat gure Jainkoak
maite ditun eskale onen gogoak;
geroztik dakit nola beazun-pean,
eztia arkitu neiken nai dedanean...
II
Erritik urrun, ixil-ixilik
kanposantua...
Antxe aztuta txoko batean
amona itsua...
Zurezko gurutz txiki bat baizik,
gajoak ez du:
ara negarrez oraindik iñor
ez zaio eldu.
Bai...! Eguzkia mendi-tartetik
sartu danean,
ikusi oi da noizpait apaiz bat,
obi gañean
auzpez jarrita, Zerurontz beira,
otoitz-luzean...
|