www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biozkadak
Luis Jauregi, «Jautarkol»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biozkadak, Jautarkol (faksimilea). Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1975

 

aurrekoa hurrengoa

BIOZKADAK

 

Loretegian sartu nintzan bein

udaberri-goiz batean,

ta arrosa gorri mardul-mardul bat

zegoan lore tartean...

Intza-tantozko koroi ederra,

dirdizka buru-gañean...

Arro ta tente, zoragarria,

erregin baten antzean.

 

Erregin baten antzean zegon

arrosa mardul arroa,

nere beatzez ebaki nuan

ta il zan negarrez gaxoa.

Usaitu nuan asetu arte

bere usaiaren gozoa,

ta zubi-goitik ibai-gañera

bota nuan loretxoa.

 

             * * *

 

Etxe-aldera pozez nijoan

        bitartean,

odol-iturri bero bat neukan

        beatzean...

Orra, or bizitz-lorategiko

        baratzean

gerta oi dana, poz-atsegiñen

        ondorean;

oñaze-iturri ta arantz zorrotzak

        biotzean.

 

aurrekoa hurrengoa