 |
NEKAZARI GAXOA...!
Lurra goldetzen ari da
nekazari gaxoa,
ta izerdiz ta negar-malkoz
lurra bustitzen doa:
illun-illun arpegia,
illunago biotza,
barruan sartuta dauka
nunbait ezten zorrotza.
Aida Gorri...! Aida Motxa...!
dio malko-tartean:
ta goruntz begik jasota,
otoitz dagi noizean;
geldi-geldik baserrira.
Beira dago bestetan...
Ai...! Bere naigabe-miña
zorrotza da benetan...
* * *
Bere soroan erne da
erein zuan artoa,
baño iñun ikusten ez det
nekazari gaxoa.
Baserria ixilik dago,
larrez josirik lurra,
ta katea apurtu nairik
zaunga-zaunga zakurra.
Bertako amonatxoak
esan dit gaur goizean:
Seme zarrena il zioten
moroak gerratean...
Geroztik ez zuan onik
ez etxe t'ez lanean...
Bera ere, ai... naigabez...
il zaigu azkenean
|
 |