ARTZAITXOA
I
Menditik dator artzaitxoa
negar ta negar gixaxoa;
bildots ta ardiak bitartean
mendian goian jolasean.
Muñotan urtu da elurra,
t'eguzki-jantziz jantzi lurra,
zelaiak lorez josi dira,
guztiok igo nai mendira...
Eta negarrez artzaitxoa
menditik bera nolaz doa?
Zer du gaxoak, zer ote du?
Ardi maitea nunbait galdu?
Ala bat-batez ardokian
otsoa sartu bart, agian...?
Ara... Euzkiakin bat-batera
bi artzaintxoen txabolera
bi aingerutxo zuri-gorri
egunabarran gaur etorri,
ta gaxo zegon artzaitxuak
ikusi ditu aingeruak,
ta iruok egan egiñez
igo Zerura atsegiñez.
Ez izan nunbait ludia
aingeruentzat egokia...!
II
Menditik dator artzaitxoa
negar ta negar gixaxoa...
Bestea, berriz, artean,
aingeruekin jolasean...!
|