OSTIRAL-SANTU
Egan dijoaz txio ta txio
enarak mendi-aldera,
ekaitz aurretik erori oi dan
odei beltzaren antzera...
Jaunak deadar aundi bat dagi
ta makurtu du burua...
Deadar-dagi lurrak, ta lotsaz
itzali da euzki-sua...
Ixil-ixilik menditik bera
enarak egan dijoaz,
arantza bana daramatela
bakotxak bere mokoaz...
Ixil-ixilik Gurutz-albotik
datoz biotz maitaleak...
Jaunai kenduta zenbat arantza
dakarzkiten, ai!, gordeak!
Nork euki leizken beren egoak!
Nork izan beren biotza,
beren eztiaz eztitutzeko
Jaunan naigabe mingotza...!
|