|
Eskualdunak
Hemezortzigarren Ikasgaia BERJABETZEA
GARZIA IIA 860an erregetu zen Eneko Aritzaren seme Garzia bigarrena, bihotz eta sineste handiko gizona. Seme-alabak, Fortun eta Oneka, preso ereman ziozkan Moroak eta bera gerlan hil zen Aibarren (882).
FORTUN JAUNA Hogoi urte preso egonik, herrirat itzuli zenean, Fortun errege egin zuten. Bainan laster fraile sartu zen, anaiari kargua utzirik.
SANTXO LEHENA (905-926) Gerlari gaitza zen. Kaskoin herriaz eta Erriberaz berriz jabetu zen. Junkadiako gudua galdu zuen gero; bainan hil aintzin berriz kanpo eman zuen Moroa. Garzia hirugarrenak hedatu zuen oraino bere erresuma, Ferran Gaztelakoari hartuz Arabaz haindia, orduan eskualdun zena.
SANTXO ABARKA Normandak berriz ere etorri ziren Lapurdirat. 970az geroz Santxo bigarrena baitzen Nabarran errege, biderat joan zitzaioten. Hori jakinik, Moroak Iruņeratu ziren. Mendiak elurrez beteak izaki eta, Santxok bere gizoneri jauntzarazi ziozkaten abarka deitu oinetako berezi batzu. Herrirat itzuli ziren, egin ahala fite. Moroa ere urrundu. Geroztik Santxo bigarrenari Abarka erraiten diote. Horrek berak Eskual Herria Okamendietaraino zabaldu zuen. Abarkaren seme Garzia laugarrenari “Daldara” eman zioten izengoitia (994-999); ez zen bada beldurti hetarik; Almanzor handiari azkarki ihardoki zion.
Eskualdunak |