Eskualdunak
Piarres Xarriton (Chabier Gazteiz ezizenez)

Aintzina, 1943

 

 

Hirugarren Ikasgaia

BIZIPIDEAK

 

LABORANTZA

      Laborantzak hazten ditu Eskualdun gehienak, bereziki Nabarran eta Araban.

      Eskualde horietan ederki heldu da ogia, garagarra, zekalea, oloa, baba eta ilarra.

      Arto gehiago egiten da bertzetan.

      Udare gehiago eta mota gehiago ere bada Nabarran: mahats, olio, piko, mertxika, gerezi, adan, intzaur eta gazten.

      Bainan mendiez hunaindian ditugu sagardoi ederrenak.

      Lur sagarra orotan egiten da guti-aski.

 

ARTZAINGOA

      Xubero eta Nabarrako mendi gainetan bada artalde ederrik, neguan jausten baitira, ardi eta artzain. Itsas hegiko pentze gizenetan behi ainitz hazten da, hiritarrek behar duten esnearengatik.

 

OIHANAK

      Oihan aberatsak ere badira gure herrian, bereziki Nabarran eta Gipuzkoan: pago, haitz, izai, gazten, lerra edo leizar.

 

ARRAINTZA

      Egungo egunean ez da arraintza lehen izan den bezain gora; bainan iduriz gaizkiago ere izan da duela zonbait urte: ez dugu gehiago balearik; xardina ba haatik eta atuna eta bertze arrain mota frango, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiako portu guzietan: Donibane, Orio, Motriko, Ondarroa...

 

OLALANA

      Bizkaian da egiten olalanik handiena, hor baitago Euzkadiren ontasun hoberena: burdina.

      Bilbaoko burdinari esker muntatu dira Bizkaia guzian eta Bokaleraino itsasuntzi, tresneria, arma, altzeiru, burdin gozo, zimenta, onkailu egiteko lantegiak.

      Bertze mia mota batzu ere aurkitzen dira han-hemenka Eskual Herrian: lur gatza, potaza, buztin zuria, asfalta, beruna, zinka, lur ikatza, bai eta petrola ere, bainan ez espantu egitekorik.

      Huna ala diren bertze bizipide on batzu: xokoleteria, zapeteria, espartineria, papereria, boneteria; horiek eta gaineratekoek biziki gehiago eman lezakete, hobeki baliatua balitz gure ibaien elektrika indarra.

 

BIDEAK

      Ez da segur gure herria arras ordoki. Halere frango bide onak baditugu, xokoz xoko ibiltzeko, edo berdin itsas hegiz hegi.

      Ez zen errex burdinbideen ezartzea, bainan egin dira hortako behar ziren lanak. (Bertzeak bertze, ikustekoa da Ormaiztegiko trein zubia: 284 metra luze, eta 34 metra gora.)

      Itsasuntzi alde bat ere badugu, gisakoa: 600.000 tona.

 

ZONBAIT KONDU

      Zonbait kondu eginez ohartuko zira Eskual Herria bere gain bizi ditakela: 60 bat mila kintal arto eskas du, bai eta kafe, tabako, eta olio puska bat; bainan sal ditzazke 100.000 kintal ogi eta 60.000 azukre (Nabarrakotik); burdinean truk ukan lezake ikatza; eta hor dira Espainiako eta Ameriketako lantegiek gizentzen ari dituzten eskualdun diruak.

 

 

Eskualdunak
Piarres Xarriton (Chabier Gazteiz ezizenez)

Aintzina, 1943