www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

MOZKORREN ERRETRETA

 

        Erran behar dautzuet zer ikusirik nagon atzo arratsalde apalean.

        Aste huntako solas-aldian hemenxe zertaz mintza egonik nere buruari galdez behin alferretan, banoa leihora: zeru edo lur, gainetik beheiti edo petik goiti, nonbeitik zerbeit burura dakikedanez. To! Zer ikusten dut?

        Bi gizon mozkor, besoz-beso, batek bertzea deramala: bi, hiru urrats oldarrez aitzinerat, gibelerat; eskuin, ezker, sigi-sagaka, noiz nahi biak lurrerat elgarrekin tanpez erortzera doazila iduri. Ba eta baitzoazin erroz gora, baldin ez balitu nerearen parreko etxe-ezkina batek xutik atxiki.

        Han egon apur bat biak eta berriz lot bideari. Karrika guzia ez zuten aski zabal berentzat.

        Biak bardin hordi arrail; zoinek zeraman bertzea, ez baitzinuen ezagutuko ez eta elgarren laguntzale ote ziren, ala poxolu?

        Ikusi orduko, jauziz heldu zaut gogora: «la retraite ouvrière».

        Moxkortzea orori gerta dakiguke: aberats ala pobre; lanetik edo lanik gabe bizi. Nik bezen ongi badakikezue, ardurenik mozkor ikusten direla eske dabiltzan batzu; bertze deus egitekorik ez baitute alabainan, bil eta edan baizik.

        Ene gizonek bi langileren itxura zuten, eta ez nola nahikoena. Jaunzturatik eta orotarik ageri, lan dorpean ari bide direla, mozkorrak ez direnean: harozgo edo zerbeit holakotan.

        Berrogoira urte edo gutixago biek; larru beltz, sorbalda zabal, beso lodi, zangoz bakarrik ahul.

        Zerk halakatuak ote zituen, astearte lan egun betean? Jainkoak daki!

        Nor ote da egun hartako, eta biharamuneko lanarentzat heien erretretari doakona pagatu behar duen nausia? Zer lan on egin dezake holako langileak nahi bezen gizon azkarra eta bertzenaz osasunekoa izanik ere?

        Nausia, nausi, bederen berak orroit ote dire langile hoik eta hoien iduriko guziak, hainbertze baita! —sarrixagoko erretretaz, hiruetan hogoita bortz urtetarik goiti gozatu ahalko duten erretreta hartaz orroit ote dira berak?

        Orroit ote dire, harentzat oraidanik nausiarekin erdizka emaiteko duketen diruaz? Urtean bederatzi libera, debrua izanik ere, frantsesa diona, «ce n'est pas la mer à boire».

        A boire, hitz hori entzutearekin, iduri zaut ene gizonak erretreta gose baino aguardient egarriago direla.

        Diren bezalako dohakabeak! Hobe lukete heiek eta heien idurikoek orok, edanak errerik ehortzirik dauzkan langile gaizoek, noiz nahi mozkortzeko, dituzten eta dituzten sosen xahutzeko, lanaren, lan onaren, osasun eta guzien galtzeko parada, okasione tzar gutiago balute; hobe lukete miletan, geroko erretretazko ele eder guziak baino.

        Hordikeria madarikatu hori, langilearen eta bertze askoren etsaia, bainan oroz gainetik langilearena, ez balu duen bezen aiher, hobe luke miletan, berantegiko erretretaren esperantza baino.

        Sakela hutsik, hertzeak errerik, lurrean ihauzka, herrestan bizi den langileak zer esker dioke sekulan ikusiko ez duen erretretari, edo munduko gorena zonbeit urte bakar-bakarrez baizik gozatuko ez duenari?

        Eskerrik ez; eta gehiago dena, irabazi guziak edaritan xahutu-ta non duke geroko, noizpeiko erretretari buruz, orai sos emaitekorik? Ez balinbadu, nola eman?

        Erranen dautazue, nausiak askiko duela bien izenean emaitea. Beretzat erretretarik ez holetan nausiak; langilearentzat behar eman, ez bakarrik erdia, bainan emaiteko den guzia, ahal badu eta ez badu?

        Hunen erraitea errexago da, ahal ukaitea baino. Ez badezake, nausiak? Hel ez baditake bere egitekoetarat, lan-sariaren gainera erretretako behar den guzia bertzalde pagatuz, zer nahuzue bilaka dadin?

        Nahi eta ez, uko eginen dio lanari.

        Alta, nausia lanari uko geldituz geroz, non litake lana, eta lanik gabe, zer bilaka langilea? Goseak hilen du, erretretaren adinera gabe. Eta ez du bildu ahalko ere, ez bortxaz ez amodioz, erretretarenik, nausi langileak gelditzen badira elgarri mutur. «Hik emak —nik ez—. Nik ere ez».

        Garbiki erraiten dautzuet; nahiko nukeen atzo arratsaldeko bi mozkor heiekin solas egin hautaz orotaz, onez onean, samurtu gabe.

        Zer ateraldiak, arno zorta bat aitzinean, baso bedera eskuan jarri eta ostatu zoko batean, buruz-buru biak, ni edo zu, irakurtzalea, hirugarren.

        «Eh bien!... mais ces retraites ouvrières, qu'est-ce que vous en dites, mes bons amis? —Emak hunat edatera. Hiruetan hogoita bortz urtetan ez diagu edanen».

        Izaitez hamarretarik bederatziak, eta guziz langile gaizo edanak beretuak hilen dire adin hortara gabe.

        Bana bertze langile xuhurrak, mozkortzen ez direnak dire biziko, denik ere, aski, erretretaren gozatzeko, ez luzaz, bainan guti bada guti, hartarat heldu direla erraiteko doia.

        Edalek nekez pagatuko dute, pagatzen badute oraino; eta nekezago, bakanago, laburkiago dute gozatuko erretreta, zahartu gabe higatuko baitira eta hilen.

        Errazu bertzen onetan izanen dela heien hiltzia, hek adinera gabe hilez bertzentzat gozatzeko diru gehiago geldituko baita.

        Zonbat eta zonbat edale ez da ordea, edari pozoinak xutik errerik dauzkan zonbat?

        Hek eta bertzeak oro zahartu ondoan erretretarik gabe urrikalgarri anartean?

        Nork zer egiten du Frantzian hordikeriaren kontrako legerik, edo zerbeit, jende xehea, langilea ez uzteko edanak hiltzerainokoan gal-araztera?

        Ostalerei behar den larderia, bederen gauazkoa, eman nahi lioketen herrietako buruzagi onek berek dituztea ikusten beren ahal eta borondate on guzia politikero nahasi batzuek hausten?

        Hausten edo eskutik atxikitzen, boz truk ezeztatzeko, larderia on, behar litakenarentzat egin prozerberbat eta guziak.

        Nondik nahuzue jende xeheak bere burua zain dezan, deusek, ez nehork ez badio bide galgarriak galgarri direla, keinu egiten ere?

        Erretreta guzietarik hoberena litake, oraindanik ororentzat on handia lakarkena, igande eta merkatu arratsetako erretreta edo erretiraño hura.

        Eta nork erranen duen, hau ez dela egia?

 

Eskualduna, 1911-06-09

 

aurrekoa hurrengoa