www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

«BRAVO, MON CAPITAINE!»

 

        Ohoreak ditu egun hautan Hiriburuko elizak, ba eta Baionatik lehen auzo den herri eskualdun ttipiaren izenak. Frantzia guziko gazetetan aipatua izan da Hiriburuko eliza atearen hauts-eraztea galdatu diotelarik de Folongue izena duen kapitainari, zer egin duen. Ihardetsi: ezetz; ez duela borta soldadoei hauts-araziko, ez direla soldadoak holako lanetako, soldado.

        Bordalera joanik, han behar izan du agertu aitzindari horrek, «conseil de guerre» deitu tribunalaren aitzinean Akitatua izan da, ez zela hutsean; haren manatzaleak zirela hutsean, eta ez hura. Ez zen hala ere; bainan zerbeit da, egungo egunean, dugun gobernamendu tzarrari erraitea tribunal batek: «Zure falta da».

        Behar-ondoko bat ederra eman deie, gure ministro, prefet eta botiga guziari, Bordaleko soldado tribunalak. Ez du lehena; badaki holako baten berri. Bainan hau eta bertze zenbeit, egun hautan, ez ditu aise iretsi.

        Aitzindari horren alde abokatak tribunalaren aitzinean erran dituenak aipargarri dire; ba eta berak han erran dituenak ere.

        Abokatak asko bertze ateraldi xuxen eta sarkorren artetik hau du gure arabera jalgi, orotarik handiena; nor nahik berehala konpreni dezakeen heinekoa; framazon madarikatu hoiek nahiz, baitezpada Frantzian zerbeit onik diren guziak ahalaz desohoratu, zikindu nahiz, galdatu dituztela tropetako jeneral eta buruzagi handiei, zenbeit soldado, alegia deus ez, elizen inguruan larderia izpi baten atxikitzeko, «pour maintenir l'ordre. Alegia...

        Eta gero, soldadoak beren kapitainarekin eliza-aitzinera direnean komisario tzar batek mana: «Capitaine, faites marcher vos hommes».

        Ordu arte, alegia ez hartako joan araz, eta orduan ager egiazko xedea; bortak hauts-araz soldadoei.

        Eta hori, zakurkeriaz, bardin du den bezala erranik ere... urdekeriaz; soldadoen arropa nahiz desohoratu, eta bereziki soldado aitzindariei afruntu egin; sendi arazi nahiz, framazonen azpiko direla, on bazeie eta ez bazeie.

        Hoik, hoik zer diren hatik!

        Abokatak esku-zarta onik ukan du bereak erran dituenean. Gero kapitaina bera mintzatu da. Lege eta botiga, zibil eta militaire; nork mana, nork obedi, legezko zikaneria guziak oro bazterrerat utzirik, huna zertsu erran duen, tribunalaren aitzinean, batere ahoan bilorik, ez ahalgerik gabe:

        «Hiriburuko elizaren imitorioa egin behar zela, ukan dut manua, joaiteko hunenbertze soldadorekin "pour mantenir l'ordre". Hara-eta galdatu daut komisarioak, hauts-araz ditzotedala soldadoei bortak. Nik ezetz, ez dela hori soldadoen egitekoa. —Baietz. —Ezetz. Itzal nadila beraz; eta utz dezadala nere ondoko liotinanta nere orde jar dadin, borten hauts-arazteko. —Nik ezetz, ni naizela nausi, eta borten ez haustea dagola ene gain.

        »Zertako dudan borten hausteko galdeari ezetz ihardetsi, huna: Begien aitzinera jin zauzkit ene burraso eta ahaide giristinoak; hil eta bizi, oro. Orroitu niz nihaur ere giristino nizala. Erlisioneari zor dazkotan ongi guziak betan jin zauzkit gogora.

        »Han ikusi dut, ez bakarrik Hiriburuko eliza ttipia, bainan Eliza katoliko guzia, mundu hau dena daukana. Orroitu niz Jesu-Kristo Gure Jauna osorik ostia konsekratu bakotxean den bezala, bardin han dela Eliza katoliko handi guzia, den eliza pobre ttipienean oso-osoa. Eta erran dautatenean, ene soldadoak behar nintuela manatu, lot ziten eliza borta bati aizkora ukaldika, jauzi egin daut berehala bihotzetik burura: ez dela hori legea; nehondik neholere ez ditakela hori legea izan.

        »Tank, hortan gelditu naiz; eta igorri dut ni baino goragokoari erraitera zer atekan nintzen. Eta jakin arte zer egin, hanxet egon niz, nere zuzenean, goragokoarenganik manuaren goait: "J'ai attendu"».

        Zer zautzue, kapitain horren mintzaldiaz? Eta zer diozue, holako gizon bat, soldado aitzindari giristino bat holako herstura gaixtoan, tzarkeriaz, ezarri duten alimale beltz diren bezalakoez?

        Ah! ederki mintzatu baita, eta kondenatua izan balitz ere, etsenplu bat eman baitu, ez ahanztekoa!

        Nor noren azpiko Frantzian, ez denetz ahalgagarri!...

 

Eskualdun Ona, 1906-06-06

 

aurrekoa hurrengoa