www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

ETSAIRIK GABEAK

 

        Etsairik gabe dena, nor da? Ote da nehor? Zu, Kadet? Ala zu, Manex? Gizon urusak zuek?

        Nahi duzue nik erranik egia bat entzun? Ez da egundaino izan, ez eta izanen etsairik gabeko gizonik. Ezen etsairik ez duelako hura ez da gizona. Oilo busti bat da hura; edo da bere buruaz baizik axolarik ez duen bat. Oilo bustia ikaran dago, berak ez dakiela zeren beldurrez, kokoriko. Eta aldiz beretzat baizik ez den hura, ez izanik ere beldur, bardin ez-deus da, zerbeit laguntza onetako haren beharra dukezunean.

        Deus ez duzu harenganik aterako, baizik ere hitz hiraun hastio nardagarri hauk: «Otoi ez eni holako laguntzarik galda! Nik ez dut nahi agertu nere burua; ez dezaket ager. Badut nik ororen beharra bizitzeko. Ez nuke nahi holakoarekin eta halakoarekin samurtu; ez nindake nahi auzoekin makurtu, eta guziz herriko auzapezaren begietan jarri. —Erran nahi baituzu, ez zirela gure alde bizi behar alabainan, ororekin adixkide izan nahiagoz, ezenez eta batzuekilakoaren egiteko bertzeekilakoa hautsi. Bizi behar!...

        Bizi behar, bizi nahi: ororekin behar bizi, ororekin adixkide: zer hitz ederrak! Itxuraz, ederrak, eta izaitez ere hala litazkenak, ahal balitz, haizu balitz, zuhur balitz ororekilakoa bardin egitea. Ez baita ordean ez zuhur, ez zuzen, ez haizu, ez ahal.

        Ez ahal. —Ahal ez ote? —Ez eta iratze. Zer? Gure Jainkoak ere ororekilakoa egundaino ezin egin du; edo ez du nahi ukan egin, ahal zukelarik.

        Eta zuk, gizagaizo ziria, ez baitezaket bertzela erran, zuk nahi zinuke beraz egin, zuk uste duzu egin Jainkoak bere jakitate eta indar guziarekin, ez egin, ez eta eginen ez duena? Nor zira zu eta zer zira? zure buruaz hoinbertzeraino hartua izateko?

        Zu... ororekin adixkide? Emazu hortik bakea. Adixkide zirea xixtu-belarrarekin eta laparrarekin? Ori, aurtengo Eskualdun-armañakan aipu den laborari zahar batek etzuen zure eiterik Hiltzerakoan ere ez baitzeien omen bi etsai hoier barkatu nahi; ez eta behar ere. Zertako barka?

        Adixkide zirea suge pozoindunekin, zakur errabiatuekin? Eta tripako minarekin? Ez naski... ala ba?

        Adixkide zirea ohoinekin eta gizon-hiltzaleekin? Ohoinak gauaz etxera badatorzkitzu; nahi bazaituzte buluzi, estekatu edo hil, zaude geldi-geldia, ixil-ixila. Ez egin oihu; ez igi, zure onetan. Zaude han, bi besoak eta mihia sakelan. Bertzenaz gure gizonak kexa litazke. Hobe duzu ez makurtzea nehorekin; orroituz, gizon maitea, ororekin bizi behar zarela. Atx!... Zer duzu? Buruan hatz, ez dea hala?

        Ikusten duzu beraz ororekin adixkide bizitzea, egin ez dezakezuna dela? Amets zoro bat dela, frantsesak erraten duena; une chimère?

        Nahi dut gaixtaginari behar zaiola bihotzez barkatu. Ba ordean ere zu hil nahiz eskuetan daukan tresna kendu; ba ordean kendu zuri bidegaberik egiteko ahala. Nola egin lan hori, gaixtaginarekin edo erroarekin, ezen gaixtagin bezenbat erro badire gaizki-egile, samurtu gabe? Nola esteka, nola balaka zure adixkide erro edo gaixtagin hura? Nahi eta ez behar zarete makurtu elgarrekin. Hara non zareten etsai.

        Etsai hura zure lurretarik kanpo ezarri duzunean, garraitu duzunean (ahalaz hil gabe, eta ezinbertzean, alahintxo... ahal dukezun bezala) nahi badiozu barkatu, ongi; ederki. Aiherkunderik gabe, nahi baduzu gero harekin adixkide bizi, erlisioneak erakasten duen bezala, biba zu! Ez duzu nik erraite beharrik, ordu arte zer egin.

        Bertzalde, ahal bazinu ere, azken bertzean, etsairik gabe zure bizia iragan, ez lakikezu haizu; ez litake zuzen, ez eta zuhur.

        Bakotxa guretzat bakarrik bagine mundu huntan, oraino nonbeit hor. Hartaraz geroz bere burua buluzterat edo hiltzerat utzi nahiago lukenak, gaixtaginei ihardoki baino... astokeria bat egin lezake; bainan ororen buruan bera litake bere hutsaren jasaile; gehienik bederen.

        Bainan ez baikira ordean bakotxa bederazka zoin gure gain. Gure zuzenetan elgar behar baitugu lagundu; esku eman elgarri. Ohoinak eta bertze gaizki-egileak behar baititugu elgarrek elgarren lurretarik urrundu. Bertzenaz, Jainko ona, non ginitazke?

        Non ginitazken erran dut, non gira erran beharra. Ba, ba: non gira? Eta zerk huntaratuak? Gure zorokeriak. Etsaigo zenbaiten itzalaren beldurrak.

 

Eskualduna, 1897-01-15

 

aurrekoa hurrengoa