www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

PANAMA

 

        Izen hori ematen diote bi Ameriken erdian den lur zerrenga hertsi eta luze bati. Amerika guzia, burutik buru hartuz, bi zati handitan bezala da. Bi leihor handi dire, delako lur zerrenga hartaz elgarri josiak. Hura ez balitz, bi aldetarat urez-ur joaitea errexago eta laburrago litake. Orai nahi bazira Chilerat joan urez, behar duzu itzuli bat egin, gaitza handia eta luzea!

        Hortakotz nahi izan dute bi Ameriken arteko lur-muga hura hautsi eta handik aldean bertze urari bidea egin, untziak xuxen-xuxen han gaindi ibiltzeko, bertze itzuli handi hura egin gabe Ba bainan nork eta nola hauts lur-muga hura? Liburuetan ikusi eta iduri du biziki hertsi eta hauts-errexa dela. Hala da ere... araberan. Nahiz hertsia den, baituke ordean eremu puska bat halere! Mendixka batzu omen dire han, askitto gorak; barne guzia harri. Heien artetik egiteko, naza handi bat bezala, uraren bidea, zioten hastetik ere, beharko zirela ez dakit zenbat miliun! Izigarriko soma bat! Halere ez ziren lotsa izan zenbeit, lan dorpe horri lotzera... bertzen diruz.

        Ferdinand de Lesseps izena duen jaun Baiones batek hartu zuen bere gain lan horren egitea. Lehenago ere bazuen hantxek, Suez erraten dioten toki batean, holatsuko lan bat egina. Bainan Panamako hori dorpeago izanen zela beldur ziren. Zioten ere batzuek lan hori gizonaren indarrez goragoka zela. «Ezetz-Baietz». Hor abiatzen dire lan horren egiten hasteko diru galdez.

        Gazeta handi guzietan ezar-arazi zuten: nahi zuenak ongi irabazi, aski zuela hortan emaitea sosa. —Zenbat beharko da? Deus kasik ez hastean: berrehun miliun. Bakotxak bortz ehun edo mila liberako batez, zioten somatto hori berehala bildua zitakela. Gazetan errana sinetsirik, biziki irabaz-bide ona zela, anitzek erosi zituzten actions eta obligations deitzen diren titulu batzu. Titulu horiek oro bortz ehun liberakoak ziren. Ahal zuten guziek erosi zuten bat bederen; bertzek biga edo gehiago. Iduri zuen ez zuela nehork galtzeko beldurrik.

        Hasi ziren lanean, Jainkoak daki nola! Nehon diren judu eta alfer mandrineria jende-jale guziak bildu ziren sosaren usainera Berrehun miliun hek berehala suntsitu ziren berrehun sos baizik izan ez balire bezala. Nehork ez du egundaino jakin noren sakelan sartu diren hek oro. Edo balinbada dakienak, ez da oraino mintzatu.

        Lan hasia, edo alegia hasia ezin utz. Ra-ta-plan-plan-plan berriz diru galdea! Gazeta tzar egileak ongi pagatuz espantuka has-arazi zituzten: «ez zela halako irabaz-biderik!»

        Gezur hori anitzek oraino sinetsirik, emeki-emeki bildu zituzten... zenbat miliun, zure ustez? —Bertze berrehun? —Gehiago. —Lau ehun? —Gehiago. —Zortzi ehun? —Gehiago. —Hamabortz ehun miliun!

        Frantziako jende langile bizikariek harmairu xokoetan, soska soska bazterrerat emanik zauzkaten diru guziak; oro garbitu zituzten.

        Hamabortz ehun miliun: burtzoragarri da soma hori gogoan hartzea bera. Eta hori guzia gal! Eta Panama oraino han... zilatzekoa!

        Lana berriz haste, nahi duenak hasi eta nahi duenak paga.

        Noren eskuetan urtu ote dira hamabortz ehun miliun hek oro? Zenbeit urte baditu Panamako konpaniak «faillita» egin zuela. Beren sos bakarrak han ezarriak zituztenek bi nigar xorta egin zituzten, berri txar hori entzutearekin. Haro pixka bat ere izan zen behin: behar zirela ohoinak hatzeman: de Lesseps edo delako jaun horri behar ziozkatela konduak xuxen galdatu; hau zela, hura zela...

        Ttunpalahara! lokartu zen nolazpeit afera. Buluziak zirenek dolua hartu zuten. Eta nola frantsesa holakoetan ahanzkor baita, iduri zuen kasik ez zela gehiago nehor gehiago hortaz orroit, noiz eta ere gutien ustean berriz afera piztu baita.

        Aste huntan ukan dute deputatuen ganbaran afera horren gainetik haro bat, kalapita bat ikaragarria! Auzi bat behar dugu ikusi, itxura guzien arabera, egundaino izan ez den bezalakoa. Diote badirela ehun eta zenbeit deputatu ere, auzi hortarik eskuak garbi eta buruak gorarik aterako ez direnak. Zer boketa! Agian ez dira lo egonen hoinbertze ohoin-piltzarren harrotzaileak!

        Eta agian iguzki eder bat jalgiko da osorik aterako diren xuriketañoen idor-arazteko! Ez dakigu. Beldur gira oihal lohirik gehienak oraikotzat garratoinek janak dituzketen; eta gelditzen diren undarrak hor harat ura behera joanen diren. Sobera usteldura da bazterretan, nehondik argi onik eta garbitasun handirik igurikitzeko. Agian ba! Gauden beti begira...

 

Eskualduna, 1892-11-25

 

aurrekoa hurrengoa