www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

IXIL HADI, JUDAS

 

        Ez dakit zenbat aldiz entzun dukedan solas bat, jasan ez dezakedana. Atzo azkenik, Judasekin solasean buruz-buru nindagolarik. —Nola, nola? Zer? Eta zuk Judasekin egiten duzu solas? —Bai naski, eta nahi nuken baino ardurago halere! —Eta zer erran dautzu Judasek? —Erran daut, orizu, ehun aldiz nik bezala zuk ere Judasen ahotik entzun dukezuna. Erran daut: gure erlisioneari Frantzian kalterik handiena egiten diotenak direla. —Nor ote? Juduak? —Ez. —Framazonak? —Ez eta ere. —Gorriak beraz; ministro gorriak, zenator eta deputatu gorriak eta heien eskualdea dadukaten auzapez eta bertze gorritar guziak? —Ez, gizona. Nor beraz? —Xurien aldeko jaun batzu; herrietako buruzagi bezala edo xurien alde boz-biltzale bezala erlisionearen laguntzerat ari direnak, eta gero berak bakartasunean halaxe-hulaxe bizi. Politikazko gora-beheretan xuri; bozetan eta bozez kanpo ere asko gure etsaien etsai, eta bizkitartean berek erlisione guti izaki, edo bederen bihotzez erlisionekoak balin badire, ondikotz ez erlisionearen arabera bizi...

        Urrats publikoetan giristino; ba eta batzu giristino kartsu, eta berek berentzat erlisioneko egitekoak ez egiten; batek igandetako meza erdietan ez entzunez, bertzeak Pazkorik ez egiten; edo han doi-doia baitezpadako hein hartan egoki. Holako herriko auzapezak edo auzapez ohiak erlisionearen etsaiari azkarki ihardoki du beti. Beti erlisioneko gizonen alde, lege tzarren kontra egin du indar; bainan ez da berenaz elizatiarra, edo bederen ez debota. Bere bertzenazko harat-hunatetan zerbeit ele-pideska emaiten duke. Nahi baduzu, emagun itzal handiak badituela. Ordutik harenak egin du, anitzen begietan; xakurrentzat ere ez da on gure gizona, ez duelakotz erlisionea osoki pratikatzen. Haren eta zure herritar anitzek erranen derautzute gizon horrek herrian erlisioneari bidegabe handia egiten diola, zeren etsenplu gaixtoa emaiten duen. Eta nola? Erlisionearen alde bere burua erakutsiz eta ordu berean bera erlisioneak nahi ez bezala biziz.

        Deusek ez omen du, batzuek diotenaz, kalte gehiago egiten horrelako gizon giristino-ez-giristino batzuen etsenpluak baino.

        Gorenik holaxet mintzo dire, nor uste duzue? Hamarretarik bederatzietan Judas ttipi edo handi batzu, ixil-ixila egon behar litazkenak. Judas batzu, beren Jainkoa merke sartzen dutenak. Merke, merke...

        Erlisionea pratikatzen, ba; elizan ibiltzen ba; eta ez nola nahi, ez iheska. Erdiz erdi, agerian. Pazkoak ba egiten, eta, nahi baduzu, zerbeit gehiago ere.

        Eta gero bozetako egunak etorri direnean, erlisionearen etsaiari boza, edo batetara doana, etsaiaren adiskideari. Hunek bere eretzean halaber. Boz-emaile Judas ttipi, boz biltzale Judas handi.

        Mahain saindutik lekora gostuan Jainkoaren etsaitzat ezagutu batzuekin hor gaindi besoz-beso ibilki. Goizean elizan Kredo ta Loria, kantuz errepika; arratsaldean orok dakiguna, debruzko solas eta egintza. Gezur, blasfemio, madarizione; ahora jinak erran, gogora jinak egin. Gutienetik, bederen ez nahi etsaiari jazarri. Beldur, hau edo hura gal, edo ez irabaz. Esku eta laguntza etsaiari, estakuru gutiz.

        Horra nor eta zer gizon diren goragoko bertze heietaz gaizkienik mintzo direnak. Nor nortaz behar mintzatu! Gehiago da, ez baitire ahalge beren buruez! Alabainan burua oso duenak ihardets dezokete: «ago ixilik hi, Judas; hik ez duk nehortaz mintzatzeko eskurik holako ez-baietan».

        Iduri du egiazki poxolu zaiotela bertzeak erlisioneko aldearen atxikitzen ikustea. Zer nahi lukete beraz, ala bertze gizon etsenplu gaixto emaile direlako hek osoki erlisionearen etsai bilaka diten? Berak berentzat zer nahi izanagatik, oneko aldea daukaten bezala idukitzen ikusi baino nahiago ote lituzkete gure etsaiarekin bateratuak ikusi, berak bezala? Gaineratiko «pratika» onik ez duenarentzat, ez ote da zerbeit (eta ez guti!), etsaiari esku emaite orde, jazartzea, gure zuzenen begiratzeko?

        Nahi dut, eta erran gabe doa, hobeki egin lezaketela, bai beren eta bai bertzeen onetan, aipu ditugun gizon heiek osoki erlisioneari jarraikiak balire. Indar gehiago lukete, eta azkarkiago laguntzen ahal gintuzkete. Bainan halere diot obra on bat egiten dutela, erlisionearen alde gudukatuz.

        Gezur bat ederra derasate bertzela mintzo direnek. Ez dutela pratikatzen; hori ere hein batez gezurra. Ezen erlisioneko pratika, eginbide baitezpadakoenetarik bat da etsai gaixtoaren ez laguntzea, ihardokitzea etsaiari. Eta bertze guziak eginik ere, hori egiten ez duena zer gizon da? Zer giristino da?

        Harek dio, harek erlisioneari kalte handia egiten; eta ez goragoko bertze heiek. Gaizoek aski erakusten dute beren baitan erlisionearen eskasa kausitzen dutela, haren etsaia higuin dutenaz geroz...

        Bereziki egungo egunean eskerrak diozkategu; bai, goraki eskerrak, elizatik kanpo bezala bizi diren gizon zuzen urrikalgarri ohoragarrieri. Alde batetik urrikari ditugu; eta bertze aldetik dadukagu beren buruak ohoratzen dituztela, denik ere oneko aldea beti atxikiz.

        Ez duzuea uste Jainko onak bere zeruan xokoño bat begiratzen duela xede oneko gizon heientzat? Egin dezake eta iduri zaut eginen duela hortakotzat behar dena. Heriotze on batek asko makur xuxen detzazke. Sineste hori dugu adiskide hilentzat; hori badaukagu bihotzean, bizi direnentzat.

        Ororen buruan, ez da Judasen egitekoa, giristino egiazkoetarik hala ez direnen berextea. Berex beza bere burua eta gero dagola ixilik. Bekatorosik handienak itzularazi zituen bertze orduz, bereganat gure Salbatzaileak.

        Judas bakarrik utzi zuen bere buruaz etsiturik leher egitera. Urkaturik hil zen dohakabea; debruaren aztaparretan hik, zenbat ere baitzen apostolua; ederki mintzo zen gizona, bere Nausiaren urratsei jarraikia... bertzenaz. Mahain sainduan jarria zen, Pazkoak eginik edo berehala egitera joaki, Nausia trahitu, saldu zuenean.

        Pratikanta zen beraz Judas; erlisionea pratikatzen zuen, bertze zenbeitek geroztik bezala. Zer irabazi gelditu zitzaion? Heriotze ditaken izigarrienaren egitea. Bertze deus ez.

        Ohoin ona urrikitan sarturik zerurat; zerurat Madalen eta bertze asko gaizki bizi izanak. Judas infernurat. Orroit ote dire hortaz haren ondokoak?

        Ez diotegu zorigaitz bera desiratzen? Bainan ez dezatela nehoren bizkarrerat harririk artik, baldin ez badute nahi sudurrera berei eror dakioten.

        Ixil, Judas, ixil, eta apal buru hori; eta sinets ongi, behin betikotz elizatik kanpo egonez elizaren begiratzerat ari direnek miletan kalte gutiago egiten diotela erlisioneari, ezen ez eliza barnetik etsaiaren laguntzen, hari indar emaiten ari direnek.

        Emak hori sakelean, Judas, eta ez eni berriz ele zozorik erran!

 

Eskualdun Ona, 1910-10-27

 

aurrekoa hurrengoa