www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

HARGINAREN HAURRAK

 

        Badu zenbeit egun, Garaztar adixkide batek erran zaundala hemen aipatzera noana; burraso batzuen eta heien haurren ixtorioa.

        Hargintzatik bizi senarra; emazteak etxeko lanak eta haurren artatzea; badute dutenaren beharra, elgar lagunduz urtearen burura heltzeko.

        Biak bardin jinkotiar direlakotz, nahi lituzkete haurrak ere ahalaz girixtinoki altxatu: behar ez denik deus ikas ez dezaten, lagun galgarrietarik urrun atxiki; ez utzi non nahi, nola nahi, nor nahirekin.

        Goizetan amak, arratsetan aitak afal ondoan otoitzak erranez beren aitzinean gora, bakotxari egin-araziz bere hek, adin arau. Zer da ederragorik, eta zer utz dezokete burrasoek haurrei orroitzapen hoberik, Jainkoaren alderako eginbideak baino? Behin haste hastetik otoitzak, aldian izpi bat, emeki-emeki haur gaixoei altzoan jarririk eman, edo aitak belaunen artean xutik, egun guziez artarekin, erranaraziz altxatzen dituzte haurrak burrasoek; berak ohartu gabe ikasten baitute hola haurrek jendetasun eta girixtinotasuna.

        Ez gerozkotzat behar duten guzia, ez; bainan hastapena, erroa, baitezpadako erro hura han dute hartzen haurrek, aitaren eta amaren besoetan; heien ahotik entzunak hobeki hartzen dituzte gogoan.

        Lan bat da, nahi baduzue, burrasoentzat hori, eta ez beti lan errexa; bainan erlisione zinezkoarekin haurren amodioa duten burrasoek ez bide dute hori baino lan maiteagorik; ez eta ere haurren onarekin berenarentzat lan beharragorik deus, Jainkoaren izena erakastea baino; haren beldurra bihotzean goizik sarraraztea baino.

        Urrikalgarri eginbide hori ahanzten dutenak, eta hobendun handizki.

        Are urrikalgarriago hobenik gabe eta bere nahiaren kontra eginbide horren betetzetik etsaiaren gaixtakeriaz gibelatuak direnak edo makurtuak.

        Haurrei burrasoek erakatsi on guziak utzarazten baitazkote oraiko eskoletan buruzagiek. Ez orok orotan, bainan ba ordean anitzek.

        Arrats batez, gorago aipatu harginak haurrak supazterrean bere ingurura bildurik nahi zazkoten otoitzak eginarazi. Bi zaharrenak mutiko neskatokoak dire; neskatokoa seroretan ibilki, mutikoa errientetan. Gauetik egunerakoa ezagun omen baitute, nola diren altxatuak eskolan bi haurrideak, bat erlisionearen arabera, bertzea erlisionerik gabe, eta gehiago dena erlisionearen kontra doazin asko solas adituz eta ikasiz.

        Bi haur toki berekoak, burraso beren umeak, etxean elgarrekin altxatuak... eta zoin guti elgar iduriak ja!

        Aitak oihu egiten deie: «Zatozte haurrak, egin dezagun orok multxoan arratseko otoitza».

        Neskatokoa heldu da ixil-ixila berehala aitari obeditzeko, eta dakielakotz eskolan ikasia: ez dela girixtino izena merezi duenik oherat joaiten otoitz egin gabe.

        Mutikoa gordeka, ez nahiz bildu burrasoekin eta haurridekin otoitzaren egitera. Eta ez baitzuen lehen aldia iheska zabilala, gero ta hotzago eta bihurriago haur dohakabea, oihu samur bat egin zion aitak: «Zer duk hik gurekin otoitz ez egiteko? —Deus ez, aita. —Hik ba zerbeit. Errak zer dukan. —Errientak erran dauku eskolan ez dela otoitz egiterik, zeren ez baita Jainkorik».

        Hitz itsusi lazgarri hoik haur hotz baten ahotik, bere haurraren ahotik aditzearekin, amari nigarra jauzi omen zitzaion; eta haurraren aita, hargin gizagaizoa, bihotza ilunik joan zen arrats hartan oherat.

        Ene adixkideak zionaz, burraso langile heiek beren haurrak partituak zituzten, ororekilakoa egin nahiz: neskatokoak erlisioneko eskolarat, mutikoak erlisione gaberat.

        Bizi nahi, eta ez haizu haurrak girixtinoki altxatuz, bizitzerat.

        Zenbat holako Frantziako zokoetan!

        Eta gero Jainkoa zertako dugun ote samur, estonatuko gira gu!...

 

Eskualdun Ona, 1906-09-28

 

aurrekoa hurrengoa